2025-03-26
HomeEkintza SindikalaErrepresio sindikalaren aurrean, ez dugu ekintza sindikalean atzerapausorik egingo

Errepresio sindikalaren aurrean, ez dugu ekintza sindikalean atzerapausorik egingo

Gaur LABeko bi kide epaitu dituzte Donostian, 2022an, adinekoen egoitzetako hitzarmenaren testuinguruan, errepide bat mozteagatik. LABek, bi kide horiei bere elkartasuna helarazteaz gain, poliziak jarritako salaketa gaitzetsi nahi du. Langileon lan eta bizi baldintzak hobetzeko LABen ekintza sindikala kriminalizatu nahi izan dute beste behin.

Pribatizatutako zaintza zerbitzuetako langileok aspalditik gure lan eta bizi eskubideen defentsan borrokarako prest gaudela aldarrikatu dugu. Borroka horietan, bide ezberdinak jorratu ditugu, guztiak ere gure lan baldintzen hobekuntza ekarriko dutela konbentzituta. Asko izan dira borroka sindikalaren bitartez lortutako garaipenak, baina askotan nekeza egiten zaigu aurrerapausoak lortzea. Izan ere, Gipuzkoako Foru Aldundiak etengabe egin die entzungor adinduen egoitzetako langileen behar eta aldarrikapenei, ez du gure lan publikoa aitortzen eta enpresa pribatuen esku uzten ditu gure lan baldintzak. Patronalek negozioa egiten jarraitzen dute gure lan indarrarekin, adinekoen zaintza duinari ez diote erreparatzen.

LABetik Gipuzkoako Aldundiak zaintza zerbitzuak pribatizatzeko duen estrategia salatu nahi dugu. Adinekoen egoitzetako langileok lan publikoa egiten dugula aldarrikatzen dugu, eta horren alde borrokatzen jarraituko dugu. Pribatizazioari eta instituzioen eta patronalen arteko negozioari ekintza sindikalaren bitartez erantzungo diegu, nahiz eta gure borroka kriminalizatu nahi duten.

Gaur borroka sindikala jazarri dute, gure bi kide epaituz. Errepresio sindikalaren aurrean, baina, ez dugu atzerapausorik egingo ekintza sindikalean. Zaintza zerbitzuen pribatizazioak miseriara kondenatzen gaitu, eta ez dugu tresna errepresiborik onartuko gure lan eta bizi baldintzen hobekuntzaren bidean.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko hezkuntza publikoko irakasleek gaur Bilbo, Donostia eta Gasteizko kaleak hartu dituzte

Greba zikloaren seigarren grebak jarraipen zabala izaten jarraitzen du.

LABek salatzen du Guardianeko langileak ez direla inoiz lehentasuna izan Eusko Jaurlaritzarentzat

Mikel Jauregui Eusko Jaurlaritzako Industria sailburuak, astearte honetan Eusko Legebiltzarrean egindako agerraldian, zenbait baieztapen egin ditu eta agerian utzi du Guardian enpresako langileak eta haien lanpostuak ez direla inoiz lehentasuna izan Eusko Jaurlaritzarentzat.

[IRITZIA]: Erreforma fiskalari, bai. Blokeoari eta iruzurrari, ez

Jarraian duzue Gorka Vidal sindikatuko ekonomilariak fiskalitatearen inguruan idatzitako iritzi-artikulua.