2025-04-16
HomeEkintza SindikalaELA, LAB, ESK, Steilas, Etxalde eta Hiruk gutxieneko soldata propio baten aldeko...

ELA, LAB, ESK, Steilas, Etxalde eta Hiruk gutxieneko soldata propio baten aldeko Herri Ekimen Legegileak erregistratu ditugu Eusko Legebiltzarrean eta Nafarroako Parlamentuan

Hego Euskal Herriko errealitate sozioekonomikoa eta sindikala isladatuko duen LGS berria burujabetzaren aldeko aurrerapausoa izango litzateke. Lanbidearteko Akordioa eta Herri Ekimen Legegilea bide osagarriak direla ulertuta, bi bide horiek lantzearen alde egiten dugu.

Azken hilabeteetan garatu diren Hego Euskal Herrirako gutxieneko soldata erdiesteko ekimenak elkarrekin landuko dituzte ELA, LAB, ESK, Steilas, Etxalde eta Hiru sindikatuek: gutxieneko soldata propioa finkatuko duen Lanbidearteko Akordioa batetik eta bertako instituzioek gutxieneko soldata ezartzeko ahalmena izatea helburu duen Herri Ekimen Legegilea bestetik. Bi bideak osagarriak direla ulertuta, bateratzearen alde egiten dugu.

Lehen urratsa gaur Eusko Legebiltzarrean eta Nafarroako Parlamentuan Herri Ekimen Legegile bana erregistratzea izan da, Hego Euskal Herriko administrazioek legezko gutxieneko soldata arautzeko aukera eska dezaten.

Gutxieneko soldata ezartzeak langileentzat babes-dimentsioa du, negoziazio kolektiboz gutxieneko erreferentziarik bermatua ez duten edo erreferentzia hori baino soldata txikiagoa duten jarduera guztietan ezartzen baita. Gutxieneko soldatak, gainera, soldaten nahikotasun maila bat ekarri behar du orokorrean. Bestalde, politika sozial eta ekonomikorako tresna den heinean, gutxieneko soldata aberastasuna banatzeko eta kohesio sozialerako mekanismoa ere bada, pobreziaren mugaren azpitik dauden pertsona kopurua murrizten duena eta legezko lan-baldintzak baino handiagoak dituzten sektoreetan soldaten goranzko negoziazioa bultzatzen duena. Hego Euskal Herrirako LGSaren zenbatekoa finkatzeko orduan irizpide ezberdinak erabili litezke, baina argi dagoena zera da: Espainia mailan finkatutakoa Hego Euskal Herriko langileei bizi baldintza duinak bermatzetik oso urrun geratzen da.

Gutxieneko soldatak lurralde-dimentsio argia ere badu. Hego Euskal Herriko gizarte, kultura, sindikatu eta politika-sarea beste lurraldeetakoen aldean ezberdina da, bai osaerari bai ereduari dagokienez. Hego Euskal Herrian LGSk euskal gizarteak behin eta berriz hauteskunde sindikaletan edo mobilizazio gaitasunean erakusten duen borondate berezituari erantzun behar dio. Zentzu horretan, Hego Euskal Herriko errealitate sozioekonomikoa eta sindikala isladatuko duen LGS berria burujabetzaren aldeko aurrerapausoa ere izango litzateke, lan harremanetarako euskal esparrua eratzeko aurrerapausoa, gizartearen gehiengoaren bizi baldintzak hobetuko dituena aberastasunaren banaketa justuago baten bidez.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Enviserreko langileek greba gogortu dute, protestaren hirugarren astean

Hiriko parkeak, lorategiak eta eraztun berdea mantentzeko Gasteizko Udalaren kontrata den Enviser enpresako langileek hiru aste bete dituzte greban. Baldintza duinak jasoko dituen hitzarmen propio bat lortzea da beren helburua. Hainbat langilek Gasteizko udaletxearen aurrean pasa dute gaua, azken honen inplikazioa eskatzeko.

LABek ontzat jo du Iruñeko Udalaren eta alokairuzko bizikleten enpresaren artean sinaturiko akordioari esker langileei zor zitzaizkien soldatak ordaintzea

LAB sindikatuak duela bi aste salatu zuen Ride On Pamplona Iruñeko alokairuko bizikleta elektrikoen zerbitzuko langileak egoera larrian zeudela, sei hilabete baitzeramatzaten nominak berandu kobratzen eta, gainera, enpresak bi nomina oso zor baitzizkien. Iruñeko Udalak eta Ride On-ek gaur iragarri duten akordioaren arabera badirudi zerbitzuaren jarraipena bermatuko dutela eta enpresak berehala kitatuko dituela langileekin dituen zorrak.

LABek salatzen du milaka gutun banatu gabe daudela Gasteizen Correoseko langile faltagatik

Langilerik ez kontratatzearen ondorioz, kaosa sortu da azken hilabeteetan posta-banaketan, eta inoiz ikusi gabeko egoetara iristen ari da. Kontratazioan murrizketa hain handia da, kasu askotan ez dela inor ordezkatzen ari. Adibidez, Alde Zaharreko postariak urte erdi baino gehiago darama bajan, ordezkatu gabe.