Gizon eta emakumeen soldatetan dagoen alde hau emakumeek lan munduan jasan ohi duten bazterkeriaren adierazpen iraingarrienetako bat dugu, bakarra ez izanik; estatistikek adierazten duten ebidentzia honek agerian uzten du eta kontzientzia hartzen laguntzen du ekonomia-bortxa berezi honetaz; horren ohikoa da, askotan sumagaitza egiten zaigula.
Genero bazterkeriaren salaketari ezinbesteko eginkizuna deritzagu; hala ere, haren aurka eraginkortasunez borrokatzeko, gizartearen estamentu guztiek euren ardurak bereganatu beharko dituzte, askoz ere jarrera aktiboagoa hartu beharko dute, bizitzaren esparru guztietan, lan munduan barne, jokaera aldeak ezabatu daitezen.
Izatez, emakumeak lan merkatuan etengabe sartu izanak ez du berekin ekarri lan baldintzak parekatu direla; generoaren arabera soldata-arrakala handitu izanak agerian uzten du berdintasuneko politika publikoek porrot egin dutela.
Dena den, Europako Erkidegoko Estatistika Bulegoak (Eurostat), aipatu soldata-arrakala, gizonen eta emakumeen soldata gordina ordukoen artean dagoen aldearen arabera kalkulatzen du, gizonen soldata gordina ordukoari dagokion portzentajean adierazia.
Definizio honen arabera, Hego Euskal Herriko soldata-arrakala %14,3koa da; aldiz, Europako Batasunaren batez bestea %16,1ekoa da. Bestalde, Nafarroan, soldata aldea handiagoa da, %16,6koa, aldiz, EAEn %13,8koa da.
Soldatetan ematen den bidegabekeria honek emakumeen egungo bizi baldintzei eta independentzia ekonomikoari kalte larria egiteaz gain, ondorio kaltegarri handia eragingo die erretiroko edota langabeziako gizarte-prestazioei.
Diskriminazio honen zergatiak egiturazkoak dira, hierarkian oinarritzen diren genero harremanetan hondoratzen dituzte sustraiak eta emakumeek betetzen dituzten zereginak bigarren mailakotzat hartzen duen lanaren banaketa sexista elikatzen dute.
Soldata-arrakalaren errua izan dezaketen eragileen artean, batzuek zuzenki eragiten dute; adibidez, emakumeek, lan bera edota balio bereko lana egiteagatik, gizonena baino soldata txikiagoa jasotzea.
Beste batzuk, aldiz, ugaltzeari lotutako lana, ordaintzen ez dena (etxeko lanak eta zaintza) ezberdin banatzearekin zerikusia dute (emakumeek aldi bikoitza eskaintzen diete aipatu lanei); eta batez ere, hautapen eta kontratatze prozesuetan, emakumearen bereizketa horizontala eta bertikala sustatzen dituzten enpresa-jarduerarekin. Azken batez, aukera berdintasunean enplegua eskuratu ahal izatea eragozten dituzten kristalez eta porlanez osatutako benetako sabaiez ari gara.
Horrengatik, emakumeak kontratatu ohi dira, gehien bat, onarpen sozial urriko jarduera-sektoretan; horren baloratuak ez dauden eta gutxiago ordaintzen dien lanbide mailetako lanpostuak betetzen dituzte.
Honez gain, hauen lan bideetan, beti, askoz ere baldintza kaskarragoak ematen dira. Izan ere, gaur egun, Hego Euskal Herrian, aldi partzialean betetzen den enpleguaren 3/4a baino gehiago emakumeek betetzen dute. Eta emakumeen behin-behinekotasun tasa %27,7koa da, aldiz, gizonena, osta-osta gainditzen du %22a. Jakina, lanaldi partzialeko eta aldi bateko enpleguei, oro har, beti egokitzen zaizkie soldata apalagoak.
Honengatik guztiarengatik eskatzen dugu botere publikoek bete dezatela berdintasuna sustatzeko dagokien betebeharra, eta ekitatea bihur dezatela haien politiken ardatz. Lan esparruan, premiazkoa da enplegua eskuratzea, prestakuntza, lanbide-sustapena eta lan eta soldata baldintzak bermatuko dituzten neurri eraginkorrak hartzea.
Baina, administrazioak interpelatzeaz gain, baztertze bitarteko guztien aurkako zaintza eta borroka areagotu behar ditugu ere. Horrela bakarrik lan harremanen eredu berria, gizarte bidezkoagoa eta demokratikoagoa sortu ahal izango dugu. Horretan datza gure konpromisoa.
Soldata-arrakala Europako Batasunean, 2014 (EUROSTAT)
BATAZ BESTEKO IRABAZIA URTEKO -2014 | GIZONAK | EMAKUMEAK | Aldea |
Nafarroa | 28.659,74 | 20.163,10 | -8.496,64 |
Araba-Bizkaia-Gipuzkoa | 31.271,00 | 23.781,55 | -7.489,45 |
Hego Euskal Herria | 30.686,34 | 22.976,66 | -7.709,68 |