2024-12-22
HomeIdazkaritzakIdazkaritza FeministaEmakumeon Mundu Martxak Uharteko erailketa sexista salatzera deitu du gaurko ere

Emakumeon Mundu Martxak Uharteko erailketa sexista salatzera deitu du gaurko ere

Euskal Herriko Emakumeon Mundu Martxatik gogor salatu dute Uharteko erailketa, eta, atzoko mobilizazioekin egin bezala, gaurko iragarritakoetarako deia ere luzatu dute. Hain zuzen ere, mobilizazioak izango dira gaur, osteguna, abuztuak 30, Bilbon (Arriaga, 20:00), Gasteizen (Andre Mari Zuria, 20:00) eta Donostian (Bulebarra, 19:30).

Hauxe da Euskal Herriko Emakumeon Mundu Martxak argitaratutako oharra:

Beste erailketa matxista baten berri izan dugu, bosgarrena dugu aurten Euskal Herrian: gogoan zaituztegu!!! 38 urteko emakumea erail berri du bere senarrak Uharten (Nafarroa). Larunbatean aurkitu zuten emakumea, Uharteko bere etxean. Haren senarrak deitu zuen larrialdi zerbitzuetara, emakumea “dutxan erori” zelakoan, baina espetxeratua izan da hilketa delitua leporatuta. Jakina zen gizonak maiz ematen zizkiola tratu txarrak emazteari. Izan ere, Uharteko udaltzainek bitan atxilotu izan dute delitu horrengatik. Baina horrek ez du ekidin Natalyaren erailketa, ez du bermatu egoerak eskatzen zuen behar besteko interbentzioa.

Emakumeak ez zuen salaketa jarri izan nahi, eta beraz, ez ziren indarkeria sexistaren aurka dauden protokolo eta bitarteko publikoak jarri haren mesedetan. Honek indarkeriaren aurkako neurrien hutsuneak azaleratzen ditu. Galdetu beharko genioke gure buruari: zergatik ez zuen salatu Natalyak? Salaketaren osteko prozesua bortitza izan ohi da emakumeentzat, ezaguna baita epaitegietan nagusi den matxismoa. Gainera, zaurgarritasun egoera horri aurre egiteko babes soziala ezinbestekoa da. Gure jendartea zeharkatzen duen klase egitura edota xenofobiak, emakume askok indarkeria matxistarekiko duten babesgabetasuna handitzen dute. Emaitza, batzuetan, larriena da. Zelako errekurtsoak izan zituen Natalyak bere senar eta (senarraren konplizea zen) amaginarrebaren etxetik joateko? Jatorri atzerritarra izateak eta prekarietate egoerak ez zizkion gauzak erraztu.

Bestetik, komunikabide batzuek egindako irakurketa salatu nahi dugu, emakumearen ustezko alkoholismoa eta ohiturak aipatuz. Honek erakusten du, beste behin erasoen ardura biktimarengan jartzen dela, eta jatorri atzerritarra duten emakumeek bizi duten estigmatizazioa. Hainbat politikarik agertutako zalantzek, bestalde, ez dute bat ere laguntzen erantzun soziala bideratzeko, ezta fokua dagokion lekuan jartzen ere.

Mugimendu Feministak lan kolosala egin du indarkeria matxistari hitzak jartzen eta jendartea sentsibilizatzen. Hala zabaldu dugu emakumeon aurkako indarkeriak ez du mugarik, bizi garen sistema kapitalista patriarkalaren funtzionamenduaren ezinbesteko tresna delako, eredu honek sortzen dituen pertsonen arteko botere harremanak betikotzeko tresna. Garrantzitsua da ulertzea indarkeria matxista, bestelako biolentzia ardatz batzuekin elkarlotzen dela, arrazismoa edo klasea, kasu.

Ez dira modu isolatuan eta bakartuan ematen diren erasoak; gure sistemaren muinean erreproduzitzen den indarkeria da: kultura aparatuan, komunikabideetan, estatuan, lan
merkatuan, familian edota hezkuntza sisteman. Honen aurrean, agente sozial, politiko eta instituzional guztien ardura pertsonal eta kolektiboa ezinbestekoa da. Apustu ausartak eta neurri sakonak beharrezkoak dira. Garaia da hitzetatik praktikara pasatzeko.

Emakumeen Mundu Martxatik gogor salatzen dugu Uharteko erailketa eta abuztuaren 29 eta 30ean egingo diren mobilizazioetan parte hartzeko deia egiten dugu! Honekin batera autodefentsa feministarako deia egiten dugu, gure bizitzak direlako jokoan daudenak. Feministok erantzuteko prest gaude! Martxan jarraituko dugu, elkarrekin, borrokan denak aske izan arte!!!!
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...