2024-12-22
HomeEkintza PolitikoaErrekuperazio, Eraldaketa eta Erresilentzia Planaren tramitazio prozesuaren opakotasuna salatzen dugu

Errekuperazio, Eraldaketa eta Erresilentzia Planaren tramitazio prozesuaren opakotasuna salatzen dugu

Informazio eta gardentasun falta Europako funtsak langileriak eskatzen eta behar dituen lehentasunak bere jardueraren erdigunean kokatzeko diseinatuta ez daudela adierazten duen beste sintoma bat da.

Espainiako Gobernuak Eraldaketa eta Erresilientzia Berreskuratzeko Plana onartu zuen asteartean Ministroen Kontseiluan, eta gaur zen Europako Batzordeari igortzeko azken eguna. Planak 20 trakzio-programa eta 110 inbertsio-eremu ditu, baina oraindik ez ditu zehazten Europar Batasunera bidaliko diren proiektu zehatzak. Next Generation EUren onarpena eta izapidetzea inguratzen ari den prozesu opakoaren beste kapitulu bat baino ez da hau.

Ildo beretik, gogoratu behar da 36/2020 Dekretutik eratorritako lege-proiektua onartu gabe dagoela oraindik, eta hainbat aldiz luzatu dela haren izapidetzea; horrek ziurgabetasun handiagoa gehitzen du aipatu prozesuan. PERTEak onartzea, hala nola proiektu estrategikoak izapidetzeko sozietate-figurak eta kontratazio publikoaren bermeetan baldintzak jaistea salatzen ari garen opakotasunaren beste adibide bat dira.

Gauzak horrela izanik ere, Europako funtsak jaso ahal izateko egingo dituen erreformak bai zehaztu ditu Espainiako Estatuak bere dokumentuan. Aurkeztutako planean jasotzen diren erreformen artean, pentsioen erreforma, lan erreforma eta erreforma fiskala daude. Bruselak mahai gainean jartzen dituen baldintzatzaile argiez harago, Estatuko Gobernuak lan- erreforma indargabetzeko erakutsi duen borondate eza gogoratu behar dugu.

Norabide berean, Toledoko Itunaren gomendioek eta pentsioen sistema publikoa ahultzeko Escrivá ministroak egindako proposamenak langile guztion eskubideei zuzenean erasotzen dituela deitoratu nahi dugu. Gobernuaren politika erregresiboaren zantzu argiak dira, besteak beste, pentsioaren zenbatekoa kalkulatzeko epea 25 urtetik 35era luzatzea edo 2011ko pentsioen erreforma sendotzea.

Aldi berean, zerga-erreforma sakon bati ekitea saihesten da. Beste behin ere, errenta altuak eta enpresa-mozkinak gehiago zergapetzeko egiturazko erreformen beharra aldarrikatzen dugu. Ez egitea murrizketa gehiagoren alde egitea da.

Aipatzekoa da ere, oso esanguratsua izaten ari dela aholkularitza-enpresa handiek eta enpresa transnazionalek planaren diseinu-prozesu osoan izan duten presentzia, bai planaren arau-garapenean, bai haren ondoriozko jarduera-ildo estrategikoen eta proiektuen prestakuntzan. Lankidetza publiko-pribatua klientelismoan eta 2008ko krisian ere funtzionatu zuen estrategian laburbiltzen da: etekinak pribatizatzea eta galerak sozializatzea.

Beste behin ere ikusten ari gara Euskal Herriko langileriaren etorkizuna Madrilen eta Bruselan erabakitzen dela. Aldiz, erabaki eta politika horien ondorioek eragin nabarmena dute euskal langileen bizi-baldintzetan. LAB sindikatutik argi daukagu kapitalaren bira berriak, hazkunde berdearen eta digitalaren eskemarantz, langileen interesekin aurrez aurre talka egiten duela.

LABetik berriro diogu beharrezkoa dela gizarte-eztabaida bat egitea osasun-larrialdiak sakondu dituen krisiei aurre egiteko egin behar den trantsizioari buruz. Ezin digute eztabaida hori lapurtu. Egungo sistema ez da ez sozialki ezta ekologikoki bideragarria. Bizitzaren merkantilizazioaren aurrean, langileon beharrak erdigunean jarriko dituen trantsizio ekosozialista eta feminista beharrezkoa da; jarduera ekonomikoaren ardatza publikoan jarriko duena, aberastasuna, lana eta enplegua ikusarazi eta banatuko dituena, jasangarria eta interdependentea izango dena, eta pentsio-sistema eta langile guztientzako lan-baldintza duinak babestuko dituena.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...