2025-04-02
HomeEkintza SindikalaErantzutera deitzen dugu hiltzen duten lan baldintzen aurrean

Erantzutera deitzen dugu hiltzen duten lan baldintzen aurrean

Larunbatean lan istripuz hildako langile baten heriotza salatu behar dugu. Zumaian izandako istripuan, industria eraikin bateko teilatuan garbiketa lanetan ari zen langilea teilatutik behera erori zen. Azken honekin, gutxienez 62 dira Euskal Herrian lanean edo honen ondorioz hildakoak, horietatik 7 altueratik erorita, guztiak segurtasun neurriekin saihestu zitezkeenak.

LAB sindikatutik, lehenik eta behin, elkartasuna adierazi nahi diegu hildako langilearen lankide, senide eta gertuko guztiei.

Odoluste honek ez du etenik. Noiz arte? Zer egin behar da arazo estruktural honi amaiera emateko? Urtero ezaugarri berdineko istripuen aurrean aurkitzen gara. Denon eskubidea da osorik eta osasuntsu eta bizirik lanetik bueltatzea, lan duina eta bizi duina izatea. Aldarrikatzen baditugu ere, errealitatea gordina da eta hainbatek ez dute nahi hau aldatzea

Zein aldaketa eta pauso emateko prest daude patronal eta instituzioak egoera eta eredu hau geldiarazteko? Langileok, bizi ahal izateko egiten dugu lan eta ez saiakera horretan bizia galtzeko. Lan istripuak ez dira bizitzako gertakari arruntak, langile bat hiltzea ez da lanaren ezaugarri bat. Lan istripuak, ekonomia eredu zehatz batean lan egiterako orduan ezartzen dizkigun baldintza eta lan egiteko moduen emaitza dira. Salatu behar dugu eraikuntza eta eraberritze sektorean maiz gertatzen direla istripuak.

Horregatik guztiagatik, bihar abenduaren 21ean, LABek gehiengo sindikalarekin batera elkarretaratzea egingo du Zumaian, istripua izan zen Egurko enpresa aurrean 12:30ean. Dei egiten diegu langileei honetan parte hartzera odoluste hau geldiarazi dezagun.

Aski da! Eredu ekonomikoa aldatzera goaz.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Ausardia eta determinazioa eskatu dizkiogu Jaurlaritzari Confebask gutxieneko soldata propioa negoziatzera behartzeko

Garbiñe Aranburu LABeko koordinatzaile orokorra eta Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusia Imanol Pradales EAEko lehendakariarekin batzartu dira gaur gutxieneko soldata propioak duen garrantzia helarazteko. Herritarren gehiengoak babesten duen eskari honen alde inplikatzeko eta bere alde egiteko eskatu dio Aranburuk Pradalesi, Akordio Intersektorial baten negoziazioa bultzatuz eta gure errealitate sozioekonomikoarekin bat etorriko den gutxieneko soldata hemen ezarri ahal izateko Herri Ekimen Legegilea babestuz.

LABek salatzen du aparteko orduen ondorioz 21 lanpostu baino gehiago galdu direla TCCn

20024an, aurreko urtean baino 5 lanpostu gehiago galdu dira.

EAEko hezkuntza publikoko irakasleak bigarren faseko greba dinamiken bukaerara iritsi dira

9. greba egunak jarraipen zabala izan du eta hurrengo fasera pasatzea beste alternatibarik ez die utziko Hezkuntza Sailak, benetako negoziaziorik egon ezean.