2025-04-24
HomeIdazkaritzakIdazkaritza FeministaEmakumeontzako justizia aldarrikatu dugu Hego Euskal Herriko epaitegien aurrean

Emakumeontzako justizia aldarrikatu dugu Hego Euskal Herriko epaitegien aurrean

LABek mobilizazioak egin ditu gaur Bilbo, Donostia, Gasteiz eta Iruñeako epaitegien aurrean, Emakumeenganako Indarkeriaren Kontrako Nazioarteko Egunaren atarian. Emakumeontzat justizia eskatu dugu eta salatu, gaur gaurkoz, oraindik ere emakumeok pairatzen dugun indarkeria matxista ez dela lehentasun bat eragile politikoentzat.

Garbiñe Aranburu idazkari nagusiak Bilbon adierazi duen moduan, “ondorio horretara iristen gara emakumeen kontrako indarkeriarako epaitegiek duten egoera aztertu ondoren. Horren inguruko txostena egin dugu eta emakumeontzako justiziarik ez dagoenaren ondoriora iritsi gara. Ondorio hauek indartu egiten dira gainera zenbaitetan epaitegietatik datozen sententzien aurrean, azkena atzokoa, agerian uzten duena emakumeon babesgabetasuna.”

Emakumeekiko indarkeria epaitegien egoeraren inguruan LABek egindako txostenean oinarrituz, lau ondorio azpimarratu ditu Aranburuk: “Lehena, hasieratik bertatik epaitegi horiek beharrezko bitarteko egoki gabe sortu zirela, bitartekoei eta langileei dagokienez. Bigarren ondorio prestakuntza eza da. Horrelako prozesuetan arreta eman eta parte hartzeko ezinbestekoa da genero ikuspegia barneratua izatea, hori da bermea benetako justizia egin ahal izateko eta hori, gaur gaurkoz, ez da betetzen, langileek ez dutelako derrigorrezko prestakuntzarik arlo honetan. Hirugarrenik, emakume etorkinek dutena da egoerarik larriena, informazio eskuratzeko zailtasun gehiago dutelako eta, beste alde batetik, interprete zerbitzu nahikorik ez dagoelako eta honek oztopatu egiten duelako beraien eskubideak bermatu ahal izatea. Azkenik, epaitegi horiek arkitektonikoki ere ez daude nahikoa prestatuta, biktimaren intimitatea ez delako bermatzen eta adingabekoekiko babes neurriak ez direlako errespetatzen”.

LABeko idazkari nagusiak gaineratu du: “Guzti honetatik ateratzen dugun ondorioa da justizia hau ez dela emakumeen eskubideen bermatzailea eta justizia hau badela gaur egun indarrean dagoen sistema kapitalista heteropatriarkalaren horren isla”.

Aranburuk adierazi du LABek egoera salatu eta mobilizatzen jarraituko duela, eta igandean bertan Mugimendu Feministaren deialdiekin bat eginez, hiri eta herrietako kaleak betetzeko deia egin du.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek LEP partzialaren eta behin-behinekotasuna murriztearen aldeko botoa eman du Nafarroako Mahai Orokorrean

Euskararen eta Europar Batasuneko hizkuntzen ezagutza zein lanpostutan baloratuko den jasotzen duen plantillaren aldaketa, ordea, aurrera atera da, bertan zeuden sindikatuetako bakar baten babesik gabe.

[IRITZIA] Sindikalismo feminista internazionalista: Rana plaza gogoan

Jarraian irakur dezakezue Amanda Verrone Nazioarteko Idazkaritzako kidearen eta Elixabete Etxeberria eta Maddi Isasi Idazkaritza Feministako kideen artikulua.

LABek UGTSARIOren X. kongresuan parte hartu du: autodeterminazioaren aldeko borrokarekin konprometitutako elkartasun sindikala

LAB sindikatuak UGTSARIO sindikatu sahararraren X. kongresuan parte hartu du. Mahjub Brahim-i, sindikalismo sahararraren martiria eta erreferente historikoari, eskainitakoa izan da. Bertan 400 ordezkari sahararrek eta nazioarteko 80 ordezkarik hartu dute parte. Hiru eguneko kongresua izan da, eta bertan hainbat herrialdetako sindikalista, aktibista eta militantek beren konpromisoa berretsi dute Mendebaldeko Sahararen independentziaren aldeko borrokarekin, Marokoko okupazioaren kontra batasuna adieraziz eta nazioarteko elkartasun sareak sendotuz, eta horien artean izan da LAB.