2024-11-21
HomeEkintza SozialaPolitika publikoakELA eta LAB sindikatuetako ordezkariak ez dira joango Funtzio Publikoaren Mahai Orokorreko...

ELA eta LAB sindikatuetako ordezkariak ez dira joango Funtzio Publikoaren Mahai Orokorreko bilerara

Eusko Legebiltzarrean, aurrekontuen lege-proiektuaren tramitazioan neurriek okerrera egin dute.
ELA eta LAB sindikatuetako ordezkariak ez dira joango bihar -abenduak 15- Funtzio Publikoaren Mahai Orokorreko bilerara. Sindikatu bi horiek azken bileran adierazi zutenez, ez ziren mahai horretara itzuliko ez baziren erretiratzen mahaitik zerbitzu publikoak eta lan-eskubideak murrizteko proposamenak, eta baitaerretiratu ere Eusko Jaurlaritzaren aurrekontuen proiektuan egindako murrizketei estaldura ematen dieten zuzenketak. Eta, gaurko egunean, negoziazio-mahaitik proposamenak erretiratu beharrean, PSEren eta PPren artean adostu dute zerbitzu publikoak murrizten dituen Aurrekontu-egitasmoari bide ematea, eta aipaturiko egitasmoaren 19. artikulua aldatzen duten zuzenketak onestea, Eusko Jaurlaritzak Mahai Orokorrean proposaturiko neurriak sartzeko, eta ondorioz pertsonal-gastuak gutxitzeko, borondatezko erretiroagatiko primak kentzeko, eta gaixotasun arruntaren aldi baterako ezintasunagatiko osagarriak ezabatzeko.

PSEk eta PPk atzo, azken orduan, zuzenketa partzialen eztabaidan proposamen bat adostu zuten, aipaturiko neurriak txertatzeko, pertsonalaren lansariak arautzen duen lege-egitasmoaren 19. artikulua aldatzearen bidez. Zuzenketa hori onetsi zen, sozialisten eta popularren aldeko botoei esker, gainerako taldeek aurka egin bazuten ere. Gaixotasun-bajen osagarriak kentzeko zuzenketa atzo bertan izapidetu zuten premia bidez. Horrela, gure iritziz, enbidoa egin diete herri-langileei. Aurrekontuekin batera doan legea, atzo onarturiko zuzenketa sartu ondoren, behin betiko onespena jasotzen baldin badu, euskal administrazioetako langileek ez dute euro bat bera ere jasoko bajaren lehenengo hiru egunetan, 4. eta 21. egunen bitartean soldataren %60, eta 21. egunetik aurrera soldataren %75. Neurri horien bidez ez dira zigortuko baja "gehiegi" hartzen duten langileak (baleude), benetan gaixorik eta lanera joan ezinik daudenak baizik.

Gainera, beste puntu bat gehitu dute: adina dela-eta lanaldia murrizteko aukera kentzea. Neurri hori, zerbitzuen kalitatearen kalterako ez ezik, enplegu publikoaren kalterako ere izango da.

Azken batean, Mahai Orokorraren negoziazio kolektiboa kolpe batez pikutara bidali dute. Eta zuzenketa horien bidez soldata-igoerak ekarri ahal dituzten akordioak, indarrean daudenak, urratuko dira bai Administrazioan bertan, bai enpresa publikoetan.

ELA eta LAB sindikatuek, STEE-EILASekin batera, mobilizazio-egutegi bat aurkeztu dugu, murrizketak bortxaz ezarri nahi izateagatik. Izan ere, Eusko Jaurlaritzak ez du batere negoziazio-borondaterik erakutsi, proposamenak negoziazio-mahaian aurkeztu baditu izapide hori betetze hutsagatik izan da; baina benetako asmoa argi geratu da: aurrekontuekin batera doan legean zuzenketen bidez sartzea. Horregatik, mobilizazioak egingo ditugu, negoziazio-itxurak egitera prest ez gaudela ondo agerian utziz, amaiera aldez aurretik ezaguna baita.

Dena dela, benetako negoziazio-prozesu bati ekiteko borondate garbia berriro adierazten dugu, baina aurretiazko ezarpenik gainean eduki gabe. Horretarako, beharrezkoa litzateke zuzenketak erretiratzea, eta baita euskal gizartearen beharrizanak asebetetzeko sektore publikoa bultzatzeko konpromisoa ematea ere, zerbitzu publikoak bultzatuz, murriztu beharrean. Enplegu publikoa sortuz lagunduko zaio susperraldi ekonomikoari; batez ere orain, krisi garaian, beharrizanak sekula baino gorriagoak direnean, langabezia eta gizarte-bazterkeria izugarri goraka doazenean.

