2024-12-22
HomeFederazioakZerbitzu PublikoakEnplegu publikorako gaitasun osoa duen geure lege bat proposatuko dugu gaurko Lakuako...

Enplegu publikorako gaitasun osoa duen geure lege bat proposatuko dugu gaurko Lakuako bileran



Gaur aurkeztuko diguten testuan jasoko den erantzukidetasun printzipioaz gain, LABek proposatua hain zuzen, Eusko Jaurlaritzak Madrilen esanetara eta neoliberala den lege aurreproiektua inposatzeko estrategiarekin jarraituko duelakoan gaude. Era berean, negoziazio kolektiboaren eta jendartearen benetako errealitateen gainetik pasatuko da.

Gaur, Euskal Enplegu Publikoaren Legearen inguruan aritzeko “negoziazio” mahaia deitu dute EAEko Mahai Orokorrean. Pasa den udazkenean jaso genuen aurreproiektu proposamena eta abenduaren 26 bitarte alegazioak egiteko aukera izan dugu. Tarte honetan guztian Gobernuak bilera bakarra deitu du, beraien ustez nabarmentzekoak diren atalen inguruko aurkezpen xalo bat emateko.

Lege aurreproiektuak gabezia handiak dituela salatu izan dugu hasieratik:

• Estatuko legediaren garapen soil batetara mugatzen da, Langile Publikoen Oinarrizko Estatutu (EPOE- EBEP) delakoaren ildo berdintsua jarraitzen du. Legebiltzarrak izan dezakeen gaitasun legegileari uko egiten zaio eta honek zerbitzu publikoak estatuaren etengabeko injerentzien menpe kokatzen ditu.
• Horren harira euskal administrazioetako langileak behin-behinekotasunera kondenatzen ditu. Legeak ez ditu etengabeko enplegu eskaintzak arautzen; honek estatuan ezartzen diren birjartze tasen menpe uzten gaitu.
• Murrizketen aroari amaiera emateko neurriak ez ditu barneratzen. Langile publikoek galdutako hainbat eskubide legez arautzeko aukera aproposa dauka Jaurlaritzak, hitzetatik ekintzetara pasatzea alegia. Murrizketak gustuko ez dituztela esan baina berauek aplikatu eta betikotu ez da jarrera onargarria.
• Legeak daukan helburu nagusia ikuspegi merkantilista txertatzea da. Estatuan barneratzen ari diren irizpide neoliberalen eskutik, pribatizazioak sustatu, lanpostuak amortizatu eta langileen erabateko mugikortasuna aurreikusten du Legeak. Administrazioei erabateko aldebakartasuna eman nahi die legeak, esparru pribatuan lan erreforma ezberdinek egin ohi izan duten bezala. Aipatzekoa da negoziazio kolektiboaren eskubidea ez dela erabat errespetatzen Lege aurreproiektuan; akordiotara iristeko beharra ez dio ezartzen administrazioari.

• Zerbitzu publikoen kalitaterako oso garrantzitsuak diren gaiak garatzeko aukera ezin hobea galdu da. Lan osasuna, zerbitzu publikoak euskalduntzea eta aukera berdintasunaren aldeko apusturik ez da Legean antzematen.

LABk argi ikusten du aurreproiektu honek ez diela erantzuten euskal zerbitzu publikoetan dauden beharrei. Legea erabat subordinatua dago eta ikuspegi merkantilista garatzeko aurreikusia dago. Gure ustez gaitasun legegile osoa garatzea beharrezkoa da eta horren harira hainbat proposamen egin ditugu.

