Euskal Herriko eragile sozial eta sindikalak Kutxen likidazioaren aurka azaldu dira gaur Bilbon. Agiri baten bitartez Euskal Kutxen likidazioa salatu eta erabaki honen kontra euskal erakunde publikoei, alderdi politikoei, gobernuei, legebiltzarrei, foru aldundiei eta udalei behar besteko erabaki politiko eta legegileak har ditzaten eskatu diete.
REAS (Red de Economía Alternativa y Solidaria) – PAH Kaleratzerik ez! – EKA-OCU (Kontsumitzaile Elkartea) – Bilboko Auzo-Elkarteen Federazioa – Euskal Herriko Pentsionisten Plataformak – EZKER GOGOA – AHT Gelditu Elkarlana eta EHNE (Lehen Sektorea) – HIRU (Garraiolari autonomoak) – ELA – LAB – ESK – STEE-EILAS
Euskal Kutxak-Kutxabank likidatzen ari dira zerbitzu publikoari eta gizarte-ekintzari dagokionez. Helburu bakarra, Hego Euskal Herrian urte luzeetan zehar ereindako aurrezki eta aktiboak akziodunen eta espekulatzaileen esku jartzea da.
Kutxen bankarizazioa eta pribatizazioa, haien kontrol publiko eta sozialaren murrizketa latza, gizarte-ekintzaren argaltze etengabea eta jarraitutako hedapen-politika zoroa, banan-banan, suntsitzen ari dira euskal erakunde finantzario publiko bat sortzeko aukera.
Erabaki hauek eragotzi egingo dute aurrezkia eta kreditua Euskal Herriko gizarte osoaren onurarako erabiltzea, euskal produkzio-sare eraginkor bat mantentzea edota guztiok etxebizitza duin bat izan dezagun bermatzeko politikak garatzea, alokairuaren bitartez, esaterako.
Euskal Kutxen aginte-organuetan erabakiak hartzeko gaitasuna izan dutenak dira estrategia hau hautatu dutenak, eta ezin zaie norbere ardurei ihes egin finantza-sistemaren erreforma edota akordioak bete ez izana bezalako kontuak aipatuz.
Beste toki batzuetan, erreforma berdinekin, kutxek iraun egingo dute eta irtenbideak aurkitu dituzte haien kontrol publiko eta soziala mantentzeko. Hori bera posible litzateke hemen ere, orain arte izandako prozesuan atzera egingo balitz eta neurri politikoak eta legegileak hartuko balira kontrol hori handitzeko eta euskal eremua defendatzeko.
Arrazoi hauek guztiak direla eta, behean sinatzen duten antolakundeek euskal erakunde publikoei, alderdi politikoei, gobernuei, legebiltzarrei, foru aldundiei eta udalei eskatzen diegu behar besteko erabaki politiko eta legegileak har ditzaten:
Euskal Kutxen-Kutxabanken bankarizazio eta pribatizazioan atzera egiteko, euskal gizartea defendatzeko funtsezkoak diren ardatzak sendotuz: kontrol publikoa, Euskal eremua, bertarako inbertsioak eta erakundeon izaera soziala.
Euskal kreditua eta aurrezkia pertsonen eta gizartearen mesedetan kudeatzeko balioko duen euskal finantza-sistema publiko bat eraikitzeko.
Eta helburu honekin galdera eta mobilizazio-dinamika bat bultzatuko dugu, Euskal Kutxek akziodun eta espekulatzaile batzuen poltsikoetan buka ez dezaten.