Errauskailuaren aurkako mugimenduak “Erraustegiaren gezur handiaren aurkako gose greba” abiatu zuen ekainaren 14an. Ekimena ekainaren 21a arte luzatuko da Donostiako Easo plazan, eta egun bakoitzean ekimen desberdinak egingo dituzte. Gaur, LABeko Idazkari Nagusi Garbiñe Aranburuk bisita egin die gose grebalariei, eta sindikatuaren babesa adierazi die.
Garbiñe Aranburuk azaldu ditu proiektuaren aurka egoteko arrazoiak, Easo plazan bertan egindako adierazpenetan: "Errauste planta ez da beharrezkoa eta, gainera, hondakinen gaiari beste irtenbide bat eman ahal zaio, bestelako politika batzuk sustatu; lehenik eta behin, hondakin gutxiago sortzeko eta, ondoren, sortzen diren hondakin horiek birziklatzeko".
Gipuzkoako Foru Aldundiak eztabaida soziala ezkutatzeko borondatea duela salatu du, proiektuaren kontra herritarren sektore zabal bat dagoenean: "Jarraituko dugu borrokatzen eta proiektuaren aurkako dinamikak laguntzen eta bultzatzen. Hainbat urtetarako hipotekatuko gaitu proiektuak, inbertituko duten dirutza herritarren kalterako izango baita; politika soziala edo ingurumenari dagokionez, esaterako". Azken finean, proiektuak elite ekonomikoei, eraikuntza enpresei eta finantza erakundeei mesede egingo diela berretsi du Aranburuk.