2024-12-22
HomeZerbitzu PribatuakBidaiarien garraioaErosahalmena bermatzeko aukera salduta uzten du Bilbobuseko aurreakordioak

Erosahalmena bermatzeko aukera salduta uzten du Bilbobuseko aurreakordioak

UGT, CCOO eta USO sindikatuek enpresarekin sinatutako proposamenak indarraldiko urte bakar baterako ere ez ditu lotzen soldata igoerak KPIarekin. LABen uste dugu akordioan jasotako hobekuntzak eskasegiak direla, aintzat hartuta langileek urte erdi baino gehiago daramatela kalean gogor borrokatzen.

Aurreakordio hori azkenean berresten bada, Bilbobusen historikoki negoziazio kolektiboaren oinarri izan den puntu nagusia, ordainsarien igoera KPIari lotuta mantentzea, alegia, behin betiko lurperatuta geratuko da eta etorkizuneko negoziazioetan berreskuratzea ezinezkoa izango da. LABen argi daukagu soldatak KPIarekin lotzea dela langileak ez pobretzeko bidea. Izan ere, aurrerantzean soldata-igoeretarako erreferentzia-indizea funtzionarioen igoera izango bada, eros-ahalmena pixkanaka galduko dute Bilbobuseko beharginek; izan ere, funtzionarioek haiek hamarkada bat baino gehiago daramate salatzen etengabe ari direla eros-ahalmena galtzen.

Akordioa babestu duten sindikatuen jarrera gaitzetsi dugu; izan ere, orain, ia zazpi hilabeteko mobilizazioen eta hilabete baino gehiagoko greba mugagabearen ostean, gehiengo sindikalak esku-eskura jarri die enpresari eta udalari KPIarekiko lotura hori galtzea. Hala, hemendik aurrera, Madrilen unean-unean dagoen gobernuak ezarriko dizkie Bilbobuseko langileei beren baldintza ekonomikoak.

2023ko azaroan, enpresak 2022-2026 aldirako indarraldiko hitzarmen bat eskaini zuen, urte horietarako funtzionarioen igoerarekin. Orduan ezetz esan bazitzaien, zergatik igaro behar izan dira sei hilabete greban, azarokoaren hain antzeko zerbait adosten amaitzeko? 2022. eta 2023. urteetarako % 1,5eko hobekuntza (hasierako eskaintzarekin alderatuta) lortu izana argi eta garbi urriegia da, aintzat hartuta borrokaldia zazpi hilabetez luzatu dela.

Gainera, lanaldiaren %62an kontratatutako langileei dagokienez, 2022ko otsailean lan-poltsan zuten hurrenkeraren arabera igaroko dira beharginak %100ekoen taldera, oraingoz 5 pertsona baino ez. Are gehiago, kontratu-modalitate hori ez da desagertuko, eta geratzen diren lanpostu hutsak lan-poltsako behin-behinekoek beteko dituzte. Ondorioz, %62koen taldeak existitzen jarraituko du, baina beste pertsona batzuekin. Hau ez da arazo bat konpontzea, kronifikatzea baizik, eta gogorarazi du kolektibo horiek sortzearen onuradun bakarra enpresa dela, plantillaren zatiketa, langileen frustrazioa eta prekaritatea baino ez baitakarte.

Horrez gain, gogorarazi behar dugu Bilbobuseko beharginek ematen dutena funtsezko zerbitzua dela, Bilboko Udalak nahitaez eskaini beharrekoa. Hala, kontratua suntsiarazteko ultimatum-a langileen kontra erabiltzen ari diren presio-arma zikina baino ez da.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...