2024-12-22
HomeEkintza SindikalaEl Vivero adingabeen zentroa ixteari ez eta langileen kaleratzeari ez

El Vivero adingabeen zentroa ixteari ez eta langileen kaleratzeari ez

Beharginek aldundiaren zein Landalan enpresaren jokabide onartezina salatu dute, azpimarraturik ematen duten zerbitzua behar-beharrezkoa dela, kaltebera den kolektibo baten oinarrizko beharrak asetzera bideratuta baitago.

Jarraian, egoera azaltzeko prentsa agerraldian irakurritako komunikatua:

“Komunikatu honen bidez, EL VIVEROko adingabeen zentroko langileok, gure haserrea adierazi nahi dugu azken urteotan administrazio publikoak, Bizkaiko Foru Aldundiko Gizarte Ekintza Sailak hain zuzen ere, tratatu gaituen moduagatik. Honekin batera, adingabeen ardura eta langileon kontratazioaren ardura izan duen Landalan elkartearen utzikeria salatu nahi dugu ere. Aldundiak zein Landalanek mespretxatu egin ditu bi hamarkadatan zehar egindako sakrifizio guztiak, eta EEE -Enplegu Erregulazioko Espediente batekin erantzun digute, 19 lagun kalean utziz. Urte hauetan Inoren Kargura ez dauden Adingabe Atzerritarrak (MENAk )deituriko adingabeen kolektiboarekin lan egin dugu, izen horrek dakarren karga negatibo guztiagatik eta gizartearen aldetik pairatzen duen estigmarengatik asko gustatzen ez zaigun izena bada ere. Izan ere, kolektibo kaltebera da, eta arreta eta babes handiagoa eskatzen du. Beraz, gure helburua adingabe horiei harrera-gizartean integratzen laguntzea izan da beti, helburu hori betetzeko beharrezko tresnak ematen saiatu gara alegia. Kolektibo horrekin dugun lan esperientzia 2006 urtean hasi zen Zornotzako Lehen Harrerako Zentroan (CPA), Emankor Sarea taldeko Landalan elkarteak kudeatuta. Adingabe bakoitzaren heziketa-ibilbidean jarraitu beharreko ildo orokorrei buruzko lehen balorazioak egiten genituen zentroa da, beste heziketa baliabide batera bideratu aurretik.


Urte guzti hauetan , adingabe kopuru handi bati lagundu ahal izan diogu beren egunerokotasunari dagokion guztian, betiere harrera-gizarte berrira egokitzeko prozesuan laguntzen saiatuz, haien integrazioa sustatzeko tresnak emanez, bi norabideko prozesuan; hau da, adingabe horiek gizarteratzeko bidean, aurrera egiteko erantzukizuna harrera-gizartearena zein kolektiboarena berarena da ere.


Urte askotan zehar, langileok eta adingabeek egoera nahiko gogorra eta tamalgarria bizi izan dugu, eta nahiz eta Aldundiak; adingabe horien arduraduna eta tutorea, arazo horien berri izan, ikuskapenak ere egin dira, guztia Landalan elkarteari jarritako isun soil batean eta gomendio zerrenda batean geratzen zen, arazoak konpontzeko bidean aurrera egin gabe. Adibidez, harreran hartutako adingabeen kopurua batzuetan baimendutakoa baino bost aldiz handiagoa izan da, eta langileon ratioa ere ez da errespetatu gehienetan, eta horrek, jakina, adingabeen arteko gatazkak sortu izan ditu eta ondorioz hezitzaile taldearen lan osasunari eragin izan dio. Tentsio une horietan, tamalez, kontrola lehenetsi behar izan dugu babes lanaren gainetik, eta asistentzia lana berriz, heziketa lanaren gainetik.


2021eko abenduaren amaieran, EL VIVEROko Galdakako Lehen Harrerako Zentrora lekualdatu behar izan genuen behin-behinean, Zornotzako zentroan eraberritzeko obrak egin zitzaten. Izan ere, zentroaren instalazioak hondatu egin zirenez, lehen harrera egiten jarraitu behar izan genuen EL VIVERO zentroan, 2023ko otsailaren 23ra arte, hau da, Zornotzako Lehen Harrerako Zentroa (orain Elguezabal CPA deritzona) berriro ireki arte, orain Adaka-Agintzari kooperatibaren kudeaketapean. Baina ez da subrogaziorik gauzatu eta kalean utzi nahi gaituzte.


Bai Landalaneko zuzendaritzarekin, bai zerbitzuaren titularra den Bizkaiko Foru Aldundiko Gizarte Ekintzako arduraduna den Sergio Murillorekin, sindikatuek hainbat bilera egin zituzten batzordeko kideekin batera. Bilera horietan, Landalanek esan zuen ez zuela ikusten zerbitzua emateko aukerarik, eta iragarri zuen utzi egingo ziola zerbitzua emateari Aldundiarekin hitzarmena amaitzean, eta agindu zuen subrogaziorako datu guztiak emango zizkiola enpresa berriari, Agintzariri, hitzarmen kolektiboak adierazten duen bezala. Baina hori ez dute bete, eta subrogazioa ez da gauzatu.

Harrezkero, zerbitzua emateko hitzarmena behin baino gehiagotan luzatu da, eta langileen lan-baldintzak okertu dira; ratiorik eza, itundutako plazak baino erabiltzaile gehiago, etab. Langileen lan-osasuna hilero jokoan jartzeraino. Gogoratu behar da Landalan enpresa urteetan sektoreko hitzarmen kolektiboa errespetatu ez duen enpresa dela, eta Bizkaiko Foru Aldundiak, hori guztia jakin arren, beste alde batera begiratu duela.

Egoera zaila izango delakoan, ekainean sindikatuek bilera eskatu zioten Amaia Antxustegi Ziardari, Bizkaiko Foru Aldundiko Gizarte Ekintzako arduradunari, baina ez dugu erantzunik jaso. Batzordeak gutun bat bidali dio diputatu berriari, gertatutakoaren kronologia azalduz eta horri buruzko erantzun zentzudunak eskatuz. 2023ko abuztuaren 1ean erregistratutako gutun horrek ere ez du erantzunik izan. Baina erantzun bakarra zentroa ixteko iragarkia eta 19 langileri aplikatutako EEEa izan dira.

Bizkaiko Foru Aldundia eta Amaia Antxustegi Ziarda dira horren guztiaren arduradunak, baita Landalan enpresa ere, ia 20 urtez lan baldintza oso gogorretan lan egin duten langileak kalean utzi nahi baitituzte. Egoera ezagutu eta langileei zentroa irekita mantentzeko emandako hitza ez betetzeagatik errudun dira. Errudunak, pixkanaka lantokia desegin dutelako. Eta langileek zein egoiliarrek salatu dituzten bizitza- eta lan-egoera negargarriak, langileen lan- eta bizi-proiektuekin jolastuz, urteetan zehar egoera zein zen jakin arren, beste aldera begiratu izanaren errudunak dira ere.
Beste behin ere argi geratu da publikoak izan beharko luketen eta aldundiaren mende dauden zerbitzuen pribatizazioak langileen miseria dakarrela. Horregatik, langileok mobilizazio-ziklo bat hastea erabaki dugu, langileen eta egoiliarren lan- eta bizitza-baldintza duinen alde, lanpostuen alde eta kaleratzeen aurka. Horretarako, greba mugagabea deitu dugu irailaren 12tik aurrera, eta ekintza ezberdinak egingo ditugu gaurtik aurrera”.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...