2024-12-19
HomeEkintza PolitikoaEnpleguko Pentsio Plan eta Fondoen Legeak pentsio sistema publikoa ahuldu eta langileriaren...

Enpleguko Pentsio Plan eta Fondoen Legeak pentsio sistema publikoa ahuldu eta langileriaren arteko arrakalak handituko ditu

LABek banaketa sisteman oinarrituko den pentsio sistema publiko indartsu baten aldeko apustua egiten du pentsiodun guztien bizitza duina bermatzeko bide bezala. Bide horretan aldarrikatu dugu euskal pentsio sistema publiko propio bat, Gizarte Segurantzarako lege propioaren proposamenean jasoz.

Ekainaren 30ean, ordea, Espainiako Estatuko kongresuan onartu zen legeak kontrako norabidean jarri gaitu: kapitalizazioan oinarritzen den eredu pribatuari atea ireki eta berau orokortzeko zutabeak ezarri dituzte. Beraz, onarturikoa ez da aldaketatxo bat izan, orain arte, guztiz ahulduta egon arren, indarrean mantendu den eta elkartasun zantzuak izan dituen pentsio sistemaren norabide aldaketaren lehen urrats gisa uler dezakezu, gelditzeko geratu den aldaketa gisa alegia.

Legea onartu izana pentsiodunen eta oro har langileria guztiaren kalterako izango dela uste dugu. Izan ere honako aldaketak jasotzen ditu:

– Banaketa sistema huts batetik kapitalizaziorako aldaketa. Elkartasun sistema batetik, erabat ez  nahikoa izan arren elkartasun mekanismoak badituen batetik, norberaren aurrezkien araberako sistema batera. Gainera, ez da inolako birbanaketa mekanismorik ezartzen, pentsio murritzenak dituztenei beste guztien baldintza berberak ezarriz.

– Langileen arteko arrakalak handitu.

  • Ekarpenek kenkari fiskalak izango dituzte, baita gizarte segurantzako kotizazioetan murrizketak ere. Ondorioz, diru publikoarekin, langile guztien diruarekin (pentsio plan bat duenaren eta ez duenarenarekin) finantzatuko dira hein handi batean. Horrek langileon artean dauden arrakaletan sakontzen lagunduko du. Izan ere, egoera kalteberenean dauden langileak izango dira pentsio plana izateko aukera gutxien izango dutenak, gainerako langileen pentsio planen finantzaketa euren gain ere hartuz.
  • Langile askok uko egin beharko diote pentsio plan hauek izateari -eta legeak hori egitea ahalbidetzen du- egungo euren soldatek margen gutxi dutelako etorkizuneko balizko pentsioei ekarpena egiteko. Horrez gain, negoziazio kolektibotik kanpo dauden langileak (etxeko langileak zein bestelako sektore batzuk) plan hauetatik kanpo geratuko dira.
  • Ez da zehazten enpresa eta langileen artean nola banatuko diren ekarpenak, posible izanik enpresaren ekarpena txikiagoa izatea. Gainera, hitzarmenetan langileen artean ere ekarpen desberdinak egitea ahalbidetu daiteke, arrakalak handitzeko tresna paregabea sortuz.
  • Gainera, urtez urte erosahalmena galtzen ari den langile belaunaldiak euren etorkizuneko pentsioa eta egungo pentsiodunena finantzatu beharko du.

– Estatalizazioan izugarrizko urratsa emango da. Nafarroak ez du pentsio plan propioak garatzeko eskumenik, beraz, bertako langileei Estatu mailan erabakitako eredua ezarriko zaie. EAE-n eskumen zabalagoak izanik, Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Elkarteen (BGAE) ereduarekin elkar-bizi daitekeen eredua ezarriko dela dirudi, garapena zein izango den ikusteke, bertako enplegu planen ordez Estatu mailakoa hautatzeko aukera irekitzen baita legean.

– Entitate pribatuen esku utziko da planen gestioa, non eta ustelkeriaren estatuan. Langileen pentsioekin negozioa burutuko dute finantza erakundeek.

– Ez da zehazten erreskatea errenta bidez egiteko betebeharra, beraz, kapital moduan erreskatatzeko aukera egongo litzateke,pentsio planen helburua erabat desitxuratuz. Pentsioak osagarritzeko helburua aldarrikatzetik, aurrezki produktu izatera pasa daitezke.

– Europar Funtsek baldintzaturiko neurrietako bat da sistema publikoaren eraispena eta langileon aurrezkiak kapitalizazio eredu pribatizaturako bidea egitea. Behin baino gehiagotan adierazi dugu funts hauen norabidea zein ezarritako baldintzak langileon bizkarrean inposatu nahi direla eta honakoa adibide berri bat baino ez da.

– Pentsio pribatuak modu orokortuan bultzatzeko legea da onartu dena eta bigarren urratsa pentsio publikoak ahultzea eta kaltetzea izango da. Eredu honekin arrakaletan sakonduko dugu, gutxieneko pentsio duin bat lortu ahal izateko aldarria gero eta urrunago geratuz. Salatu izan dugun moduan, pentsio sistema publikoaren eraispena tantaka gauzatzen ari dira. Abenduan,Jasangarritasun Faktoreari izena aldatu zien izaeran egiturazko aldaketarik egin gabe eta KPIarekin egindako azpijokoek erakusten dute lege proposamen honen norabidea ere zein den: Urratsez urrats, prestazioak duintzea baino, pentsio sistema publikoa biziraupen hutserako sistema gisa hezurretaraino hustea.

LABek bertako pentsio sistema publikoaren alde lanean jarraituko du, besteak beste lege proposamen honen eta gisakoen aurka posizionatuz eta berau borrokatuz, bertako pentsio sistema publikoaren eraikuntzarako proposamen desberdinak garatzen ditugun bitartean.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Israelera armak bidaltzea errazteari uzteko eskatu diogu Portu Agintaritzari

LAB sindikatuak gutun bat erregistratu du Santurtziko Portuko Agintaritzan, honi eskatuz nazioarteko zuzenbideko arauak betetzeko erantzukizuna bere gain har dezan eta Palestinako genozidioa eta mundu osoko gerrak sostengatzen dituzten armak eta edozelango gerra materiala bidaltzea eragotz dezan eskatzeko.

Bizkaiko nagusien egoitzetako ratioa 4 egoiliarreko langile 1ekoa izatea exijitzen dugu

Konfrontazio eta mobilizazio dinamika bati ekingo diogu Bizkaiko nagusien egoitzetan ezartzen den ratioen dekretuaren aurka. Horrela, zuzenean interpelatzen ditugu Bizkaiko Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza, eta Bizkaiko egoitzetan egunero bizi den tratu txar egoeraren arduradun egiten ditugu.

EAJk EITB bere alderdi interesen mesedetan erabiltzeko duen asmoa salatu nahi dugu

LABek gogor salatu nahi du EAJk, beste behin ere, EITB bere alderdi interesetarako erabiltzeko erakutsitako asmoa, eta, oraingoan gainera, batere lotsarik gabe eta inpunitate osoz, publikoki adierazi izana.