2025-03-15
HomeEkintza SindikalaElkarretaratzea egin dugu Osakidetzako biltegien pribatizazioa salatzeko

Elkarretaratzea egin dugu Osakidetzako biltegien pribatizazioa salatzeko

Diru publikoko 129 milioi euro bideratuko dira enpresa pribatuen jarduera finantzatzeari, eta lanpostuak suntsituko dira Osakidetzan. Osasuneko Mahai Sektorialaren deialdiarekin bat eginez, LAB, ELA, CCOO, UGT eta ESK sindikatuok elkarretaratzea egin dugu gaur, Osakidetzaren bulego nagusien aurrean, biltegien pribatizazio-proiektua salatzeko.

Sagardui Sailburuak iazko apirilean iragarri zuen plataforma logistiko bat eraikiko zela EITBren egoitza zaharrean, Iurretan. Plataforma horrek gaur egun Osakidetzako biltegietan egiten den jardueraren zati handi bat bereganatuko du; izan ere, titulartasun publikoko biltegiak dira, eta langile publikoek kudeatzen dituzte.

Osasun Sailak erabilitako eufemismoak gorabehera, zerbitzu publiko baten pribatizazio baten aurrean gaude, interes pribatuen mesedetan, eta horrek, diru publikotik milioika euro esku pribatuetara bideratzea ez ezik, Osakidetzan lanpostuak suntsitzea ere ekarriko du. Horrela, urtarrilaren 23an, Osasun Sailaren proiektua ofiziala bilakatu zen lizitazioaren argitalpenarekin. Guztira, 129 milioi euroko lizitazio baten aurrean gaude.

Ildo horretan, gogoratu behar da 2023an Osasun Sailak 269 milioi euro erabili zituela  pribatizatuta dituen zerbitzuak ordaintzeko, hau da, aurreko urtean baino %9 gehiago. Orain planteatzen den pribatizazioak beste urrats bat ematen du arlo publikoa pribatizatzeko eta sektore pribatua aberasteko apustu horretan, guztion diruaren kontura. Argi dago, Osakidetzak bizi duen egoera larria ikusita, kopuru horiek zuzenean inbertitzeak funtsezko hobekuntza ekarriko lukeela, bai plantillaren lan-baldintzetan, bai herritarrei ematen zaien zerbitzuaren kalitatean.

Osakdietzako biltegietan 180 pertsonak egiten dute lan. Gaur egun, 180 pertsona horien etorkizuna airean geratzen da, batez ere aldi baterako langileena. Duela hilabete batzuk, Sagardui sailburuak adierazi zuen ez zela lanposturik suntsituko. Baieztapen horren atzean, benetako errealitatea ezkutatu nahi zuen: aldi baterako izendapen asko amaitutzat emango dira, eta langile finkoak beste zerbitzu batzuetan birkokatuko dira, horretarako eskubidea baitute. Plantillaren erdia baino gehiago aldi baterakoa den eremu batean, enplegua galtzeko arriskua agerikoa da.

Sindikatuok Osakidetzari eskatu diogu proiektua geldiarazteko eta zerbitzuaren kudeaketa eta plantilla publikoa izaten jarraitzeko.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Confebasken jarrera harroputz eta esplotatzailearen aurrean mobilizatzera joko du gehiengo sindikalak

ELA, LAB, ESK, STEILAS, ETXALDE eta HIRU sindikatuok apirilaren 3an mobilizatuko gara, eta deia egiten dugu apirilaren 5ean pentsiodunen mugimenduak gutxieneko pentsio eta soldata duinen alde deituriko mobilizazioetan parte hartze hartzera.

Eusko Jaurlaritzak autoritarismoa alde batera utzi eta bere ardurapean dauden 100.000 pertsonen lan baldintzak hobetu behar ditu

ELA, LAB, ESK eta Steilas sindikatuek elkarretaratzea deitu dute martxoaren 18rako, Eusko Jaurlaritzari sektore publikoko langileen aldarrikapenak aintzat har ditzala eskatzeko. Egun horretan bertan...

LABek salatzen du EEEren negoziazioan argi geratu dela Guardianek duela asko zuela programatua lantegiaren itxiera

LABetik gure erabateko gaitzespena adierazi nahi diogu Guardianek aurkeztutako kaleratze kolektiborako espedienteari. Erabaki honek 171 lanposturen suntsiketa eta eskualdeko enpresa enblematikoenetako bat ixtea ekarriko du. Ez ditugu onartzen enpresak neurri drastiko hau justifikatzeko emandako arrazoiak, ez baititu behar bezala frogatu. Are gehiago, EEE aurkezteko aipatzen dituzten arrazoiak multinazionalak berak eragindakoak dira.