ELA, LAB eta STEE-EILAS sindikatuak joan den astean iragarritako mobilizazioak prestatzen ari gara. Lakuan ere elkarretaratze bat egingo dugu, Funtzio Publikoko Mahai Orokorraren bilera egitearekin batera.

Gasteizen, 2011ko abenduaren 14an
ELA, LAB, STEE-EILAS

AZKEN ALBISTEAK | ĂšLTIMAS NOTICIAS

BetiOn Eusko Jaurlaritzaren telelaguntza-zerbitzuaren hitzarmena sinatu dugu, gutxieneko %30,08ko soldata-igoerarekin

Ostegun honetan, azaroaren 21ean, LAB sindikatuak hitzarmen kolektiboa sinatu du EAEn telelaguntzako eta jarduera soziosanitario osagarrietako zerbitzu publikoa kudeatzen duen Ilunion sozio-sanitario-Ibermática Aldi Baterako Enpresa Elkartearentzat. Honek 80.000 herritar baino gehiago artatzen ditu.Negoziazio luzea eta gogorra izan da. Bi enpresaren eta Eusko Jaurlaritzaren aurkako negoziazioa, azken honek pribatizatzen baitu langileek ematen duten zerbitzu publikoa. Hala ere, langile nekaezin eta aktiboek egindako borrokaren ondorioz, hobekuntza oso garrantzitsuak lortu dira:Soldata-igoera • Gutxienez % 30,08ko soldata-igoera lortu da. Gainera, KPIari lotutako igoera da, eta hori bermatzeaz gain, erosteko ahalmena benetan berreskuratzea dakar. • % 30,08ko igoera hori, oinarrizko soldatari ez ezik, soldata-osagarri guztiei ere aplikatuko zaie.Lanaldi-murrizketa Urteko lanaldia 1.592 ordukoa izango da, eta orain artekoa ia hiru lanaldi osotan murriztuko da.Lizentziak, familia-kontziliazioa eta urteko lanaldia doitzeko egunak: • 12 urtetik 14ra igotzea zaintzagatiko lanaldi-murrizketa. • Ordaindutako lizentzia guztiak parekatzea ahaidetasun sozial gisa izendatutako pertsonarentzat. • Malgutasun handiagoa urteko lanaldia doitzeko egunetan. • Hitzarmen bidez erregularizatzea jaiegun arruntetan lan egiteagatiko konpentsazioa, errege-dekretuaren arabera, LABek aurretik aurkeztutako salaketaren aurrean.LABen argi dugu lortutako hobekuntza guztiak langileen zati handi batek egindako mobilizazio, greba eta batzarrei esker lortu direla. Borroka honek merezi izan du.Jakin badakigu oraindik eduki garrantzitsuak daudela lortzeko, eta LABek horiei aurre egiten hasi nahi du. Sindikatu honek argi dauka BetiOneko langileek zerbitzu publikoa ematen duela eta langile publikoak direla.Gaurtik aurrera, LAB lanean hasiko da langileekin publifikaziorako bidea eta urrats zehatzak adosteko, eta hori onuragarria izango da bai langileentzat bai zerbitzu horren erabiltzaileentzat.Amaitzeko, LABek bere onespen zintzoa adierazi nahi die lan-baldintza bidezkoagoen alde borrokatu diren pertsona guztiei. Iritzi desberdinak, beti legitimoak eta askotan beharrezkoak izan arren, egindako bidea egin gabe ez ziren hobekuntza garrantzitsu horiek lortuko.

Araudiaren erreformak atzeratu egiten du erregularizazio masiboa Atzerritarren Legea indargabetzeko beharrezko urrats gisa

Atzerritarren Legearen araudiaren erreforma onartu zuen pasa den asteartean Espainiako Gobernuak. Maiatzaren 17an sartuko da indarrean, Gizarteratze, Gizarte Segurantza eta Migrazio Ministerioak bultzatuta.

Gizarte Segurantza propioa eskatu dugu, langileen osasuna kontrol eta presioaren gainetik jartzeko

LAB sindikatuko zenbait kidek elkarretaratzea egin dute gaur goizean Iruñean, INSS Gizarte Segurantzaren Espainiako institutuaren bulegoen ondoan, kapitalak langileriari egiten dion kontrol eta presioaren gainetik osasuna eta prebentzioa jar daitezela aldarrikatzeko. LABek Gizarte Segurantza propioa eskatzen du, nafar langileen beharrak benetan erdigunean paratuko dituena.