2024-12-23
HomeIrakaskuntzaSukalde eta garbitzaileakEredu berrirako bidean, eskola-jangela publikoak aldarrikatu ditugu EAEn

Eredu berrirako bidean, eskola-jangela publikoak aldarrikatu ditugu EAEn

Prentsaurrekoa eman dugu Bilbon. Bikoitza zen bere helburua. Batetik, Eusko Legebiltzarreko Eskola Jangeletan izandako iruzurrari buruzko ikerketa batzordeak emandakoaren eta Eusko Jaurlaritzako Eskola-Jangelen ereduari buruzko batzordearen balorazioak egitea izan da. Eta bestetik, LABen ustez dagoeneko agortua dagoen eredu horren aurrean, planteatzen dugun eredu berriaren berri ematea.

Eider Casanova Zerbitzu publikoen federazioko idazkariaren ondokoak, Alfonso Aranguren Zerbitzu pribatuen federazioko idazkariaren ondokoak eta Urtzi Ostolozaga Ekintza Sozialeko Idazkariaren ondokoak hartu dute hitza.

LABen, orain bi urte sortu genuen jangelen inguruko hausnarketarako eta ondoren proposamen integrala egiteko batzordea. Hasiera batean, batzorde horren helburua eskola jangelen eredua aldatzea izango da, baina aurrerantzean, ez gara horretan geratuko, Tailerretako jangeletako, adinekoen egoitzetako, ospitaletako jangeletaz ere arituko gara.

Bi urte hauetan sindikatua ez gara bakarrik ibili, bidelagun izan ditugu arlo honetako eragile guztiak, lehen sektoreko baserritar eta arrantzaleak, familiak, eskolak eta ikasleak. Beraiekin batera, Gure Platera Gure Aukera Plataformako kideak gara.

Eskola-jangeletan zentratuz, argi diogu eredu hau agortuta dagoela, eta gaurdanik beste bat diseinatu eta martxan jarri beharra daukagula. Ez hori bakarrik, iruzurra ahalbideratzen duen eredua ez da kalitatezkoa ez ikasleentzat, ez familientzat, ez langileontzat, ez hezkuntza komunitatearentzat, eta ez jendartearentzat orokorrean.

LABen oso arduratuta gaude gai honekin, eta eredu aldaketa horretarako, proposamen propio bat osatu dugu eztabaidarako eta epe laburrean martxan jartzeko. Proposamen integral horrek oinarrizko zutabe hauek dauzka:

Eredu honek elikadura burujabetzan pausuak eman behar ditu. Zein elikagai eta nola produzitu erabaki behar dugu, produkzio agroekologikoa, sasoikoa eta bertokoa izan behar du, lehen sektore indartsua behar dugu horretarako.

Eredu berria hezitzailea izan behar da. Ikasleentzat beraz, jangela ikasteko gunea izango da, eta bertako langileak hezitzaileak izango dira.

Jangeletako langileen lan-baldintzak duinak izango dira, gaur egun dauzkatenekin alderatuz guztiz bestelakoak, beraz.

Iruzurraren ikerketa batzordeak eta ereduaren inguruko batzordeak emandakoaren balorazioa

Gaur egungo ereduak, 2000. urteko ordenantzarenak, 18 urte daramatza garraiaturiko janariaren eredua inposatzen. Ezinezkoa da hemen bertoko elikagaiak sartzerik, beraz, ezinezkoa da bertoko nekazaritza, abeltzaintza edo arrantza garatzerik. Produkzio industriala lehenesten da, guretik kilometrotara produzituriko elikagai merkeetan. Ezinezkoa bihurtzen da familia eta eskolek jaten ari diren elikagaien inguruko informazioa izaterik eta hauen gaineko inolako erabakirik hartzerik.

Aipatu beharrekoa da baita 2000. urteko agindu honek eskoletan sukaldeak eraikitzea alboratzen duela. Sukalde zentral handiekin baino ezin daiteke lan egin, beraz. Goizaldean prestatzen da bertan janaria, eta orduetan zehar garraiatzen da eguerdirako eskolara heldu dadin.

Lan baldintzei dagokienez, Hezkuntza Sailpeko langileez eta enpresek kontrataturiko langileez hitz egin behar dugu. Esan beharrekoa da langileen ordezkaritzaren gehiengoa daukala LABek bietan.

– Laboralei dagokionez, sukaldeak desagertzeak eta office-tan garraiaturiko jakiak sartzeak, beharrizan berriak arlo publikotik ez erantzutea ekarri du. Pribatizatu nahiak, interinoen %63ko poltsa sortzea eragin du. Enplegu prekarioa, aldi beterakoa, ardura funtzioak desagertzea… ekarri du agindu honek, eta urte hauetan zehar inongo hobekuntzarik izan bada, borroka sindikalari esker lortuak izan dira.

– Enpresetako pertsonalari dagokionez: Azpikontratazioa bortitza da, enpresen aberastasuna iruzurraren bitartez metatzeko. Lan hitzarmena estatalizatzearen mehatxua etengabea da eta enplegu oso prekarioa da. Guztiz feminizatua den arloaz ari gara, eta lan orduak egunean oso gutxi dira, beraz, ezinezkoa dute jubilazio duinik izaterik.

Beraz, Eusko Legebiltzarreko ikerketa batzorde honetatik ondorioztatzen duguna, aurretik bagenekienaren berdina da, eredu hau janariaren prezioan oinarritzen da. Enpresek ez daukate lehiarik beraien artean, horrela adierazi du Euskal Lehiaren Agintaritzaren ebazpenak. Kasu batean, epaitegiek enpresei zigor ekonomikoa jarri die, dioguna demostratuz eta iruzurra egin duten enpresen helegiterik onartu gabe.

