2024-11-17
HomeEkintza SozialaEredu sozioekonomikoa bere horretan mantendu beharrean, eredua da aldatu behar dena pandemiari...

Eredu sozioekonomikoa bere horretan mantendu beharrean, eredua da aldatu behar dena pandemiari eta krisi sozialari behar bezalako erantzuna emateko

Garbiñe Aranburu idazkari nagusiak eta Igor Arroyo idazkari nagusi ondokoak agerraldia egin dute, Covid-19 pandemiaren aurrean egiten dugun irakurketa eta egiten ditugun proposamenen berri emateko, egunotan hartu diren azken erabakien harira.

LABen ustez, Ipar Euskal Herrian konfinamendu berri bat indarrean izatea, eta Hego Euskal Herrian horren atarian egotea, agintarien kudeaketa okerraren ondorioa da, udaberritik hona hartu ez diren erabakien ondorio. Arduragabekeria baino gehiago da: klasismo lotsagabea dago langileak aintzat hartzen ez dituen kudeaketa horren atzean. Eredu sozioekonomikoa bere horretan mantendu beharrean, eredua da aldatu behar dena pandemiari eta krisi sozialari behar bezalako erantzuna emateko.

Espainia eta Frantziako Gobernuek salbuespen egoera ezarri dute, berriz ere, pandemiari aurre egiteko omen. Espainiakoak alarma egoera ezarri du eta autonomia erkidegoei hainbat neurri kudeatzeko aukera eman die, baina beti ere Madrilek ezarritako irizpideen arabera. Nabarmen geratu da, berriz ere, EAEko Estatutuaren eta Nafarroako Hobekuntzaren autogobernu maila zenbaterainokoa den; herritarren osasuna bermatzeko beharrezkoak diren erabakiak hartzeko ahalmenik ez dugu. Are eta gutxiago Ipar Euskal Herriari dagokionez, Parisen erabaki baitira goitik behera konfinamendu berriaren baldintzak.

Kasu bietan, herritarrak errudun bilakatu eta diziplina soziala ezartzea da pandemiari aurre egiteko agintarien errezeta nagusiena. Eta, prebentzio neurriak beharrezkoak izan badira ere, Gobernuek ez dute inolako asmorik pandemiak agerian utzi dituen egiturazko gabeziei erantzuna emateko. Ez dute asmorik osasun sistema publikoa indartzeko, zahar egoitzak publifikatu eta egoiliarrei behar bezalako arreta bermatzeko, zaintza sistema publiko eraginkor bat eratzeko edota bizi dugun krisiak kolpatutako langileen aldeko neurriak hartzeko.

Horren ordez, udan zehar turismoa erakartzeko normaltasun itxura saldu ostean, konfinamendu berria ezarri dute Ipar Euskal Herrian eta bide horretan egon gintezke Hego Euskal Herriari dagokionean. Berriro ere, konfinamenduaren baldintzak zehazteko orduan, herri sektoreak izan dira kaltetuenak: saltoki txikietan ezin liteke arroparik edota libururik erosi, bai ordea Amazonen bidez. Berriro ere, bizileku kaxkarrenak dituzten herritarrek, edota berogailua ordaintzeko arazoak dituztenek, edota etxegabetutakoek (asteburuan bertan Donostian gertatutakoa horren adibide) pairatuko dute modu nabarmenagoan konfinamenduaren ondorioak. Berriro ere, hamaika herritar isolatuta geratuko dira, tartean indarkeria pairatzen duten emakumeak edota bazterketa sozial arriskuan dauden pertsonak. Egiturazkoak diren arrakalak areagotzen ari dira erabakiokin. Pobrezia eta prekarietatean sakondu, zaurgarritasun eta bazterketa egoerak okertuko dira, sistemaren ertzetara geroz eta herritar sektore gehiago kanporatuz, horrek dituen arriskuekin.

Birusaren hedapena mugatzea beharrezkoa da, baina egoerari aurre egiteko neurri bakarra ezin da mugikortasuna eta harreman sozialak mugatzea izan; bestelako neurriak behar dira.

Bestelako kudeaketa baten premia

Osasuna ala ekonomia, ezarri nahi izan zaigun dikotomia faltsua baino ez da. Dikotomia herritarren gehiengoaren osasuna eta bizi baldintzak vs. elite ekonomikoaren interesen artekoa baita. Bizitza erdigunean jarriko duen eredu berri baten norabidean urratsak emateko unea da. Osasun krisia gainditu eta krisiaren ondorio ekonomiko eta sozialak arintzeko erabakiak hartzeko unea da.

