2024-11-22
InicioNotasZerbitzu PublikoakOSAKIDETZAN EPE SISTEMA BERRI BATERAKO LAB SINDIKATUAREN PROPOSAMENA

OSAKIDETZAN EPE SISTEMA BERRI BATERAKO LAB SINDIKATUAREN PROPOSAMENA

Osakidetzan beste EPE baten aurrean gaude. LABek denbora luzea darama orain arte erabilitako EPE sistema arbuiatzen, eta asko dira argudioak, gainera. Baina, batez ere, kritika garrantzitsuena EPEaren helburua bera da: lanpostu kopurua, hain zuzen.
LABek aspaldi salatu du osasun zerbitzu publikoaren gainbehera, osasun pribatuaren mesedetan. Honek zera suposatzen du Osakidetzan: lan karga handiagoak, kontzertaziorako lan-ordu estra gehiago, klinika pribatuetara paziente gehiagoren bideratzea, eta Itxaro-zerrendak gero eta luzeagoak.

Politika hauek guztiek erabat baldintzatzen dute EPEa, ezin eskasagoa dena. Hauxe bera da Mahai Orokorreko Akordioa ez sinatzeko arrazoietako bat, gobernuak inposatutako soldaten murrizketek bertan behera utzarazitako Akordioa bera.

Behin eta berriro eskatu arren, Osakidetzak oraindik orain ez du burutu ENPRESA PLANA, zeinak adieraziko baitigun zein epetan zenbat plaza behar dituen gure osasun sistemak.

Deskontrola erabatekoa da. Osakidetzak berak ez daki zehatz-mehatz zenbat plaza aterako dituen datorren EPEan.

Mahai Orokorreko Akordioa kritikatu genuenean esan genuen onarturiko plaza kopurua ez zela nahikoa. Plaza kopuru horrekin gaur egun jadanik okupaturik dauden lanpostuak behin betikotu baino ez dira egingo, baina lan-kargak ez dira arinduko ezta zerbitzuaren kalitatea hobetu ere.

EPE sistema

LABekook uste dugu Osakidetzak darabilen oraingo EPE sistema desegokia dela eta ez dituela osasungintza publikoaren beharrak betetzen, ezta Osakidetzako hauta-frogetan parte hartzen duten herritarrenak ere. Egungo modua, oposaketetan zein horietatik eratorriko kontratazio zerrendetan, ilun, irregular eta oso latza da. Honek guztiak hautagaiak nahastea dakar eta, era berean, askotan ondorio larriak dituzten hanka sartzeak egiten dituzte. Biztanleria ezin da zoratu prozesuak behin eta berriro aldatuz, gero eta teknika zailagoen bitartez. Ezta prozesuak hamaika bider errepikatuz ere eta milaka pertsona berriro ere EPE prozesuaren kalbariotik pasarazi.

Ikus ditzagun oraingo egoeraren adibide batzuk baino ez direnak:

• Azken EPEa 2008koa da eta 2011n, oraindik ere, konpontzeke dago.

• Proben artean desberdintasunak daude. Azken urteotan kategoria batzuetan galdera –sortak erabiltzen dituzten bitartean, besteetan gai-zerrendak mantentzen dituzte.

• Galdera-sortetan goitik beherako nahasmena dago. Galdera askotan akatsak daude, beste askok ez daukate erantzunik. Horregatik, nork bere kasa bilatu behar ditu erantzunak. Honek guztiak ziurtasunik eza eragiten die aurkeztu nahi dutenei. Gainera, zenbait argitaletxe pribatuk galderen ingurukoak argitaratuz hautagaiak erostera behartzen dituzte eta honek, gehiegizko tasez gain, beste gastu bat dakarkie. Euskarazkoak ez dira inoiz garaiz heltzen, eta abar.

• Izena emateko era deialdi batetik bestera aldatzen dute eta gero eta zailago bihurtu: pasa-hitza eskatu, ordenagailuan datuak sartu, kategorien araberako agiriak baliokidetu eta bestelakoak. Ondorioz, askok txarto egin eta ezin dira aurkeztu.

• Lanposturik eskuratu ez eta kontratazio-zerrendetan parte hartu nahi dutenei beste eskari bat betearazten diete, nahiz eta EPEa egin zutenetik 2 urte edo gehiago pasa diren… Honen ondorioz ere, jende asko kanpoan geratzen da, epeak amaitzen zaizkie…

Eta honela, luze jarrai genezake.

Beraz, beharraz jabetuta eta oraingo burokraziaren makinariaren ondorioak pairatzen dituzten behin behineko langileek egiten dituzten aldaketa aldarriak kontuan hartuta, LABekideok EREDU ALDAKETA proposatzen dugu.

EPE eredu berriaren oinarriak:

• Bete barik dauden lanpostuak betetzeko zein plantila handitzeko EPE deialdiak urtero edo bi urterik behin egingo dituzte. Prozesua honelakoa litzateke: OPOSAKETA-LEHIAKETA, galdera-sorta modukoa (Administrazioak erantzun zuzenak nahi duenaren esku utzi beharko lituzke) eta horri Euskararen betekizuna, lanean emandako denbora eta formazioa gehituko litzaizkioke.

• Orain arte formazioa baloratzeko irizpideak berraztertu behar ditugu eta edonorentzat gehiegikeriak ekidingo dituzten arauak ezarri. Izan ere, horrela formazioaren ingurukoak on-lineko produktuen salerosketa bezalakoak izatea saihestuko dugu eta zenbait erakunderen negozio itzela ere bai.

