2016rako aurrekontuak aztertu ondoren ondorio garbia ateratzen dugu: langileen lan baldintzetan eman diren murrizketen egonkortasuna bilatzen da. Modu horretan soilik ulertu daiteke langileen ordainsari eta lan baldintzen okertzean oinarrituta egin direla beste behin ere datorren urteko aurrekontuak.
Hezkuntza Sailak maiz aipatzen dituen inklusibitatea eta etengabeko ikaskuntza atalek murrizketak pairatzea salagarria da. Nola egingo dugu posible jendarte osoari begirako eta bizitza osoan zeharreko ikaskuntzarako hezkuntza eredua? Hezkuntza sistemaren euskalduntzeari dagokionean ere murrizketak jasotzen dira.
Ikastola eta Gizarte Ekimeneko hezkuntza itunetan 2009ko kopuruetatik gertu bagaude ere (2009!), bestelako atal batzuetan ematen diren murrizketekin , 0-3an kasu, balorazio gazi-gozoa egin beharrean gaude. 0-3 urteko esparru horretako murrizketak Haurreskolak Partzuergoan ere eragiten du, langileen gastuetan pairatzen delarik.
Unibertsitateari dagokionean, ez nahikotasuna dute ezaugarri nagusia. Ekarpen arruntean 2010ekoarekiko 30 milioiko murrizketa mantentzen da, harrezkero urtetik urtera errepikatzen ari dena. Ekarpen horrek langileen soldatak finantzatzeko besterik ez du emango. Aurrekontu hauek arriskuan jartzen dute ordainsari gehigarrien inguruko dekretua betetzea dute, behar direnak baino 5 miloi euro gutxiago aurreikusten direlako. Bestalde, 2015ean EHUrekin sinatutako kontratu-programa ez du beteko Eusko Jaurlaritzak, adostutako 150 lanpostu ohiko finantziaziotik kanpo utziz eta hauen etorkizuna kolokan jarriz. Murrizketen metaketa honek eta urteari dagozkion ordainketak atzeratzeko joerak EHUk behar duen finantziazio arazoa areagotu egiten dute, itotzeraino.
• Etengabeko Prestakuntza eta Etengabeko Ikaskuntza ataletan ematen den inbertsio eskasa. Etengabeko ikaskuntzan jaitsiera dagoelarik.
• Hezkuntza Sistemaren Euskalduntzean jaitsiera ematen da 2009koen azpitik geldituz. Lanbide Heziketan dagoen euskararen ezagutza-ezaren gainean erantzunik ez.
• Ordezkapenetarako kopuruak punturik baxuenetan mugitzen dira. Ordezkapenak ez dira betetzen?
• Lan Osasuna: Langileei arreta psikologikoak eta arriskuak aurreikusteko prestakuntzak jaitsierak pairatzen dituzte, lan arriskuen analisi eta ebaluazioak mantentzen diren bitartean. Hiru esparru hauek prebentzio erreala emateko nahitaezkoak dira. Arrisku Psikosozialek irakaskuntzan duten pisua geroz eta handiagoa dela ikusita, hauetan ematen diren murrizketak ez ditugu ulertzen. Iazko aurrekontuetan Lan Osasunaren atal honetako hainbat ekimenetarako bideratutako 300.000 eurotatik 232.000 euro enpresa pribatuetara joan ziren. Zergatik horrenbeste kanpo-kontratu? Ez litzateke posible Hezkuntza Saileko Prebentziorako plantila handitzearekin kudeatzea?
• Lanbide Heziketak jaitsiera pairatzen du.
• Zerbitzuetako Laboralak: Hezkuntza Sailak behingoagatik argitu beharko liguke zer nolako ikastetxeak nahi dituen, sukaldeekin ala sukalderik gabe. 2009ko aurrekontuen kopuruetan mugitzen ari garela ikusita… Garbitzaileen kolektiboarekin ere, beste horrenbeste. Ia guztiz pribatizatutako esparru batekin aurkitzen gara eta ez dute inolako urratsik ematen zerbitzua berreskuratzeko.
• Heziketa Berezirako esparruari dagokionean inklusibitatearen eremuan aurrerapausorik ez dugu somatzen. Salagarria da guztiz, inklusibitatearen gaiarekin ahoa betetzea eta gerora, benetan inolako esfortzurik ez egitea.
• Haurreskolak.
Eusko Jaurlaritzak eta Haurreskolak Partzuergoko Zuzendaritzak aurrekontuak egiterako orduan berriro ere engainatzen ditu jendartea, haurreskoletako familiak eta langileak. 2014ko auditoria aztertu eta gero, aurrekontuetan partida faltsu baten erabilera salatu genuen (3,8 miloi eurotakoa). Partida honen helburua aurrekontuak handitzea zen, baina ezin zen gastatu. Gezurrezko partida honekin, argi gelditu zen diru publikoarekin egiten den erabilera zikina.
