LAB-ELA-ESK-EILAS-HIRU-k eguerdian deitutako manifestazioa hain izan da erraldoia, ezen zaila egiten baita jende kopurua kalkulatzea.
Estimazio ezberdinen arabera, 30.000 eta 40.000 artean egon daiteke kopuru erreala. Manifestazioaren burua Gaztelu Plazatik abiatu da, ibilbide osoa egin du eta berriro Gaztelu Plazara iritsi denean, oraindik milaka lagun zeuden bertan, atera ezinik. Alegia, ibilbide osoa jendez beteta zegoen (Amaia kalea, Merindades, Baja Navarra, Principe de Viana, Yanguas y Miranda, Sarasateko karril bat) eta milaka batzuk zeuden Gaztelu Plazan eta inguruetan (Txapitela, Carlos III ingurua). Txapitela eta Mercaderes kaleetan, Txantreatik zetorren zutabea blokeatuta geratu da, Plazan sartu ezinik.
Zutabeak ere oso jendetsuak izan dira, bereziki Txantreakoa eta Atarrabiakoa.
Adin nagusiko jendeak ziurtatu du ez duela sekulan ikusi horrelako manifestaziorik Iruñean.
Bortziri, Tafalla, Lizarra eta Tuteran ere manifestazioak izan dira, kasu honetan LABek deituta. Kasu honetan ere, espektatibak gainditu dira: 600 Bera eta Elizondo artean, 2.000 Tafallan, 1.500 Lizarran eta 1.200 Tuteran.