Langileek mobilizazioa egin dute Bilbon, Plaza Eliptikotik abiatuta, eta mobilizazioaren amaieran erregistratu dute deialdia, Lan Harremanen Kontseiluan.
Azken bi urteetan Enplegu Zentro Berezietako langileekin egindako antolakuntza prozesuaren ostean, LABek mahaia deitu du urtarrilaren 29rako, Enplegu Zentro Berezien EAEko lehen lan hitzarmenaren alde borrokatzeko. Estatalizazioaren kontrako borrokan eta sektoreko langileen lan baldintzak hobetzeko eta duintzeko ibilbidean ezinbesteko urratsa eman du sindikatuak. Gaur mobilizazioa egin dute Bilbon Enplegu Zentro Berezietako langileek, eta mobilizazioaren amaieran erregistratu dute deialdia, Lan Harremanen Kontseiluan.
Bertan izan da Garbiñe Aranburu LABeko koordinatzaile orokorra eta langileek bizi duten prekaritateaz ohartarazi du: “Enplegu Zentro Berezietako lantegietara zokoratuak dira, baztertuta eta diskriminatuta daude, ikusezin bihurtuak, eta errealitate hori betikotzen ari da”. Langileek sistematikoki jasaten duten diskriminazioa kritikatzearekin batera, sistemarentzat “lan esku merkea” direla salatu eta administrazioaren ardurak seinalatu ditu Aranburuk, langileen integrazio soziolaboralaz hitz egin bai, baina “diskurtso hutsa” egiten dutelako, “Enplegu Zentro Berezien eredua diru publikoz mantentzea justifikatzeko” baliatzen dutena.
Instituzioekin batera enpresek onura ekonomikoei lehentasuna ematen diete, eta langileen garapen pertsonala eta eskubideak zapaltzen dituzte, eskubide osoko langileak izatea eragozten diete, egoera erabat prekarioak eraginez eta lan baldintza baztertzaileetan betikotuz.
LABen eskaria argia da: aniztasun funtzionala duten langileek lan merkatu arruntean, gainerako langileen lan baldintza berberetan lan egiteko eskubidea izatea. Bide horretan lehen urratsa lan hitzarmen propio bat sortzea izango da, lan baldintzak arautzeko.
Enplegu Zentro Berezietako soldatak lanbide arteko gutxieneko soldatara lotuak daude, eta horrek guztiz mugatzen ditu sektoreko langileen bizi baldintzak. Egoera horren aurrean, LABek sektorea arautzeko eta lan baldintzen negoziazioa gure herrira ekartzeko, mahai negoziatzailera deitu ditu ELHABE patronala eta sektorean ordezkaritza duten beste sindikatuak.
Elkarlanean aritzeko deia egin nahi die LABek gainontzeko sindikatuei. ELHABEri, aldiz, arduraz jokatzeko eskatzen dio, hitzarmena aurrera ateratzeko konpromsioa adieraztearekin batera, mahai negoziatzailean jarrera eraikitzailea izan dezala.
Hego Euskal Herrian 10.000 langilek dihardu Enplegu Zentro Berezietan eta Nafarroan ere ibilbidea marrazten ari da LAB sektoreko langileekin batera, elkarrekin estatalizazioak dakarren miseriari aurre egin eta lan hitzarmen propioa lortzeko.