2016ko aurrekontuetan, berriro ere murriztu dituzte Partzuergoko aurrekontuak. %2,5eko murrizketa aplikatu dute (1,335 milioi eurotakoa). Eusko Jaurlaritzak Partzuergorako aurreikusten duen diru partida handitu arren, zor diguten aparteko ordainsariaren zati bat ordaintzeko gordeta izan behar zuten dirua da igoera txiki hau. Ez dute inolako asmorik adierazi, tasen egokipenaren ondorioz, familiek gutxiago ordaintzeagatik diru sarreretan dagoen jeitsiera konpentsatuko denik.
Gogoratu behar dugu, tasen egokitzapenarekin, diru sarrera gutxiago egongo zirela aurreikusten zela, baina, beste aldetik, bekak kenduko zirenez, jeitsiera hori konpentsatuko zela beken diruarekin. Baina, non dago beken dirua? Zergatik ez da konpentsatu familien diru sarreren murrizketa? Nork ordaindu du jaitsiera hau? Zergatik murriztu dira langile gastuak? Langileok ordaindu behar al dugu kuoten egokitzapena?
Azkenik, 0-3 urteko zikloak daukan garrantzia kontuan hartuta, funtzio asistentziala betetzeaz gain, etapa honek daukan helburu hezigarria ahaztu gabe, ziklo honen doakotasuna aldarrikatzen jarraitzen dugu.
• Ikastolak.
o 2009ko aurrekontuak gainditu dira. Atal batzuetan ordea, murrizketak mantentzen dira jarraian ikusten moduan.
o Hezkuntza laguntza espezialisten atalaren jaitsiera ematen da.
o Aurre erretirorako partida, gero eta txikiagoa da.
o 0-3rako kopuruak izoztuta mantentzen dira jaitsiera baten ostean.
o Ordezkapenetarako diru partida 2016ko irailetik aurrera %3tik %4ra pasa liteke.
• Gizarte Ekimena.
o 2009ko aurrekontuak gainditu dira. Atal batzuetan ordea, murrizketak mantentzen dira jarraian ikusten moduan.
o Hezkuntza laguntza espezialisten kasuan: hiru milioi gutxiago jasota daude.
o Aurre erretirorako partida gero eta txikiagoa da.
o 0-3 zikloa: 2015eko 4 milioietako murrizketa egonkortzen da.
o Oinarrizko Lanbide Heziketa: ikastetxe batzuk lehenengo kurtsorako ituna eskatu dute eta horrela jasota dago. Bigarren ikasturtea nola finantziatuko den finkatzeke.
o Ordezkapenetarako diru partida 2016ko irailetik aurrera %3tik %4ra pasa liteke.
• Unibertsitatea:
o Aurrekontuaren ez nahikotasunak tasak igotzeko presioa areagotzen du.
o Ekarpen arruntean 2010ekoarekiko 30 milioiko murrizketa mantentzen da.
o Ordainsari gehigarriak ordaintzeko behar direnak baino 5 miloi euro gutxiago aurreikusten dira.
o 2015ean EHUrekin sinatutako kontratu programa ez du beteko Eusko Jaurlaritzak, adostutako 150 lanpostu ohiko finantziaziotik kanpo utziz.
o Murrizketen mantentzeak arriskuan jar dezake dozentzia modu egokian emateko baliabide nahikorik izatea (praktikak, laborategia, liburuak,..).
Panorama guzti hau ikusita, hezkuntza esparruari ere koherentzia eman beharrean gaudela iruditzen zaigu. Euskal hezkuntza ahalik eta modu zabalenean, koherenteenean eta betekizun zehatzen baitan barnebilduko lituzkeen aurrekontu batzuetara jauzi eman beharra dago. Oso argi dugu BPGetik hezkuntzara bideratu beharreko inbertsio portzentaiak hezkuntza esparruan Europan herrialde aurreratuenekin parekatze bidean jarri beharra dugula. Soilik horrela, inbertsio horiekin, biharko euskal jendartea izango dena, zor zaion hezkuntza kalitatearekin hezitua izateko aukera emango baitiogu. Hau horrela izanik ere, ez dugu hezkuntzaren hobekuntza ekonomian soilik oinarritu nahi. Honela bada, lehen esan moduan, hezkuntza esparruan koherentzia bilatzeko asmoz, hezkuntza lege berri baten beharra ikusten dugu. Lege honek gaur egungo legediak dituen mugak gainditzera eraman beharko gintuen, Euskal Herriaren kohesiorako baliagarria izan beharko luke eta hezkuntza oinarrizko zerbitzu publikotzat aitortu. Horrekin batera euskal jendartearen beharretara guztiz egokitutako hezkuntza sistema berri bat antolatu behar dugu, ez estatuen legedien beharretara egokitutakoa.