2024-12-23
HomeOharrakLAB sindikatuaEPPKren agurra LAB sindikatuari

EPPKren agurra LAB sindikatuari

Agur t’erdi,

Gure Herriak azken hilabeteotan ezagutu dituen urrats erabakigarriekin batera, Nazio Askapen Mugimenduak bere ildo estrategikoa berregokitu du eta antolaketa berriaren sendotzeari ari zaio. Hau honela, eta prozesu demokratikoa sustatzeko garaian gaudela, eragile apartatzat jotzen dugu LAB: perspektiba honetatik, Kolektiboko kide eta langileok inoiz baino indar gehiagorekin borrokan tinko jarraitzeko animatzen zaituztegu.

Malko, odol eta izerdi ugari bota behar izan du Langileriak, urte luzeetan zehar, egun ‘normaltzat’ hartzen den hainbat eskubide erdiesteko: grebarena, elkartu, bildu edota manifestatzekoa… Tamalez, hain garesti ordaindutako eskubide horiek erabat zapuzten ari dira. Zentzu honetan, lantokietatik harago doan zuen borroka, inor baino hobeto ulertzen dugulakoan gaude gu, Euskal Presoen Kolektiboko kideok: ezen Langile zein Presoon borroka, aske eta duin bizitzeko borroka baita.

ETA-k hartutako erabaki historikoa eta Ezker abertzalean adostu estrategia berritua oinarritzat hartuz, Euskal Preso Politikoen Kolektiboak eztabaida sakon bezain mamitsuari ekin zion iragan udazkenaz geroztik ildo politikoa finkatzeko asmoz. Baldintza petralak izan dira eta Gobernuek setati dihardute Kolektiboaren aurkako neurri errepresiboak areagotuz (sakabanaketa, bakardadea, miaketak, toxikazioa…) eta presoak bahitu politiko gisa erabiliz. Hortaz, eztabaida zinez zaila izan da. Halere, Kolektiboa gai izan da berriro ere oztopo guztien gainetik egoerak eskatzen zituen tamainako erabakiak hartzeko.

Bi fasetan emaniko eztabaida izan da: antolakuntzari dagokiona bata (hain zuzen, GARA eta BERRIA egunkarien bitartez maiatza erdialdera Kolektiboko Mintzakideak ezagutarazi zituena), eta ildo politikoari dagokiona bestea (Adierazpen baten bitartez jendarteari ezagutzera eman zitzaiona Gernikan ekainaren 2an). Gaur, hemen, eta zuek eskainitako aukera paregabea profitatuz, gure hausnarketa konpartitu nahi genuke zuekin:

ANTOLAKUNTZA

Euskal Herriaren alde borrokatzeagatik preso gaituzte. EPPK-ak izaera anitza eta zabala du.

Eragile politikoa gara, eta gure burua antolatzeko eskubide osoa dugu. Horrela izendatu berri dugu gure ordezkaritza, mintzakidetza eta kalean bitartekari talde bat. Aro berriak antolakuntza berria eskatzen du. Gure eredu berriak elkarrizketan eta interlokuzioan sakontzeko helburua du.

ILDO POLITIKOA

Espetxe politika blokeorako tresna erabiltzen ari den unean eta Kolektiboari irtenbide gisa xantaia eta damu politika baino ez zaionean eskaintzen, gatazkaren konponbide integralaz mintzo da Kolektiboa. Prozesu demokratikoaren zerumugan AMNISTIA – AUTODETERMINAZIOA ezarriz eta preso eta iheslarientzat irtenbide kolektiboa aldarrikatuz.

Gure Herrian zabaldu diren baldintza eta aukerak, urte luzeetako borrokaren ondorioak dira. Horren jabeturik gauzkazue eta horrela azpimarratu nahi dugu: borrokak ekarri gaitu honaino eta borrokak zabalduko dizkigu Askatasunaren ateak.

Espetxe politika gerra estrategiaren isla da. Izan ere, EPPK-ak tinko egin dio aurre eta Estatuen asmo ustelak porrot egitera kondenatu ditu. Zentzu honetan, argiro agertzen zaigu borroka moldeen aldaketak ez duela borroka bera zertan alboratu behar. Hartara, ozenki diogu borroka garai dela!

Erakundeak urriaren 20an plazaratutako erabaki historikoarekin bat egiten du Kolektiboak, borroka armatuaren fasea bukatutzat emanez.

