Gaur, hiru aste bete dira Elecnor Telecomunicaciones enpresako langileek greba mugagabeari ekin ziotenetik Araban. Egun hauetan guztietan, elkarretaratzeak egin dituzte enpresa atarian eta Movistar dendaren aurrean, Gasteizko General Loma plazan. Greba abiatu zutenetik, bi aste behar izan dira Bilbon egoitza nagusia duen enpresak langileekin negoziatzeko asmoz Gasteizera bertaratzeko. Enpresa email edo telefonoaren bidez saiatu da hitz egiten beti, Gasteizera hurbildu gabe.
Aste hauetan, enpresa greba eskubidea urratzen ibili da sistematikoki. Beste herrialdetako lankideei esker, langileek jakin dute Bizkaiko langileak bidaltzen ari direla Aialako bailarara, Nafarroatik Agurain eta Araiara eta Errioxa eta Burgosetik Arabar Errioxara eta Rivabellosara. Gainera, Lan Delegaritzak ezarritako gutxieneko zerbitzuak gehigizko bilakatu ditu enpresak, grebalariei ere deitu baitie lanean zeuden langileak zituztenean. Hala ere, greban ari diren langileek sendo jarraitzen dute, euren borrokari balioa ematen, multinazional honen aurrean irmo ari baitira. Enpresa langileekin jolasean ibili da, eta horrek tentsioa areagotu du. Hain zuzen ere, ostiralean, abenduak 20, Bilboko mobilizazioen ostean, grebalari batek auto istripua izan zuen, kalte pertsonalik gabe, baina bai kalte materialekin.
Enpresako ordezkariak astelehenean Gasteizera negoziatzeko bertaratu eta gero, akordioa gertu dagoela dirudi, baina enpresaren asmoa da akordioa 2020ko egutegiarekin lotzea, eta horrek beste aldagai bat dakar negoziazioan. Nabarmentzekoa da, astelehenetik, enpresak ez duela langileekin berriro biltzeko borondaterik erakutsi, eta jarrera hori arduragabekeria hutsa da.
Honengatik guztiagatik, plantillak asanbladan erabaki du grebarekin jarraitzea, enpresa azken kotuak ixteko eseri dadin beharzeko. Langileek ez dituzte beste urrats batzuk baztertzen, eta datorren astean Arabako Aldundira eta Gasteizko Udalera joko dute euren konpromisoa eskatzeko, Telefonicako bezeroak diren neurrian, Elecnorreko langileek artatzen dituztelarik. PRECOn bitartekaritza eskatzea ere planteatu dute langileek, beste eragile batzuen inplikazioa lortzeko eta lan gatazkari amaiera ipiniko liokeen bilera bat gauzatzeko.