Era berean, orain arte instituzio nagusiek garatutako kudeaketa eredua errotik aldatzea exijitzen dugu. Informazio gardena eman eta inplikatutako eragileekin aukerak kontrastatu eta negoziatu behar dira uneoro, ondorioak aztertuz, kalteak ekidinez eta pertsonak nahiz komunitatea babestuz. Tokiko instituzio publikoen, tokiko ekonomia eragileen, eremu soziosindikalaren edota mugimendu feministaren parte hartzea ahalbidetu beharra dago.

Hori horrela ez den bitartean, instituzioen arduragabekeriaren aurrean herritarroi eta langileoi dagokigu arduraz jokatzen jarraitzea. Zerbitzu publikoen alde mobilizatuz eta baita elkar zaintza praktikan jarriz ere: herritarrok ahaldundu eta subjektu aktibo bilakatu behar dugu prebentzio lanetan lagundu eta egoera zaurgarrienean dauden herritarrei babesa emateko.

LABen proposamenak

Hona hemen, bost multzotan antolatuta, pandemiaren hedapenari nahiz osasun krisiak areagotu dituen ondorio ekonomiko eta sozialei aurre egiteko LABek egiten dituen proposamenak:

1. ZERBITZU PUBLIKOAK INDARTU ETA LEHENTASUNEZ OSASUNGINTZA PUBLIKOA

OSASUNGINTZA
• Osasun zentro eta baliabide pribatuen gaineko gaineko kontrola hartu behar da, COVIDaren kudeaketa azkar eta eraginkorra egin ahal izateko, baita gainontzeko gaixotasunek behar duten arreta emateko ere.

• Ratioak murriztu eta kontratazio berriak egin.

• Birusaren hedapena hobe kontrolatzeko aztarnari gehiago kontratatu, ZIU ohe gehiago sortu eta lehen arreta indartu.

• Pribatizatutako hainbat zerbitzu publifikatu: garbiketa, osasun garraioa, sukaldaritza kolektiboa.

• Inbertsioak handitu, BPGren %7raino.

HEZKUNTZA
• Hezkuntza presentziala mantentzearen aldeko apustua egiten dugu, ikuspegi pedagokiko batetik, hizkuntza arrakala, zein arrakala sozial eta digitala ez areagotzeko.

• Ratioak 15era murriztu.

• Inbertsioak handitu, BPGren %6raino.

2. ZAINTZA BALIABIDEAK INDARTU

ADINEKOEN ZAINTZA
• Langileekin, egoiliarrekin eta egoiliarren senideekin batera adineko egoitzetan prebentzio neurriak ez ezik bizitza duina bermatzeko neurriak aztertu eta bideratzeko batzordeak sortu, bai lurralde mailan baita egoitza bakoitzean.

• Publifikazio plan bat martxan jarri

• Kontratazio berriak eta ratioak murriztu.

GERTUKO PERTSONEN ZAINTZA
• Gaixo edo konfinatuak dauden gertuko pertsonak zaintzeko lizentzia ordainduak edota ordutegi

moldaketak ahalbidetu, hala eremu publikoan nola pribatuan.
• Erantzunkidetasuna sustatu: zaintza lanak ezin dira berriro emakumeon gain gelditu.

HERRITARREN ZAINTZA
• Gaixo eta konfinatuta dauden herritarrei laguntzeko nahiz arreta berezia eskatzen duten kolektiboei (adineko pertsonak, adingabeak, aniztasun funtzionala dutenak, harrera etxeetan/pisu tutelatuetan daudenak, biolentzia matxista jasandako emakumeak, paperik gabeko etorkinak, etxegabeak) laguntzeko plangintzak egin tokian toki, instituzio publikoen eta herritar bolondresen arteko elkarlanaz.

• Beldurra, estresa eta isolamenduak osasun fisiko eta mentalean dituen eragin kaltegarriari aurre egiteko prebentzio eta artatze plangintza sendoa garatu, bai lehen arretako osasun zerbitzuetatik baita oinarrizko zerbitzu sozialetatik ere.

• Indarkeria matxistari aurka egiteko zerbitzuak indartu. Kontratazio gehiago eta arreta handitu, beharrezkoak diren baliabide guztiak jarriz.

ZAINTZA SISTEMA PUBLIKO KOMUNITARIOA
• Aipatutako premiazko neurriekin batera, zaintza sistema publiko komunitarioa eratzeko prozesuari ekin behar zaio, mugimendu feministak nahiz eremu soziosindikalak egindako proposamenak aintzat hartuz.

