2024-12-22
HomeEkintza PolitikoaEnplegu prekarioa ari da sortzen, eta Madrilgo lan erreformak ez die erantzuten...

Enplegu prekarioa ari da sortzen, eta Madrilgo lan erreformak ez die erantzuten testuinguruaren beharrei

Enplegua errekuperatzen ari da, horixe da gaurko prentsan titular gehienetan irakurtzen ari garena. Izan ere, Hego Euskal Herrian azaroan baino 2.610 langabetu gutxiago zeuden abendu bukaeran, eta gainera, gazteak eta emakumeak dira enplegua lortu duten gehienak, zerbitzuen sektorean batik bat.

Titular horrek ordea irakurketa desberdinak dauzka. Oraindik 146.871 pertsona baitaude enplegu bat topatu nahian eta ezinean, eta horietatik bi herenek ez du inolako prestaziorik jasotzen. Epe luzeko langabezia izugarri handitu da azken hilabeteetan, prekaritatea nagusi da sortzen den enpleguan, eskarmentu nahikoa dugu gazteen eta emakumeen enplegua sortzen denean kalitate eskasekoa izaten dela esateko. Soldata arrakalak errealitate gordina izaten jarraitzen du, eta egin diren kontratuetatik %91 behin-behinekoa zen.

Krisitik atera garen diskurtsoa nagusitzen hasteko arriskuan gaude, eta errealitate honen aurrean memoria pixka bat egitea tokatzen zaigu. Izan ere, 2008ko krisitik hainbat lan erreformekin atera ginen, krisia “gainditzea” ez zen langileriaren onerako izan, kalterako baizik.

Estatu Espainolean ezarri zituzten 2010 eta 2012ko lan erreformek oso modu sakonean aldatu zituzten Hego Euskal Herriko lan harremanak. Erreforma haiek hain izan ziren sakonak, non hamarkada baten ondoren biztanleriaren lan eta bizi baldintzak nabarmen okertu baitzituzten. Hego Euskal Herrian pobrezia areagotu egin da, desberdintasun sozialak handitu, kapitalaren eta lanaren errenten arteko desproportzioa hazi, soldata arrakalak areagotu dira… Luze jo genezake lan erreformen ondorio kaltegarriak zerrendatzen jarraituko bagenu. Nolanahi ere, zera azpimarratu nahi genuke: erreforma haiek langileriaren aurkako eraso zuzena izan zirela, patronalari eta kapitalari eginiko opari handi bat, eta ondorioak oso kaltegarriak izan direla Hego Euskal Herriko gehiengo handienarentzat.

Eta testuinguru honetan adostu dute Madrilen lan erreforma berria, ez da Euskal Herriko langileriak behar duen erreforma. Hego Euskal Herriko langileriari bere bizi eta lan baldintzetan hain modu zuzenean eragiten dion erreforma adostu dute, bertako eragileen inolako parte hartzerik gabe. Urrun geratu da lan erreformaren indargabetzea, urrun egungo egoerak eskatzen duen lan erreforma.

LABen sakoneko aldaketak behar direla uste dugu, eta ziur gaude aldaketa horiek ez direla Madriletik etorriko. Bada garaia bertako bide orriari eusteko, eta bide horretan, bertako langileriaren hoberako izango den lan kode baten aldeko apustua egiten dugu, egun, herri eta klase bezala ditugun erronkei erantzungo dion lan kode baten aldekoa.

Eta aipatu helburuekin mobilizatuko gara urtarrilaren 27an. Lan erreforma arbuiatu, patronalari ez aplikatzeko exijitu eta enplegu duinaren defentsan mobilizatuko gara.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...