2024-12-23
HomeIndustriaEraikuntzaEraikuntza sektorean prekarietateak babes politikoa duela salatu dugu

Eraikuntza sektorean prekarietateak babes politikoa duela salatu dugu

Zubietako errauste plantako obran, Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatutako obra, ez da Lan Prebentzioko Legea betetzen, ezta beste segurtasun arau eta lan osasunekoak ere. Halaxe berretsi du Lan Ikuskaritzak, LAB sindikatuak jarritako salaketa ontzat hartuta. Agerraldi bat egin dugu gaur Donostian, horri buruzko xehetasunak emateko.

Gipuzkoako obretara LABek egiten dituen aldikako bisitetako batean, Zubietako errauste plantaren obretan eraikuntzako hitzarmena ez zela betetzen jakin ahal izan genuen, Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatutako obran.

Hitzarmena ez betetzeagatik, 2017/12/04an, Lan Ikuskaritzan salaketa sartu genuen, zehazki hitzarmenaren soldaten azpitik ordaintzen ari zirelako, eta lanaldiak hitzarmenekoak baino altuagoak zirelako. Beranduago obrara beste bisita bat egin genuenean, obra horretan zeuden garabiek legeak dioena ez dutela betetzen ikusi genuen. Hain zuzen ere, laneko gune berean 5 garabi lanean zeuden, eta, hortaz, beste salaketa bat jarri genuen 2017/12/20an.

Urtarrilaren 10ean obrara egindako bisitan, garabiek bere horretan mantentzen zirela ikusteaz gain, anemometroek ez dutela funzionatzen ikusi genuen. Anemometroek haizearen indarra neurtzen dute, eta alarma bat pizten dute haize asko dagoenean eta, horren ondorioz, arriskua sortzen denean.
Ondorioz, 2018/01/11n, Lan Ikuskaritzan idatzia sartu genuen berehalako arriskua larriagatik Zubietako errauskailuaren obra gelditzeko.

LABek 2018/01/30an jaso zuen 2018/01/24an bidalitako Lan Ikuskaritzaren idatzia, non esaten zaigun salatutako egoera benetakoa dela. Hala, enpresei arazo horiek konpontzeko agintzen die.

Zehazki Lan Ikuskaritzak bisita egin zuen, Osalaneko teknikariarekin batera, urtarrilaren 16an, egiaztatuz LABek salatutakoa egia dela, garabiak salatu moduan gune berean ari direla lanean eta langileentzako arrisku larria zegoela.
Era berean, Lan Ikuskaritzak prebentzio planean jasota egon behar zela dio, eta babeserako eta koordinaziorako neurriak hartuta egon behar zutela. Era berean, anemometroak egiaztatzeko eta konpontzeko agintzen du.

Ondorioa: Zubietako errauste plantako obran, Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatutako obra, ez da Lan Prebentzioko Legea betetzen, ezta beste segurtasun arau eta lan osasunekoak ere.
Berriro ere, interes politikoak eta ekonomikoak langileen segurtasun eta osasunaren gainetik jartzen ari dira, eta presak, lan baldintzak eta lan eskubide gabeziak, prekarietatea azken finean, salatzen ditugu.

Eta hau tamalez gertatzen da arauak hausten dituenarentzat ondoriorik ez dagoelako. Enpresak eta euren beste obra batzuen arduradun politikoak, instituzioek, inpunitatez jokatzen dute. Badakite jarduteko era honek ez duela inolako ondoriorik. Lan Ikuskaritzak gertatutakoaren larritasuna onartu arren, ez dute inolako isunik jarri ere egin. Eraikuntzako langile baten bizitzak lanean mugitu behar duen kargak baino gutxiago balio du.
Instituzioek eredu izan behar dute eskubideak, lan baldintzak eta segurtasuna eta osasuna bermatzeko, baina errealitatean enpresa okerrenak bezala jokatzen dute, lan gehiago eskubide gutxiagorekin inposatuz. Interes ekonomikoa segurtasuna eta osasunaren gainetik jartzen dute.

Era berean, salatu nahi dugu Donostiako udalean EAJ, PSE eta PPk joan den asteko udalbatzan izandako jarrera. Udaleko diru laguntza jasotzeko eskaera egiten duten fatxadak berritzeko obretan, ez da beharrezkoa izango Gipuzkoako Eraikuntzako Lan Hitzarmena betetzea, orain arte bezala, EAJ, PSE eta PPren botoei esker. Erabaki honek hitzarmena ez betzetzeari eta esplotazioari ateak irekitzen dizkio. Onartezina eta lotsagarria da. EAJ, PSE eta PPri eskatzen diegu atzera egiteko eta lehen bezala mantentzeko araudia.

LABek bilera eskatua dio Donostiako alkate Eneko Goiari, eta oraindik erantzun ere ez digu egin. Ematen du eraikuntzako langileak ez garela lehentasun berarentzat.

LABentzat oso larriak dira bi gertaerak. Ez dira kasu isolatuak, baizik eta sistematikoki hori da eraikuntzako sektorearen eguneroko ogia. Prekarietatea ez da zoriz gertatzen, arazo politikoa da, eta salatu nahi ditugu bultzatu eta onartzen duten politikariak. LABek ez du onartzen eraikuntza “legerik gabeko sektorea” izatea. Esplotazioarekin amai dezakegu eraikuntzan. Borondate politikoa badago, lan baldintza duinak bermatu daitezke eraikuntzan, baina langileen eskubideak aurrezki ekonomikoaren gainetik jarri behar dira.

LABek lan baldintza duinak berreskuratzeko borroka egingo du eraikuntzan.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...