2024-11-23
HomeEkintza PolitikoaElkarbizitza demokratikoa eraikitzeko bidean urratsak behar ditugu, ez harriak

Elkarbizitza demokratikoa eraikitzeko bidean urratsak behar ditugu, ez harriak

LAB sindikatuak Guardia Zibilak atxilotu dituen Carlos Saez de Egilaz eta Pipe San Epifanio eta euren gertukoei elkartasuna adierazi nahi die. Era berean, bi atxiloketak salatzen ditugu.

Komunikabideetan zabaldu denez 2020an Sortuko beste lau kideren atxilotzea ekarri zuen sumarioarekin lotzen dira azken atxiloketok, guztiak, preso eta iheslarien ongi etorriei lotuta.

Izan urteetan salbuespenezko espetxe politika pairatu dutelako, izan urteak erbestean eman dituztelako, etxera bueltan diren euskal herritarrak maitasunez hartzea delitu bihurtzerik ez dugu onartzen. Atzo bertan (Foro Soziala elkarbizitza demokratikorako oinarriak zehazteko egiten ari den prozesuaren testuinguruan LABetik egin dugun ekarpenari lotuta) geniona berretsiz, salbuespenezko jarduera judizialarekin —besteak beste, Auzitegi Nazionalarekin— nahiz salbuespenezko espetxe politikarekin amaitu eta arrazoizko epe batean euskal preso guztiak kaleratzeko nahiz erbesteratuak etxeratzeko prozesua bururaino eramatea eskatzen dugu.

Bide horretan aurrera egiteko urratsak behar ditugu, ez harriak. Bizikidetza demokratikoan oinarritutako etorkizuna eraikitzeko prest dagoen herria erasotu egin dute atxiloketa hauekin, gaurkoan Estatuko aparatu judizial eta polizialaren eskutik. Herri honetako gehiengo sozialak behin eta berriz argiki adierazitako nahi eta borondatearen kontrako erasoa da.

Presoen afera konpondu beharra dagoela defendatzen du euskal jendartearen gehiengoak. Hala, gehiengoaren nahiaren kontra egin dute berriro, presoen auzia erabiltzen jarraitzen baitute gerra estrategia elikatzeko. Gatazkaren konponbidean urratsak ematea oztopatu nahi dute halako atxiloketa eta maniobrekin, baina ez dute lortuko.

LAB sindikatutik atxiloketak salatzeko gaur arratsalderako antolatutako mobilizazioekin bat egin eta parte hartzera deitzen dugu. Halaber, bihar uztailaren 1ean Gasteizen presoen etxeratzearen alde egingo den kontzentrazioan, uztailaren 3an Iruñean preso eta iheslarien etxeratzearen alde egingo den mobilizazioan zein 13/13 sumarioaren epaiketa salatzeko uztailaren 10erako Bilbon zein Donostian antolatu diren manifestazioetan ere parte hartzeko deia egiten diegu euskal langileei.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.