2024-12-22
HomeZerbitzu PublikoakOsasungintzaElizondo, Oinarrizko Osasun Laguntzaren omenezko requiema

Elizondo, Oinarrizko Osasun Laguntzaren omenezko requiema

Elizondoko osasun etxearen eta Baztan osoaren egoera lotsagarria da herritarren arretari dagokionez. Langileek jakinarazi digutenaren arabera, ia medikurik gabe gelditu dira; izan ere, Elizondoko plantilla osatzen duten 5 langileetatik, orain, mediku bakar bat besterik ez dago lanean, eta horrek biztanle guztiei eman behar die arreta. Hori gutxi balitz bezala, pediatrarik ez dago. Hori dela eta, behar-beharrezkoa da egoera konpontzeko premiazko neurriak hartzea. 

LAB sindikatutik, Nafarroako iparraldeko eskualde garrantzitsuenetakoa jasaten ari den egoera onartezin hori salatzen dugu, hango herritarrak gero eta isolatuagoak gelditzen ari direlako (are gehiago N-121-A errepideko obren eraginez). Gauzak horrela, Osasun Departamentuak eta Nafarroako Gobernuak nekez beteko dituzte hartutako konpromisoak, hots: denboraren menpe dauden larrialdiei kasu egitea, arreta pediatrikoa ematea eta paziente kronikoei segimendua egitea, berez nahiko zaharkitua dagoen populazioa duen eskualde batean.

Baztango egoera Nafarroako hainbat eremutan –batez ere, landa eremuetan– orokortua dagoen arreta faltaren adibide garbia da. Oinarrizko Osasun Laguntzaren kudeatzaileen eta Santos Indurain kontseilariaren utzikeriaren ondorioz, oso desberdintasun handiak sortzen ari dira Nafarroako eskualdeen artean. Lehen eta bigarren mailako herritarrak daudela esan genezake, baina hori ere ez da egia; izan ere, osasun etxeetako arretaren gainbehera orokorra da aspalditik, eta herritar guztiei eragiten die. Irisgarritasunik ezak, arreta jasotzeko zailtasunak, baliabiderik ezak (batez ere langileen arloan) eta Covid zifren igoerak soken aurka jarri dute Oinarrizko Osasun Laguntza. 

Oinarrizko Osasun Laguntzari buruzko plan berria, oinarrizko osasun laguntza ardatz nagusitzat hartzen duena, asmo-adierazpen polit bat besterik ez da, osasun etxeen egoera konpontzeko irtenbide eraginkorrik planteatzen ez delako. Produktibitateen sistema konponbide eskasa eta guztiz ez-eraginkorra dela frogatu da, eta gero eta gehiago dira sistema hori gaitzesten duten profesionalak.

LAB sindikatuak uste du mobilizazioak egiteko unea iritsi dela, herritar eta langile guztiek bat eginda, Osasunerako eta, bereziki, Oinarrizko Osasun Laguntzarako aurrekontu duin bat lortzeko, oinarrizko laguntza eraginkorra eta irisgarria izan dadin eta zainketen jarraipena bermatua izan dadin. LAB sindikatutik kezka handiz ikusten dugu interes pribatizatzaileak zerbitzu publikoen kalitatea jaistea bilatzen ari direla, haien garroak are gehiago zabaldu ahal izateko. Horregatik, herritarrei, oro har, eta langileei bereziki, eskatzen diegu osasun publikoaren eta zerbitzu publikoen alde eginen diren ekintza guztiei adi egoteko.

Aski esateko unea da. Kudeaketa penagarri honen ondorioz, milaka pertsona arretarik gabe uzten ari dira, itxaron-zerrendak esponentzialki handitzen ari dira eta arretaren kalitatea izugarri jaisten ari da. Eta horri aurre egiteko eskaintzen diguten bakarra osasun arreta ahultzea, zentralizazioa eta desberdintasunak handitzea da.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...