Bihar, ostirala, goizeko 11.00etan LAB eta ELAko delegatuek elkarretaratzea egingo dute Gasteizko udaletxe aurrean, udal eta foru langileen lan baldintzak arautuko dituen lan hitzarmenaren alde. Biharkoa gehiengo sindikalak (tokiko entitateetako langileen %85 ordezkatzen duena) azken asteotan deitzen duen bosgarren mobilizazioa da.
Iazko maiatzean EUDEL, Eusko Jaurlaritza eta hiru herrialdeetako Aldundiek Madrilek inposatutako soldata murrizketak bakoitzaren eremuan ezartzeko irizpideak adostu zituzten. Langileon eskubideei eta negoziazio kolektiboari egindako urraketa larria izateaz gain, kapitalak Sektore Publikoa husteko estrategian beste urrats bat suposatu zuen. Egun zerbitzu publikoak murrizten ari dira, eta langile publikoen eros-ahalmena ia %8 murriztu da.
UDALHITZ marko sektorialaren beharra azpimarratzen dugu sindikatuok, jendeartearentzako kalitatezko zerbitzu publikoak udalerrietan ere bermatzeko, eta toki erakundeetako langileen lan baldintza duinak ziurtatzeko. Hain zuzen ere berme faltagatik, negoziazio prozesuari heltzeko oinarrizko bermerik ez dagoelako eten genuen aurreko astean mahai negoziatzailean geure parte hartzea.