• Erosahalmenaren berreskurapenerako xedapen iragankor bat proposatu dugu.
• Negoziazio kolektiboa aurrekontu estaldurari ez lotzea eskatu dugu.
• Gaixotasun arruntengatik bajak %100 osagarria legez jasotzea.
• Ordezkapen guztiak lehen egunetik egitea.
• Ikuspegi merkantilista eta adiskidekerian oinarritzen diren neurri guztiak ezabatzea.
• Zuzendaritzen hautaketa prozesuak gardenak eta langileen parte hartzearekin egitea.
• Behin-behinekotasunari aurre egingo dieten neurri zehatzak, horien artean existitzen diren bakanteen
kobertura bermatzeko etengabeko enplegu publiko eskaintzak arautzea.
• Subrogazio eskubidea langile guztientzat.
• Gaixotasunen jarraipenerako kudeaketa publikoa izatea – mutualitaterik ez!
• Zerbitzu publikoak euskalduntzeko neurriak – funtzio publikorako sarbidean euskara ezagutza
bermatzea.
• Klausula feministak, administrazioetan ere gizon eta emakumeen arteko aukera berdintasunean aurrera
pausoak eman daitezen.

Gai honetan bereziki kokatu nahi genuen gure arreta. Azken egunetan Gobernuak iragarri du Legean erantzukidetasun irizpideak txertatuko dituela, aurkeztutako aurreproiektuan ez bezala. LAB sindikatuak aurkeztutako alegazio sortaren artean erantzukidetasun neurri zehatzak planteatzen ziren. Guretzat garaipen bat izan da Gobernuak bere burua neurri horiek onartu behar izatera ikustea. LAB sindikatuarentzat estrategikoak dira erantzukidetasuna bezala gizon eta emakumeen arteko aukera berdintasuna ahalbidetzen dituzten neurriak enpresa eta administrazio guztietan kokatzea. Gobernuari eskatzen diogun bakarra, propaganda alboratu eta benetan neurri hauek garatzerako garaian LABek planteatutako bidetik egin dezan.

Honekin batera, guk egindako gainontzeko proposamenak ere gauzagarriak direla uste dugu. Zerbitzu publikoen defentsan benetako geure lege bat negoziatzeko borondatea besterik ez da behar. Zain gaude ea hurrengo bileretan gobernuaren jarrera zein ote den. Hala ere orain arteko aldebakarreko jarrera albo batera utzi beharko du, mahaiaren gainean jarri duten Lege aurreproiektua ez baita gure ikuspegiz onargarria.

Bileraren osteko irakurketa
Aurreikusi bezala, Jaurlaritzak ez du gaitasun legegile osoa erabili nahi, eta Madrilgo Enplegu Publikoaren legea garatzera mugatuko da.

Bestalde, aurreproiektuaren bertsio berriak aurreko asteetan Jaurlaritzak iragarritako erantzukidetasun proposamena gezurtatu egin du. Orduan Erkorekak aitatatasun eta amatasun baimenak 18 astez eta transferiezinak iragarri zituen, eta testuak ez du transferiezintasun printzipioa jasotzen, eta baimena16 astera mugatzen jarraitzen du.

Bileraren aurretik LABek elkarretaratzea egin du Lakuako egoitzaren ondoan, eta komunikabideei dagoeneko adierazi die bileratik eta proposamenetik espero zuena, bai eta LABek egindako zuzenketa proposamenen berri (goiko testua).

Zoritxarrez gure aurreikuspenak bete dira, eta testu berriak aurrekoarekiko nabardurak baino ez ditu jaso, mamira heldu gabe: negoziazio kolektiboak ukatuta jarraitzen du, fidatzekoa ez den administrazio baten konpromisoak, murrizketak atzera botatzeko asmorik ere ez… Bajen osagarriak %100era lehen egunetik ordaintzea posible eta beharrezkoa da LABen ustez. Eusko Jaurlaritzak bere eredu neoliberalarekin jarraitzen du, zerbitzu publikoak jendartearen mesedean jartzea baino.

LABek borrokan jarraituko du, planteatzen dituen proposamenak gauzagarriak direlako. Hori bai, borroka oraindik luzea eta nahasia da. Bilera antzu hauen ondoren Jaurlaritzak alde bakarrez onartuko duen proiektua parlamentura joango delako, non honezkero aukeratu duen gehiengo politikoarekin onartzeko asmoa duen. Esan bezala, ez gara geldirik egongo eta langileak adi egotera eta mobilizazioetara deituko ditugu.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...