2024-12-22
HomeEkintza SindikalaErnairekin aliantza berritu eta indartu dugu, gazte prekaritatea jomugan

Ernairekin aliantza berritu eta indartu dugu, gazte prekaritatea jomugan

Gazteen egoera prekarioa egiturazkoa da, eta kapitalaren metaketa prozesuari erantzuten dio. Prekarizazio prozesua ezin da ulertu gizarteko beste prozesu batzuetatik aparte, herri langilearen eskubideen murrizketa progresiboari eta krisi sistemikoari lotuta baizik. LABek urteak daramatza egoera horren aurrean gazteen interesak eta klase interesak borrokatzeko beharra mahaigaineratzen. Behar horrek eraman gintuen Ernai gazte antolakundearekin dutenn harremana sendotzera, eta urrats bat gehiago eman nahi izan dugu orain: bi antolakundeen arteko aliantza indartu, eta Gazteon Lan Eskubideen Gida berritu dugu.

Gida hementxe eskuratu daiteke:

“Gazte langileei euren eskubideen jabe egiteko baliabide bat eskaintzen diegu, batetik. Horretarako, eskubideen jakitun izatea da lehen urratsa, eta gidak lehenik eskubide horien kontzientzia hartzen lagunduko die. Bestetik, behin eskubideen kontzientzia hartuta, eskubide horiek borrokatzeko gakoak ere eskaintzen ditu, eskubide horiek zabaldu ahal izateko tresnak. Eta, azkenik, eskubide murriztailea den markoa gainditu, lan harremanetarako eta babes sozialerako marko propioaren defentsan indarrak batu eta borrokarako deia ere egiten du”; hala azaldu ditu LAB sindikatuko Ekintza Sindikaleko arduraduna den Oihana Lopetegik eguneratu berri den gidaren nondik norakoak.

Pello Zabarte egon da aurkezpenean Ernai ordezkatzen, eta ekimenaren garrantzia nabarmendu du: “Gazteok belaunaldi krisia bizi dugu. Hau da, gure bizi baldintzak okerrera egin eta bizi eredu kapitalista eta patriarkala inposatzen zaigu, bizi proiektu duin eta egonkorrak garatzeko ezintasuna eraginez”. Hori dela eta, bizi duten zapalkuntza egoera partikularra deskribatu du: “Ikasketak luzatzera behartuta gaude, lana eta ikasketak uztartzea, zabor kontratuak gazteak izate hutsagatik, kontraturik gabe lan egiten, langabezia altuenetakoa dugun sektoreetako bat, lanpostuaren ziurgabetasunak eraginda antolatzeko beldurra…”. Horregatik guztiagatik uste du tresna eraginkorrak behar dituela langile gazteriak.

Honako hauek dira gidaren berritasun nagusiak:

  • 2021eko lan erreformak langileei esleitzen zizkien ustezko onura horiek ez dira onurak, eta lan erreforma horren benetako helburua eta filosofia azaleratu ditugu. Kontratazioan jazo diren aldaketak jaso ditugu, praktiketan eta kontratu ezegonkorretan jarriz arreta nagusia. Behin-behinekotasunarekin amaitzeko erreforma gisa saldu ziguten hark estatistikak nolabait aldatzeko helburu soila zuela salatu dugu, behin-behineko kontratu asko beste modu bateko ezegonkortasunarekin ordeztu baitituzte, estatistikak zertxobait aldatu bai baina gazte eta langileen egunerokotasuna berdin mantenduaz, prekario eta ezegonkor.
  • Bestetik, lan kontratu bat irakurtzeko gakoak ere jaso ditugu lehen aldiz, gazte batek bere lehen kontratua esku artean duenean arreta non jarri eta nola jokatu erakusten duena. Kontratuak, kasu askotan, iruzurrean egon ohi dira, ahoz esandakoarekiko gauza desberdinak jasotzen dituzte maiz eta gazteek tresna hori izatea eta momentu horietan nola jokatu eta arreta non jarri azalduko dien gida bat izatea gazte langileak ahalduntzeko tresna bat da.
  • Gidak beste hainbat atal ere jasotzen ditu: langileen eskubideen eta betebeharrak zeintzuk diren, non topatu bakoitzaren hitzarmen kolektiboa, kontraturik gabe lan egiten duten langileen eskubideak, lan kontratuaren amaiera edo kaleratzeetan eskubideak eta abar.
  • Bizilan.eus webgunearen erreferentziak ditu gidak. Edozein langilek bisitatu eta kontsulta dezakeen web orria da Bizilan, eta gida osoan zehar gai desberdinetan sakontzeko webgunera horretarako lotura zuzenak jaso dituzte.

Gida Ernairen nahiz LABen webguneetan eta bizilan.eus-en irakurri eta eskuratu ahal izango da. Hurrengo urratsa aurkezpenak egitea izango da, gida ahalik eta gehien zabaltzeko gazteen artean. Ernairen eta LABen artean aurkezpenak egingo ditugu fakultateetan, ikastetxeetan, gaztetxeetan zein bestelako eremuetan.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...