Urtero zazpi miloiko eurotako diru xahuketaz ari gara eta gure ustez, eragile politiko eta teknikoek ardura izan beharko lukete honetan. Hamabi urtez, murrizketak egiten zituzten eta langileei gaixotzeagatik zigortzen zitzaien bitartean, enpresei zazpi milioi euro oparitzen zitzaizkien.

Guztion dirutik iruzurra posible egin dute kudeatzaileek. Urteroko zazpi milioi euro hauetatik, pertsonalaren iruzurrari 3.376.155,56 euro egokitzen zaizkio. Langile bakoitzagatik 635 euro gehiago kobratu zuten, eta diru horretatik ez zen zentimo bakarra inbertitu lan baldintzetan, ez zerbitzuaren hobetzean.

Kudeaketa honen ardura politikoa Administrazio eta Zerbitzuen Sailburuordeari dagokio. Teknikoari dagokionez, agerikoa da kontrol mekanismoak alferrikoak izan direla maila honetako iruzurra egin ahal izan bada, eta arduradun ekonomikoa badago falta oso larria egin baita betea konpetentzia legea betetzean. Beraz gure ustez, enpresa hauek ezin dute berriz administrazio publikoaren aldetik kontratatuak izan.

Ikerketa batzordeak bere ondorio eta ebazpenak eman beharko ditu. Iruzur erraldoi hau argitzea exijitzen dugu, eta noski, ondorio ekonomikoak izan ditzala enpresekiko eta ardura politikoak administrazio publikoekiko.

LABek dagoeneko egin du hausnarketa, Eusko Jaurlaritzako ereduari buruzko batzordeak ere egin beharko lukeena, eta hausnarketa eta diagnosi horretatik abiatuz, eredu berri baterako pausuak diseinatzen eta martxan jartzen hasi beharko luke behar bezalako pliego batzuen bidez. Errealitatea bestelakoa da baina, gure ustez, batzorde horren egitekoa hori izan beharko bazen ere, ezertarako balio ez duen ibilbidea egin du.

Aldaketarako urratsak diseinatu behar ditu Eusko Jaurlaritzako batzorde horrek, elikadura burujabetzari, eredu hezitzaileari eta langileen lan-baldintza duinei bide emanez.

Ezin dugu jarrera merkantilistak elikatzen jarraitu, ezin dugu esku pribatuetan jarraitu.

LABen proposamen integrala, enplegu-proposamena

Eredu honetan jarraitzen badugu, denbora kontua baino ez da iruzur kasu berriekin aurkitzea. Beraz, premiazkoa da guztion artean kalitatezkoa, justua, jasangarria eta hezitzailea izango den eredu publikoa osatzea.

Euskal Herrian erabaki behar dugu zein elikagai sukaldatu eta jan nahi dugun. Elikagai horiek, bertokoak, sasoikoak eta agro-ekologikoak izan behar dute, era honetan lehen sektorean kalitatezko enplegua sortuko litzateke baserritar eta arrantzaleentzat, gure ingurumenean eragin baikorra izango zen eta jaki horietan gure elikadura oinarrituz, bizitza osasungarriagoak izango genituzke.

Jangelak gune hezitzaileak izango ziren. Kontuan izan behar da, gure eskola umeek beraien jardunetik denbora dexente igaroten dutela jangeletan, eta berau gatazka gune izatetik eremu atsegina izatera igaro behar da, non elikagaien prozeduraz, ekonomiaz, ingurumenaz, osasunaz, nutrizioaz, higieneaz… ikasiko duten ikasleek. Beraz, bertan lan egiten duten langileen funtzio hezitzailea onartu behar da. Eskoletako heziketa proiektuetan elikatzeko denbora gehitzea eta kurrikulumean jasotzea exijitzen dugu.

Arreta berezia jarri nahi diogu eskola jangeletako langileen lan-baldintzez egiten dugun proposamenean sindikatu garen neurrian:

Jangelak Administrazio publikoak kudeatu behar duen zerbitzu bat izan behar du, herritarren zerbitzura begira, eta hezkuntza komunitatearen parte-hartzea, gardentasuna eta berdintasuna ahalbidetuko dituena.

Erabat publikoa den kudeaketa batekin, finantzaketa arazoak eta bestelakoak (prezioak, lan baldintza okerragoak, …) gainditu eta zerbitzu publiko bezala sustatu eta modu integralean garatu beharko litzateke.

LAB sindikatua lanean hasiko da eredu hau iraultzeko, diru publikoa kudeaketa pribatura bideratzen duelako, eta enplegu publikoa sortzea delako gure asmoa.
Lehenengo helburua, zentro guztietan sukaldeak egotea eta bertan sukaldatzeko
aukera bermatzea.

LABek benetako errebertsio batean sinesten du. Eskola jangeletako hezitzaileen kasuan (begiraleak eta office-a) kalitatezko eredu publiko baterako planifikazioa osatzea eskatuko dugu, berdin sukaldeen kasuan. Prozesu honek berme guztiak izango ditu, eta subrogaziorako eskubidea izango du Eusko Jurlaritzaren Hezkuntza Sailaren bitartez, eskola zentroetatik aukeratzen den aukera bata zein bestea izan.

Errebertsio orokorra garatzen den bitartean, eta eskolaren batek beste eredu baten bitartez kudeatu nahiko balu, hezitzaileen kontratazioa (hezitzaileak eta office-a) Eusko Jaurlaritzaren menpekoa izan beharko da, beste eskola batzuk (heziketa zentroak, partzuergoa…) kontratatzea galeraziz. Prozesu honek, profesionalen egiteko hezitzailea onartuko du, bai beraien lan baldintzen egokitzea ere, ratioak, formakuntza, baliabide pedagogikoak, ordutegiak…

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...