3. LANGILE GUZTIEN ENPLEGUA ETA OSASUNA BERMATU

• Enplegu suntsiketari aurre egin eta enplegua duinduko duen enplegu politika berria eskatzen diegu EAE eta Nafarroako Gobernuei. Era berean, ekainean Confebask eta CEN patronalei besteak beste honako neurri hauek jasoko dituen akordio interprofesional baterako egindako interpelazioa berresten dugu: 1.200 euroko gutxieneko soldata, 35 orduko gehienezko lan-astea eta 20 orduko gutxienekoa, soldata arrakalaren ezabaketa, subrogazioa, ABEEEak soldaten %80ra arte osagarritu (beti ere gutxieneko 1.200 euroak bermatuz).

• Lanean ez kutsatzeko neurri prebentibo egokiak hartu. Era berean, estres, beldur eta presio handiko garaiak izaki, arrisku sikosozialei aurre egiteko prebentzio plangintza bereziak ezarri behar dira, bereziki osasungintza edota adineko egoitzetan.

4. TOKIKO EKONOMIA SUSTATU

• Ostalaritza eremu bereziki kaltetu moduan deklaratu eta horren araberako neurriak aztertu, besteak beste hipoteka zein alokairuen moratoria edota zerga salbuespenak. Beti ere, laguntza hauek jasotzen dituztenek ezingo dute kaleratzerik egin, ABEEEtako soldatak osagarritu beharko dituzte edota altan eman gabeko langileen egoera erregularizatu eta langile hauei ere babesa eman beharko zaie.

• Enplegu duina oinarri izango duen tokiko merkataritzaren aldeko akordio soziala proposatzen dugu, ridersen prekarietatean oinarritutako plataforma handien jarduera mugatuz.

5. OINARRIZKO BEHAR SOZIALAK BERMATU

• GARRAIOA: distantziak mantentzeko aukera bermatzeko zerbitzua indartu, langileak kontratatuz eta maiztasunak handituz.

• ETXEBIZITZA: etxegabetzerik ez; hipoteka eta alokairua ordaindu ezin dutenak salbuetsi edota diruz lagundu. Etxebizitza eskubide subjektibo gisa gauzatu, inor ez aterperik gabe.

• ELIKADURA: Oinarrizko elikadura bermatzeko programa, beharra duten etxe guztietara heltzeko sarea indartu eta baliabideez hornitu. Bertako ekoizleak lagundu, azokak irekita mantendu eta banaketarako baliabideak eskaini.

• PRESTAZIO SOZIALAK: oinarrizko errenta eskatzaile guztiei eman, baita era irregularrean deudenei. Diru Sarrerak Bermatzeko/Errenta Bermatua Lanbidearteko Gutxieneko Soldatara parekatu.

• ENERGIA, URA: ordaindu gabeko hornidura eteteak debekatu.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Irunen hildako garraiolariaren heriotza salatu dugu Donostian, Gizarte Segurantzaren egoitzaren aurrean

Azaroaren 11n, 56 urteko J.R.M.M. garraiolari lesakarra hil zen lanean Irunen, kamioia kargatzen ari zela. Transportes Etxetrans 2000 enpresako langilea zen. 2024. urtean 11 garraiolari hil dira lanean dagoeneko, horietariko asko, azken hau bezala, bihotzekoak jota. Gaur, LAB, ESK, STEILAS, EHNE-etxalde eta HIRU sindikatuok mobilizazioa egin dugu Donostian, Gizarte Segurantzaren egoitzaren aurrean, laneko azken heriotza hau salatzeko.

Salatzen dugu Metro Bilbaoren zuzendaritza-egituran postuak gehitu direla eta azken hautatze-prozesua kritikatzen dugu

Gero eta gehiago dira Metro Bilbaoren zuzendaritza gorena osatu eta aholkua ematen dioten pertsonak. Gainera, postu horiek erakunde publikoetatik datorren jendez betetzen ari dira. Horrela, Metro Bilbaoko Gerentzia oso gertuko eta ideologia bereko pertsonez inguratzen ari da eta balio-eskala bikoitza eraikitzen ari dira zuzendaritza-ardura horien eta lehen lerroko langileentzat sortzen diren postuen artean.

Berako zahar etxeko patronatuak langileei aldebakarrez inposatutako murrizketak salatu ditugu

LAB sindikatuak irmo salatu nahi du Berako zahar etxearen patronatuak zenbait murrizketa ezarri dizkiela langileei, hala nola soldata igoerak aplikatzeari utzi edo plus eta osagarri batzuk kendu edo murriztu. LABek elkarrizketarako eta negoziaziorako jarrera erakutsi izan dio beti patronatuari baina honek ez du murrizketa guztietan gibelera egin nahi izan eta, hartara, langileak mobilizatzen hasi dira. Lehenik eta behin sinadura bilketa abiatuko dute herritarren babesa jasotzeko.