EPPK-ko kideok gatazkaren parte eta ondorio gara, aldi berean. Eta parte garen heinean, askapen prozesuan parte hartzeko eskubide osoa dugu. Parte hartze hori, gainera, kalean kokatzen dugu: militante gisa, herritar gisa. Kalean egon bitartean, baina, eta eragile garelako, gaurdanik borrokatuko dugu gure parte hartzea. Ondorio garenez gero, bestalde, gatazkaren konponbidearen atalean gure egoerari ere irtenbidea eman beharko zaio: izan ere, hor kokatzen dugu Gobernuekin balizko negoziazio batean ETA-ri onartzen diogun ordezkatzea gure kaleratzeko akordioak adostu eta urratsak emateko.

Gatazkaren ondorio garela diogu, bai, eta horregatik gauza gara ere beste ondorioak onartzeko eta beraietaz hitz egiteko. Zapalkuntzaren biktimak Euskal Herria eta euskal herritarrok gara. Gatazkak, halere, biktimak eta kaltetuak eragin ditu. Ildo beretik, alde anitzetako minaz jabetzen gara erantzukizun osoz. Ulerkor izateak ez gaitu itsutzen, ordea, samina helburu politiko batzuen alde erabiltzen baita. Hainbeste min eragindako gatazkaren erroak ulertzea alde bakoitzaren ikuspegiarekin ezinbesteko eginbeharra da. Konponbideak ondorioak aztertu eta osatu behar ditu.

Hartara, eta gure Herriarekiko konpromisoarekin bat etorriz, Aiete eta Gernikako Akordioak erreferente politiko nagusitzat hartzen ditugu:

– Aieteko Adierazpena: gatazkaren konponbide prozesua egituratzeko eta negoziazio bide orri gisa sostengatuz.

– Gernikako Akordioa: gatazkaren konponbide integralari begira erreferentzi nagusitzat jotzen dugu.

Halaber, eta damu-salaketa oinarri duen edozein neurri arbuiatuta, urrats berriak emateko prestasun osoa agertu du Kolektiboak eta gaur, hementxe, prestasun berbera berresten dizuegu. Hau esanda, hori bezain argi daukagu ere denon indarrak batera jartzea ezinbestekoa dela, Izan ere, espetxe politika errotik aldatu behar dute Estatuek, indarrean ezarritako salbuespen egoera zein neurriak bertan behera utziz. Hau lortzeko bidean, inoiz baino garrantzitsuagoa bezain premiazkoa iruditzen zaigu herri indar metaketa eta denon arteko elkarlanari eustea.

Horretan gaude, eztabaida etengabe eta dinamikoaz, eta horretan ere zuen sostengu paregabearekin kontatzen jarraituko dugulakoan gaude.

Borrokaren ibilbidea ez da inondik inora erraza; zuekin batera joanez gero, baina, badakigu polita ere badela.

Gaurkoan ere, eskakizun zehatzekin gatozkizue:

1.- Espetxe politika errotik aldatzeko bidean gure mintzakideengana jo eta zuen gogoetak edota eman beharreko urratsak beraiekin konpartitzea.

2.- Estatuek Kolektiboaren antolakuntzaren eskubidea onartu eta komunikazioen muga eta interbentzioak bertan behera utz ditzaten aldarrikatuz, askapen prozesuan gure parte hartzea ahalbidetu eta bermatuko lituzketen urratsak ematea.

3.- Salbuespen egoera eta presoen kontrako gerra estrategia bertan behera gera dadin, indar metaketa eta bultzada biderkatzea.

4.- Gatazkaren ondorioei irtenbidea emateko urratsak eta akordioetarako premiazkoa den negoziazio mahia zabaltzeari begira, presioa areagotzea,.

Denon artean lortuko dugu presoak eta iheslariak kalean egotea. Ez dugu, halere, marko demokratikoa eskuratu arte itxaron behar hori lortzeko. Kalean egon behar dute jada! Gainera, hori erdietsiz gero, gatazka politikoaren konponbide osoan urrats kualitatiboa ematea eta prozesuaren aldeko giro sozio-politikoan eragin biderkatzailea ekartzea suposatuko ditu, Estatuak konponbide prozesuan murgiltzeko urrats atzeraezin bilakatuko ere delarik.

GORA EUSKAL HERRIKO LANGILERIA!!!
GORA NAZIOARTEKO LANGILERIA!!!
GORA LAB!!!

AMNISTIA-AUTODETERMINAZIOA

EPPK

Euskal Herria bihotzean, 2012ko ekaina

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...