2025-03-14
HomeEkintza SindikalaEraso judizialen aurrean, euskaraz lan egin eta bizitzeko eskubidearen aldeko mobilizazioetan parte...

Eraso judizialen aurrean, euskaraz lan egin eta bizitzeko eskubidearen aldeko mobilizazioetan parte hartzera dei egiten dugu

Botere judizialak euskararen aurka egiten dituen erasoek ez dute etenik. Azken egunotan, Bizkaiko Foru Aldundiaren enplegu publikorako hautaketa-prozeduren aurkako bi epairen berri izan dugu. Deialdi horiei lotutako hizkuntza-eskakizunen betekizuna da zalantzan jartzen dena. Diskriminatzailetzat jotzen da euskara eskatzea, enplegu publikoak baldintza berdinetan eskuratzeko oinarrizko eskubidea urratzen duela argudiatuta. Sententzia zentzugabekeria juridiko izugarria da, inolako oinarri juridikorik gabe euskararen normalizazioaren aurka egitea du helburu bakarra.

Epai hauek euskararen eta bere normalizazioaren aurka doaz, argi eta garbi, eta arriskuan jartzen dituzte Bizkaiko Foru Aldundiaren enplegu publikoa egonkortzeko prozedurak.

Sententziaren arabera Euskararen betekizunak berdintasun baldintzetan sartzeko aukera urratu omen du, baina beste edozein eskakizunek ez. Euskararen aurkako sektore judizial, politiko eta sindikal batzuek euskara aukera bat izatearen mailan utzi nahi dute, beti ere gazteleraren derrigorrezko ezagutzarekiko mendeko egoeran. Horrek islatzen du argi eta garbi horrelako epaiak ematen ari diren epaileen eta hori babesten duten gainontzeko sektoreen euskararen aurkako ideologia militantea.

Herri honen gehiengo politiko eta soziala zein langile gehienok euskararen normalizazioan aurrera egitearen alde daude, eta Administrazioen aldetik euskarazko arreta bermatzearen alde; eta horretarako ezinbestekoa da epai hauei kolektiboki aurre egitea.

Gauzak horrela, alde batetik, LAB sindikatuak euskaraz lan egiten eta bizitzen jarraitzeko eta euskararen aurkako erasoei aurre egiteko mobilizazioetan parte hartzeko deia egiten du.

Bestalde, Euskararen Lege berri bat eta Administrazioa euskalduntzeko hizkuntza politika berri bat eskatzen diegu indar politikoei. Ildo honetan, Eusko Jaurlaritzak EAEko sektore publikoan euskararen erabilera normalizatzeko onartu duen dekretua aukera galdua da administrazioaren euskalduntzean jauzi bat emateko.

LABek borrokan jarraituko du Euskal Herrian euskaraz lan egin eta bizi ahal izateko, eta hizkuntza eskubideak errespetatuak izan daitezen.

Hau guztia dela eta, hurrengo martxoaren 6an, asteazkenean, eguerdiko 12:00etan Foru Jauregiaren aurrean egingo den elkarretaratzean parte hartzera animatzen zaituztegu. Oldarraldiaren aurrean, Euskararekin bat. Euskaraz bat!

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Confebasken jarrera harroputz eta esplotatzailearen aurrean mobilizatzera joko du gehiengo sindikalak

ELA, LAB, ESK, STEILAS, ETXALDE eta HIRU sindikatuok apirilaren 3an mobilizatuko gara, eta deia egiten dugu apirilaren 5ean pentsiodunen mugimenduak gutxieneko pentsio eta soldata duinen alde deituriko mobilizazioetan parte hartze hartzera.

Eusko Jaurlaritzak autoritarismoa alde batera utzi eta bere ardurapean dauden 100.000 pertsonen lan baldintzak hobetu behar ditu

ELA, LAB, ESK eta Steilas sindikatuek elkarretaratzea deitu dute martxoaren 18rako, Eusko Jaurlaritzari sektore publikoko langileen aldarrikapenak aintzat har ditzala eskatzeko. Egun horretan bertan...

LABek salatzen du EEEren negoziazioan argi geratu dela Guardianek duela asko zuela programatua lantegiaren itxiera

LABetik gure erabateko gaitzespena adierazi nahi diogu Guardianek aurkeztutako kaleratze kolektiborako espedienteari. Erabaki honek 171 lanposturen suntsiketa eta eskualdeko enpresa enblematikoenetako bat ixtea ekarriko du. Ez ditugu onartzen enpresak neurri drastiko hau justifikatzeko emandako arrazoiak, ez baititu behar bezala frogatu. Are gehiago, EEE aurkezteko aipatzen dituzten arrazoiak multinazionalak berak eragindakoak dira.