• Behin probak eginda, oposaketa-lehiaketan lortutako emaitzekin zerrenda bat osatuko litzateke. Gaindituko luketenek (erantzunen erdia zuzen) berdintasun, meritu eta gaitasuna kontuan hartuta, Osakidetzan sartzeko lehenengo pausoak eginda edukiko lituzkete eta, horregatik, ez lukete berriro beste EPE batera aurkeztu beharko, emaitza hobetzeko helburuagatik ez balitz. Oposaketa-lehiaketa horretan eskuratutako puntuazioa hurrengo deialdietarako gordeko litzateke eta deialdi bakoitzean, azterketa berriro egin nahi ezean, merituak baino ez lirateke gehituko (batzuetan meritu hauek Osakidetzak ofizioz aurkeztu beharko lituzke).

• Deialdi bakoitzean kategoriaren araberako zerrendak eguneratuko lirateke (oposaketa-lehiaketaren emaitza). • Deialdi bakoitzaren ostean eta zerrendak eguneratuta, plazak ordena zorrotzaren arabera banatuko lirateke. Gainontzekoak kontratazio-zerrendetara pasako lirateke, eskatutako lanpostua kontuan hartuta.

• Epai-mahaietan parte hartuko dutenak libratzea proposatzen dugu, deialdi bakoitzaren inguruko erabaki guztiak ahalik eta azkarren hartzearren.

EPEtik eratorritako kontratazio-zerrendak

• Lanpostu bakoitzari dagokion hizkuntza eskakizuna errespetatzea, epe luzeko kontratazioetan zein epe laburrekoetan eta orain egiten ez dena.

• Euskara ezagupena eta formazioagatiko merituak eten barik egiaztatzea eta lanean emandako denbora urtean hiru aldiz eguneratzea.

• Administrazioak EPEra aurkeztutakoak kontratazio-zerrendetan jasoko ditu ofizioz. Horretarako, hautagaiek eurek adieraziko dute EPErako eskabidean zer-nolako zerrendetan egon nahiko luketen, hau da, epe luzeetakoetan edota laburretakoetan. Era berean, zein Sailetan, zein zentrotan eta zein kontratu mota interesatzen zaien adieraziko dute.

• Zerrenda espezifikoei ezetz borobila esaten diegu. Aukera hau baztertzeko planteatzen dugu Administrazioak berak eman beharko lukeela lanpostuari dagokion ezinbesteko formazioa, kontrataziorako aldez aurretiko formazioa beharko balitz. Salbuespeneko kasuetan Osakidetzak eskainiko lieke kontratatu aurretiko formazioa kontratazio-zerrendetakoei.

• “Leihatila bakarra” burokrazia murrizteko eta agiriak behin eta berriro aurkeztu behar ez daitezen. Horretarako baimena duen edozein zentrotan aurkeztutako edozein agiri betiko geratuko litzateke egiaztatuta, dagokion Administrazioan.

• Tasak kentzea. Administrazioak argitaratuko luke ikasteko beharrezkoa den materiala, eta Internetetik eskuratzeko moduan. Baten batek paperean nahiagoko balu, koste hori baino ez luke ordaindu beharko.

• Desgaitasuna duten pertsonen partehartze parekidea, ez soilik EPEan, kontratazio-zerrendetan ere.

• Eguneratuko diren kontratazio-zerrendak eskuragarri jende guztiarentzat, internet-en bidez. Honela, edozein izangaik kontratazioaren kontrola egin ahal izango du.

Proposamen honen helburuak

• Osasun Administrazioko sarbidea erraztea, herritarren eskubideak murriztu gabe eta bermatuz; burokraziaren akatsak eta honelako deialdien alderdi negatiboak saihestuz.

• Prozesuak arrazionalizatzea.

• Mota guztietako irregulartasunak ekiditea.

• EPEen inguruko negozioekin amaitzea: argitaletxeak, gaien publikazioak, akademiak, tasak.

Hau da, LABek era garden eta eragingarria den osasun sistema publikoaren aldeko apustu irmoa egiten du, euskal herritarren behar eta eskariei erantzuten diena. Sistema euskaldun, hurbil eta kalitatekoa. Gure proposamena hortik doa.

Bilbon, 2011ko martxoaren 7an

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Los presupuestos del nuevo Gobierno Vasco se han realizado sin participación de las y los trabajadores

LAB muestra su disposición a hacer propuestas concretas junto con la voluntad de abordar el debate de fondo, subrayando que es hora de hacer políticas a favor de las y los trabajadores.

Convocamos huelgas los días 5 y 7 de diciembre en la hostelería de Araba por un convenio digno

Los y las trabajadoras de hostelería de Araba llevan cuatro años sin convenio. Cuatro años sin reducir la jornada, cuatro años sin aumentos salariales y por lo tanto, perdiendo poder adquisitivo. Cuatro años sin nuevas medidas de conciliación, sin nuevos permisos.

Hemos revelado la muerte de 5 trabajadores más en 2024 y exigimos al Gobierno de Nafarroa que adopte medidas que pongan fin a las...

El sindicato LAB ha informado hoy sobre la muerte en 2024 de cinco trabajadores navarros más en accidente laboral, además de los que ya estaban contabilizados. Por tanto, en lo que va de año, Navarra ha superado todas las cifras de los últimos años, con 26 muertes por accidente laboral en 2024. Ante esta grave situación, LAB cree que los intereses corporativos de los empresarios de la patronal CEN y de los sindicatos UGT y CCOO integrados en el Consejo del Diálogo Social no pueden prevalecer sobre la salud y la vida de los trabajadores y trabajadoras, por lo que exige al Gobierno de Navarra que active el Consejo Navarro de Salud Laboral en el que se acuerden las medidas necesarias para corregir la situación.