LABek "Euskadiko Segurtasun Publikoko Sistemaren Antolamenduari buruzko Legearen aurreproiektua" ezagutu eta berau sakonki aztertu ostean bere aurkako posizioa kaleratu nahi du.
Lege honek Udaltzaingoaren eta Ertzaintzaren irudia bateratzeko joera garbia du, beti ere Udaltzaingoak Barne Saila eta Ertzaintzaren menpeko bihurtuz. Udal autonomia zuzenki erasotzea suposatzen du.
PNV Euskal Polizia lege berritu batean lanean hasi zen, eta PSE norabide berean, haratago joan da: Segurtasun Publikoarekin loturiko zerbitzu guztiak (suhiltzaileak, anbulantziak, udaltzaingoak, babes zibila,…) Barne Sailaren kontrolpean jarri ditu, herritarrei eskaini beharreko zerbitzuetan sakondu beharrean.
Lege honek ertzainen sarrera bideratzen du udaltzaingoetan, udaltzaingoetako kidegoan dauden langileen eta euren karrera profesionalaren kaltean.
Proposatzen den disziplina erregimena berriki lege organiko bitartez Policia Nacional delakoarentzat onarturikoa baino gogorragoa da. Beldurra eta kontrol politikoa areagotzeko hamaikagarren saiakera da.
LABek negoziaketa esparru hau salatzen du baztertzailea delako eta Barne sailak tutela hartzen duelako, udalen aktibitatean esku-sartze garbia eginez.
Era berean, ELAk prozesu osoan izandako jokabidea salatu nahi dugu, Barne Sailaren menpe dagoen "udaltzaingoen koordinaziorako batzordean" parte hartzen duelako. Udal langile guztien ordezkari bakarra ELA izanik bere interes korporatiboak soilik defendatzen ditu, eta ez diogu proiektuaren sorrera osoan jarrera kritikorik antzeman.
Udaltzainen kolektiboa Herri Administrazioan lan egiten duten langileez osatua egonik euren eginbehar eta eskubideak udaletan lanean diharduten gainontzeko langileen berberak dira. Ondorioz udaltzainaren lanpostuak dituen baldintza espezifikoak negoziatu ahal izateko mahai baten osaketa eskatzen dugu.
Donostian, 2011ko otsailaren 2an