2025-04-16
HomeHerriak du hitza eta erabakiaElkartasun manifestua Kataluniako erreferendumarekiko

Elkartasun manifestua Kataluniako erreferendumarekiko


Unibertsitateko irakasle talde batek eta gehiengo sindikalak Euskal Herritik Kataluiniako erreferendumarekiko elkartasun manifestua argitaratu dugu eta zuen atxikipena eta sinadura eskatzen dizuegu Catalunyan egingo den erreferendumaren alde. Manifestuan erreferendum horren alde deituko diren mobilizazioekin bat egiten dugu: Bartzelonan bertan, iraileko 11ko Diadako deialdiarekin eta, bereziki, hemen gure artean Gure Esku Dagok irailaren 16rako Kataluniaren erabakitzeko eskubidearen alde Bilbon deitutakoarekin.

MANIFESTUA

EUSKAL HERRITIK KATALUNIAKO ERREFERENDUMAREKIKO ELKARTASUNA

"Kataluniako Generalitatearen Govern-ak, bertako Parlament-an duen gehiengo zabalean oinarrituz, Kataluniako herritarrei deialdia luzatu die datorren urriaren 1eko erreferendumean parte har dezaten, bakean eta demokratikoki, honako galdera honi erantzuna emateko: Katalunia errepublika moduan Estatu independente bat izatea nahi duzu? Hurbileko aurrekari ditu Quebec eta Eskozian eginiko galdeketak.

Kataluniako instituzioen legitimitatean sustraitutako ariketa demokratiko legitimoa izateaz gain, datu guztien arabera Kataluniako jendartearen gehiengoa -independentziaren alde ala kontra egon- auzi horri buruz galdetua izatearen alde dago.

Hori dela eta, PPren gobernua salatu behar dugu, PSOE eta Ciudadanos alderdien konplizitateaz baliatuz, erreferendum hori bitarteko oro erabiliz eragotzi nahi duelako. Eta honako hau nahi du ez legalitate arrazoiak direla eta, demokraziari eta erreferendumaren emaitzei beldurra diolako baizik. Honela bada, Estatu gabeko nazio bati erabakitzeko eskubidea ukatuko litzaioke.

U-1ean, erabakitzeko bere eskubidea burutzea nahi duten Kataluniako herritarren eta, bestalde, eskubide hori eragotzi nahi duen Estatuaren arteko talka gertatuko da. Hau da, batez ere, Kataluniaren aldeko gure elkartasunaren arrazoia. Eta horregatik, baita ere, deitoratzen ditugu bi jarrera. Alde batetik, hitzez herrien autodeterminazioaren alde egonik ekintzez erakusteko aukera agertzen den honetan, Estatuak eragindako berme ezaren erantzunkizuna demokratei leporatuz, atzera egiten duten horien koherentzia eza. Bestetik, Kataluniako herriarekiko Eusko Jaurlaritzaren elkartasun eza onartezina iruditzen zaigu, Rajoyen gobernuarekin egindako akordioak PPko gobernua sendotu eta Kataluniako instituzio demokratikoak ahultzen dituztelako.

Erreferendum horren alde deituko diren mobilizazioekin bat egin nahi dugu: Bartzelonan bertan, iraileko 11ko Diadako deialdiarekin eta, bereziki, hemen gure artean Gure Esku Dagok irailaren 16rako Kataluniaren erabakitzeko eskubidearen alde Bilbon deitutakoarekin."

Bultzatzaileak / Promotores: Ramon Zallo (UPV-EHU), Petxo Idoiaga (UPV-EHU), Helena Franco (UPV-EHU), Pedro Ibarra (UPV-EHU), Ane Larrinaga (UPV-EHU), Iñaki Lasagabaster (UPV-EHU), Francisco Letamendia (UPV-EHU), Mila Amurrio (UPV-EHU), Txiki Muñoz (ELA), Garbiñe Aranburu (LAB), Ana Pérez (STEILAS), Biktor Galarza (HIRU), Alazne Intxauspe (Etxalde), Txejo Ortega (ESK)

SINATU MANIFESTUA
 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Beste lan heriotza bat garraio sektorean

Atzo, Hernanin, E.P.R. 57 urteko garraiolaria hil zen lan-istripu ez traumatikoan, Repsolek A-8an duen gasolindegian erregaia kargatzen ari zela. Hildako langilea Iruñeko Getze (Nafarroa) herriko Transportes Petrolíferos Coordinados SL enpresakoa zen. Heriotza honekin, dagoeneko 18 dira aurten Euskal Herrian lan-istripuz hildako langileak.

Nafarroako ezkerreko alderdi eta sindikatuok bakearen aldeko eta berrarmatzearen aurkako manifestua aurkeztu dugu

Nafarroa Garaiko EH Bildu eta Contigo Zurekin koalizio politikoek eta LAB, CGT, Steilas, Solidari, ESK, EHNE eta Hiru sindikatuok bakearen aldeko eta berrarmatzearen kontrako manifestua aurkeztu dugu gaur Iruñean. Manifestuaren sinatzaileok gogor salatu dugu azkenaldiko gorakada militaristan koxka bat gehiago igotzea ekarriko duen Europako Batasunaren berrarmatze plana. Sinatzaileok adierazi dugu Nafarroako langileek ez dutela behar ez bonbarik, ez tankerik, eskubide eta berme sozialak baizik, eta berretsi dugu Europako herriek bakearekin, subiranotasunarekin eta gehiengo sozialen eskubideen defentsarekin dugun konpromisoa.

Maiatzaren Leheneko aurtengo irakurketa eta Nafarroako mobilizazioen berri eman du LABek gaur Iruñean

LABek, Imanol Karrera bozeramailearen eta hogei militante baino gehiagoren bitartez, agerraldia egin du gaur Iruñeko Gazteluko Plazako kioskoan, sindikatuak aurtengo Maiatzaren Lehenari begira egiten duen irakurketa aurkezteko –gutxieneko soldata eta pentsio propioak lortzeko borrokan oso fokatua–, eta hiriburuan zein Tuteran Langileen alde esloganarekin eginen dituen mobilizazioen berri emateko.