2024-12-22
HomeEkintza SozialaEraldaketarako lan eta borroka tresna izango da Ekintza Sozialeko Komunitatea

Eraldaketarako lan eta borroka tresna izango da Ekintza Sozialeko Komunitatea

LAB sindikatuaren Ekintza Sozialeko Komunitatea elkarrekin eratzeko eta saretzeko topaketak egin ditugu, herrialdez herrialde. Hain zuzen ere, Irunen, Atarrabian eta Basaurin bildu gara larunbatean, eta Gasteizen joan den ostegunean, helburu berarekin: bizitzaren prekarizazioari aurre egin eta eredu sozio-ekonomikoaren errotiko eraldaketa sustatzeko lan eta borroka tresna berri bat abian jartzeko, Hego zein Ipar Euskal Herrian. Zentzu honetan, Irungo topaketan, Gipuzkoako herritarrak ez ezik, Bidasoa ibaiaren beste aldekoak ere bertaratu dira.

Ekintza Sozialeko Komunitateko kide izateko izen ematea zabaldu genuen duela aste batzuk, “Lantokitik herrira! eraldaketarako tresna” goiburupean. Ibilbide berri honen baitan lehen geltokia aipatutako topaketa hauek izan dira. Lehen elkargune bat izateko antolatu ditugu, komunitatea nolakoa izango den eta zertan jardungo duen definitzeko bidean. Hala, topaketetan parte hartutako herritarren parte hartzea oso aberasgarria izan da, eta edukiz bete dugu erronka.

Etxegabetzeak, AHT-a, erraustegia eta pribatizazio oro ukatzeko; patriarkatua irauli, sexu disidentzia praktikatu eta eguneroko burujabetza txikiak elikatzeko; gerrak eta inperialismoa salatu eta errefuxiatuekin elkartasuna antolatzeko; gazteon prekaritateari aurre egin eta pentsio duinen alde mobilizatzeko… Ekintza Sozialeko Komunitateak hainbat helbururekin egingo du lan, eta, topaketetan azaldu bezala, bi eremutan parte hartu ahalko dute bertara hurbiltzen direnek:

-Ekintza sozialeko sarean: informazioa jasotzeko, Ekintza Sozialeko Komunitatearen ekimen eta kanpainen berri izan eta haietan parte hartzeko.

-Ekintza sozialeko arloak: lan-lerro jakin bat (jatorri aniztasuna, etxebizitza eskubidea, ekologismoa…) landu eta garatzeko herrialdeetako elkarguneak antolatzeko.

LAB sindikatuko kideak beti saiatu gara langileon alboan egoten eta herritar ororen eskubideen defentsan antolatzen; lantokietan noski, baina baita herri, auzo eta kalean ere. Txikitik, tokian toki eta egunero eragiten ari garen komunitate handi bat gara, eta horretan sakonduko dugu Ekintza Sozialeko Komunitatearekin.

Gogoeta eta ekintza, elkar lotuta

Bizitza vs kapitala. Horrela ezaugarritu dugu LAB sindikatuan egungo dominazio sistemak klase borrokan hartutako forma. Horregatik, langileon lan baldintzak borrokatzera mugatzeak alternatiba ez nahiko gisa ulertzen dugu. Hau da, langileon bizi baldintzen aldeko jarduna egitea ezinbestekoa da.

Gauzak horrela, hainbat erabaki politiko eta organizatibo garatu ditugu azken urteetan, sindikalgintza birpentsatu, eraberritu eta bizi dugun testuinguruan eraginkorrak izateko helburuarekin.

Aste honetan, Hego Euskal Herriko lau herrialdeetan egin ditugun topaketetan, sindikatuak eremu sozialean esku hartzeko tresna berri baten abiapuntua jarri dugu: Ekintza Sozialeko komunitatea.

LABen sorreratik gure ADN-an daramagun sindikalgintza soziopolitikoa eraberritu eta eraginkortzeko apustua da Ekintza Sozialeko Komunitatea. Gure afiliazio guztiari espazio organizatibo berria eskaini eta gure gihar militantea indartzeko bokazioarekin jaio da Ekintza Sozialeko Komunitatea. Lantokietatik herrira, gure bulkada eraldatzailea hedatzeko helburuari heldu diogu.

Herrialdeka antolatu ditugu lau topaketa. Izen eman duten ehundaka afiliatuekin batera lehen oinarria jarri dugu, komunitatearen izaeraz, egitekoez eta antolaketa formaz elkarrekin gogoetatzeko tartea hartuz. Oso emankorra izan den ariketa egin dugu, datorren ikasturtean martxan jartzeko oinarri sendoak ezarriz.

Topaketan gogoeta eta ekintza elkarlotzeko erabakia ere hartu dugu. Gure komunitatea praktikan eraikiko dugula uste dugulako, Ekintza Sozialeko komunitatea horretarako antolatzen ari garelako: Bizi dugun testuinguru sozialean eragiteko.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...