2024-12-22
HomeEkintza PolitikoaEnpleguaren egiturazko arazoek errotiko aldaketa baten beharra dute

Enpleguaren egiturazko arazoek errotiko aldaketa baten beharra dute

Enplegu plan batek enpleguaz harago doazen politika aldaketak jaso beharko lituzke eta horrez gain, aldaketa horiek egin ahal izateko eskumen eta baliabideak izan. Izan ere, nola lortu kalitatezko enplegu industriala jendartearen beharrak asetzea baino kapitalaren interesei begira eginiko industria politika badugu? Nola duindu zaintza lanak merkatuaren logikari erantzuten dion zaintza sistema irauli gabe? Posible ote da kalitatezko enpleguaren sorrera digitalizazioa eta robotizazioa langileon lan baldintzen hobekuntzaren mesedera jarri beharrean gutxi batzuen diru sarrerak ugaritzeko erabiltzen ari diren honetan?

Egun, kalitatezko enplegua sortu eta zabaltzeko eragozpen nagusia lan erreforma dugu. Prekarietatea erruz zabaldu da azken urteetan gurean, eta Jaurlaritzak uko egin dio bere posiziotik hemen erreformaren aplikazioa indargabetzeari begira egin zezakeen lanari. 2020ko urtarrileko greba eta gero, LABek,  ELArekin batera, prekarietateari aurre egiteko akordioak proposatu genituen (1200 €-ko gutxienezko soldata, subrogazioa azpikontratetan, emakumeak pairatzen duten soldata arrakalarekin amaitu, 35 lanorduko astea eta  lanaldi partzialetan, gutxienezko 20 orduko asteko lanaldia). Jaurlaritzak ez zituen aldarrikapen hauek babestu; Confebaskekin lerrokatu zen, beste behin langileei lepoa emanez.

Lan erreformari dagokionez, argi utzi zuen Iñigo Urkullu lehendakariak aurreko udan, ez zeudela lan erreforma derogatzearekin ados, eta berdin jarraitzen dute, ez derogatzeak patronalari mesede egiten diolako(kalerapenak erraztu eta prekarietatea hedatu).

Gainera, Euskal Herriak enpleguari dagokionez dituen erronka handiei, Jaurlaritzak kapitalaren eta patronalaren aldeko politika eta ekinbideekin erantzun die orain arte:

Jaurlaritzak bertako enpresetan kanpoko kapital eta fondoek gero eta presentzia handiagoa izatea ahalbidetu du, baita hasiera batean diru publikoarekin sorturiko enpresetan ere (Euskaltel, Gamesa, Aernova…), eta horrek deslokalizazio arriskua areagotzeaz gain dagoeneko indar handiz eragiten digun desindustrializazio prozesuan eragina dauka. Administrazio publikoko enplegua gero eta prekarioagoa da behin-behinekotasun tasa izugarriak erakusten digun bezala, eta horri, enpleguaren prekarizazioa handitzen duen zerbitzu publikoen etengabeko pribatizazioa gehitu behar diogu. Enplegu askotan digitalizazio eta robotizazio prozesuak errealitatea dira dagoeneko, eta oraindik orain, prozesu hauek kapitalaren mozkinak handitzeko erabiltzen dituzte, enplegua galtzera kondenatuz. Trantsizio ekologista abian jartzea premiazkoa dugun honetan, planifikazio egingarri eta eraginkor baten falta nabaria da, baita enpleguaren ikuspuntutik. Bizitzaren sostengarritasunerako ezinbestekoak diren eta zaintza lanak burutzen dituzten langileen prekarietate egoera eskandalugarria da, zerbitzu publiko izaera beharko luketen enpresen mozkinen onurarako.

Testuinguru horretan aurkeztu berri digu Jaurlaritzak 2030 enplegu plana. Lehen irakurketan interesgarria iruditu dakiguke: helburu erakargarriak jasotzen ditu bere baitan; kalitatezko enplegua, ekoizpen eredura moldatzen den enplegu erresilientea, enplegu politika aktiboen eskubide subjektiboa eta aukera berdintasuna ditu ardatz nagusi, norabide horretan hainbat proiektu traktore proposatuz.

Letra txikia irakurriz ordea, enplegu politikak ezarri ahal izateko aipatzen dizkiguten plan eta lege proiektuek ez die langileriaren egoerak eskatzen duenari erantzuten, patronalaren interesei bazik. Jaurlaritzak, planean aipatzen diren helburuak betetzeko orain arte erabili dituen errezeta berdinak erabiltzeko asmoa azaldu du, ezarri dituen helburuak ez direla beteko jakitun bada ere. Berriz ere enplegu plana Confebaskek markatu nahi dituen politiken mesedetan jarri dute. Hitz politak harago, Gobernuan ez dago borondaterik biztanlegoren gehiengoa den langileen beharrei erantzuteko ezta hauen aldeko enplegu plan eraginkor bat garatzeko.

Planak jasotzen dituen proiektu bakanek ere, ez dute egiturazko aldaketak egiteko aukerarik ematen. Lanbide hobetzeko proposamenak ere ez du bermatzen enplegu zerbitzua tresna eraginkor bat bihurtzeko beharko lukeen eraldaketa egingo denik.

Eta dirudienez, planaren eztabaida eta erabakiguneetatik urrun nahi gaitu Jaurlaritzak, urrun nahi ditu patronalaren posizioa kolokan jar dezaketen LAB bezalako sindikatuak, izan ere, berriz ere Euskadiko Elkarrizketa Sozialaren Mahaiari Estrategiaren gobernantzarako funtsezko izaera ematen baitio.Gobernantza, Jaurlaritzaren erabakiak zuritzea eta Confebasken plana (prekarizazioa eta enplegu suntsiketa) garatzea beste helbururik ez duen gune bati. Non geratzen dira langileen interesak?, non defendatzen dira langileen eskubideak? Elkarrizketa sozialeko mahaian ez behintzat, hemen patronalaren etekinak eta Gobernuaren interesak bakarrik lantzen dira.

Gobernuak langileak abandonatu ditu; langileak beraien eskubideak lan zentroetan eta kalean defendatzen ari dira, borrokaren bidez, eta LABen babesa izango dute beti.

Euskal Herriko langileriak patronalaren interesak alde batera utzi eta proposamen orokor eta abstraktuetatik harago joango den eta kalitatezko enplegua sortuko duen enplegu plan eraginkor bat behar du, langileon beharrizanak kontuan izanik garatuko diren politikak abian jartzeko. Norabide horretan lan egiten ari da LAB, bere proposamen sozioekonomikoa eragile soziopolitiko eta sindikalen eskura jarri eta lan eta bizi baldintza duinak lortze bidean behar diren eztabaidak sustatuz.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...