2024-11-24
HomeEkintza SindikalaEnplegua lanaldi-murrizketaren bidez banatzearen aldeko apustua egin dugu Volkswagenen

Enplegua lanaldi-murrizketaren bidez banatzearen aldeko apustua egin dugu Volkswagenen

Astean 32 ordu lan egitea. Hau da, urteko banakako 216 lanalditik 173 egunekora pasatzea. Soldatarik galdu gabe. Horixe proposatu du gaur LAB sindikatuak Iruñean eman duen prentsaurrekoan, Landabengo Volkswagen lantegiko plantillaren ustezko soberakinari aurre egiteko. Sindikatuaren arabera, bere proposamenak lan guztia banatzea ahalbidetuko luke, behar diren egunetan lantegia irekitzea ahalbidetuko luke eta ekoizteko gaitasuna mantenduko luke.

Asier Calderón LABeko Industria federazioko arduradunak eta Raul Portillo Volkswagenen sindikatuak duen ordezkariak prentsaurrekoan azaldu duten bezala, aurreikuspen negatiboenen arabera, 400 eta 600 pertsona artekoa izanen da Volkswagen Nafarroan modelo elektrikoak fabrikan egitean plantillaren soberakina. Enplegua banatzeko LABek egindako proposamenak soberakin hori osorik irentsiko luke, lantegia urtean 218 egunez irekita edukitzea ahalbidetuko luke, eta ez luke inolaz ere ekoizpen-gaitasuna murriztuko.

Volkswagen Nafarroako lantegiaren elektrifikazioa multinazionalak hartutako konpromiso bat da, langileok betetako akordioen ondorioz bete beharrekoa. Akordio horiek produktibitatearen eta urteko lanaldiaren handitzea suposatu dute. Horren ondorioz, lan erritmoak eta denborak handitu direnez, lesio muskulu-eskeletikoetako aldi baterako desgaitasunak biderkatu dira. Modu berean, soldata eskala hirukoitza bertze urte batez luzatzea suposatu du ere, prekaritatea handituz.

Mutuen akordioak Osasunbidearen bitarteko ekonomikoak murrizteko baino ez du balio izan, gaizki deitutako Gizarte Segurantzaren entitate laguntzaileen mesederako, kontingentzia arrunten gestioa mutuetara pasatuz. Horren ondorioz absentismoak %3,5 egin du goiti, eta hala ere horiek diruz laguntzen jarraitzen da.

LABek ez zituen akordio horiek sinatu. Bertze proposamen batzuk egin zituen, baina entzungor egin zitzaien. Hala ere, LABeko jendeak, lankide guztiek bezalaxe, egin ditu egin beharrekoak. Orain enpresari dagokio bere aldea betetzea.

Elektrifikazioa  aldaketa teknologiko bat da, enpresak bere gain hartu behar duena. Automozioaren industria etengabeko eboluzioan dago, beraien negozio eredua da. Ez da deus berria.

Volkswagen Nafarroa ekonomikoki saneatuta dagoen enpresa bat da, urteroko 60.000.000€ko onurak dituena. Automozioko bertze marken moduan, Volkswagen PERTEaren hautua egin du [ekonomia berreskuratzeko eta eraldatzeko proiektu estrategikoa], berez enplegua mantentzeko helburua duena, eta prentsan agertu denaren arabera ―ez baitute inongo informaziorik eman honen inguruan―horri esker 167.000.000€ jasoko ditu, hauetatik 95.000.000€ zuzeneko subentzioen bitartez jasoko dituenak.

Multinazionalari ardura soziala exijitu beharra zaio, herritarrak izanen baitira zergen bitartez  diru injekzio hori ahalbidetuko dutenak. Eta horretarako, pastelaren puska handiena zeinek eramanen duen erabakitzeko lantegi desberdinen arteko lehia bat baino, beharrezkoa dena lanaren banaketa bat da, lanaldiaren murrizketan oinarrituko den lan banaketa bat. Baja eta absentismoa murriztea suposatuko duena.

LABek aurre eginen dio Volkswagenen plantillaren edozein murrizketari. Lanaldia murrizteaz eta lana banatzeaz hitz egiteko aukera paregabea zabaldu da. Eta haren aitzinean, LABek proposamen guztiz egingarri bat mahaigaineratu du, onura sozial nabarmenak ekarriko lituzkeena.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.