2024-12-23
HomeEkintza SozialaEremu juridikoan ere ama bakarren eskubideak berma daitezela aldarrikatu dugu

Eremu juridikoan ere ama bakarren eskubideak berma daitezela aldarrikatu dugu

Gizarte Segurantzak eta Espainiako Auzitegi Gorenak bat egin dute ama bakarren zaintza eskubideak ukatzeko estrategian. LABen, ordea, ama bakarren eskubideen alde egiten dugunez gero, erabakia onartezintzat jo dugu, eta zaintza eskubidearen garrantzia berretsi nahi izan dugu, dagokion eremu guztietan horien alde borrokatuko dugula ohartaraziz, baita eremu juridikoan bertan ere. Hori dela eta, mobilizazioa egin dugu gaur Gizarte Segurantzaren Gasteizko egoitzaren aurrean.

2023ko martxoaren 8an Espainiako Auzitegi Gorenak epai bidez ebatzi zuen ama bakarrek zaintza eskubide gutxiago izanen dutela bi gurasoko familiek baino. Izan ere, ordura arte hainbat auzitegi onartzen ari ziren, ama bakarrei bi gurasoko familien pareko prestazioa onartzea; hau da, 16 asteko bi gurasotasun prestazio pilatzeko aukera: 32 asteko gurasotasun prestazioa izatea guraso bakar batek. Orain, Auzitegi Gorenaren epaiaren bidez, ukatu egiten da baimenak gehitzeko aukera hori. Ondorioz, ama bakarreko familiek, orotara, 16 asteko zaintza baimena izanen dute, eta bi gurasoko familiek, aldiz, 32 astekoa.

Gizarte Segurantzak ere antzerako bidea zuen hartua lehenagotik. Izan ere, kasu gehienetan bi gurasotasun baimen metatzeko aukera ukatu egin du, familia ereduen artean desberdintasun argia eraginez. LABetik Gizarte Segurantzaren ukoaren aurrean helegiteak aurkeztu ditugu, eta orain arteko epai gehienak gure aldekoak izan dira.

Aipaturiko Auzitegi Gorenaren epaia errefusatu egiten dugu, eta ama bakarren eskubide urraketa dela ulertzen dugu. Jakitun gara afera Europako Batasuneko Justizia Auzitegira heldu dela, eta hark emango duen epaiaren zain gaude. Bitartean, bide judizialean borrokan jarraituko dugu.

LAB sindikatuak egoera honen aurrean zera adierazi nahi du:

Jendartea eta testuinguru soziala, familia eredu bakar batetik harago, aukera aniztasunaren aldeko trantsizioa egiten ari da, eta aukera horien artean dago ama bakarra izatea erabaki duten pertsonena. Baina, era berean, sistema kapitalista (zis)heteropatriarkal honen mekanismo guztiak familia eredu nuklearra indartu eta saritzera bideratzeaz gain, hortik kanpo kokatzen diren aukera guztiak zigortzen ditu. Sistemak tresna guztiak (baita juridikoak ere) ditu bere gain eredu hori birproduzitzeko, eta hau adibide bat gehiago da. Izan ere, bere interes ekonomikoetarako behar-beharrezkoa dauka familia eredu nuklearra.

Zapalkuntza bikoitzaz ari gara: sexuaren araberako diskriminazioa gertatzen da, guraso bakar gehienak emakumeak direlako, batetik, eta zaintza eskubidea bera urratzen da, bestetik, zaindua izan behar duen pertsona ere diskriminatu egiten delako. Hau da, zaintza berriro ere bazterrean geratzen da, eta zaintza bermatzeko gaur egun ditugun tresna bakarrak halako baimenak dira, lan produktiboaren logikatik diseinatutakoak eta bizitzaren jasangarritasuna balioan jartzen ez dutenak. Era berean, kontziliazioaren tranpaz eta sistemaren paradoxaz ere hitz egin behar dugu, zaintza lanak doakoak direnean eta sistemarentzako kostu ekonomikorik ez dutenean emakumeen gain geratzen baitira.

Nahiz eta berdintasun planetan eta zuriketarako erabiltzen diren legedien artean familia eredu ezberdinak izendatu eta teorikoki kontutan hartzen diren, praktikan argi ikusten da eredu bakarra dela nagusitasunez erdigunean kokatzen dena, eta gainontzeko guztiak bigarren mailakoak direla. Berdintasun politika hauek ez daukate gaitasunik normatik aterako den eredurik babesteko. Horregatik, politika feministak behar ditugu. Teorian eredu desberdinak aitortzen dira, baina ez dira bitartekoak jartzen eskubide berdinak izateko.

Ezin dugu onartu ama bakarren eskubideak urratzen jarraitzea. Beraz, LAB sindikatuak egoera honen aurrean honakoa aldarrikatzen du:

  • Zaintza erdigunean jarriko duen sistema oso bat. Zaintza Sistema Publiko Komunitarioa behar dugu.
  • Euskal Herritik eta Euskal Herrirako Lan Kode eta Gizarte Segurantza propio baterako lege bat behar dugu.
  • Marko propio bat behar dugu, zeinean eredu hegemoniko (zis)heteropatriarkaletik haragoko aniztasuna kontuan hartu eta errealitate horientzako eskubideak sortuko diren.
  • Eskubideak gauzatzeko bitartekoak eta aldaketa legalak eskatzen ditugu. Bestela, zuriketarako neurriak besterik ez dira.

Horrengatik guztiagatik elkartu gara gaur, Gizarte Segurantzak urratzen dituen ama bakarren zaintza eskubideen alde mobilizatuz. Beste behin ere egiaztatu dugu eskubideak ezin direla auzitegiek dituzten erabakien esku utzi. LABetik borroka soziosindikala indartzen jarraituko dugu, hori baita gizartearen eraldaketarako dugun tresnarik eraginkorrena.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...