LOSUren ezarpenaren aitzakiarekin UPV/EHUko irakasle eta ikertzaileon lan baldintzak okertzeko arriskuan aurkitzen gara, ordezkapen politika jada murriztua are gehiago oker baitaiteke oraindik Ordezko irakasle irudi berriarekin.
EHUk erabaki du arduraldi osoko irakasle-ikertzaileen ordezkoak lanaldi partzialekoak izango direla nahiz eta irakasle-ikertzaileen lan-hitzarmenak eta 41/2008 dekretuak arduraldi osokoak izan daitezela ahalbidetzen duten. Beraz, arduraldi osoko irakasle-ikertzaileen ordezkoei askoz jota soldata osoaren % 34,29 ordainduko zaie (kasurik onenean, hau da, beraien irakaskuntza zama % 75ekoa denean) eta gizarte segurantzan proportzio berdinean kotizatuko dute, plaza hutsak betetzen dituzten irakasleak salbu. Beraz, ordezkoen urteko soldata gordina 7.584 € eta 11.360 € artean egongo da, astean emandako klase kopuruaren arabera. EHU jada hasi da amatasun baimen zein bajen ordezkapenak era horretan egiten!
Jokabide hau guztiz onartezina da eta gure indar guztiarekin aurre egingo diogu. Areago, uste dugunean badirela irtenbideak berme juridikoarekin ordezkapenak osokoak izaten jarraitzeko borondate politiko eta negoziaziorako prestutasuna baino eskatzen ez dutenak.
Ordezkapen politika honek irakasle-ikertzaile GUZTIEN lan-balditzetan eta sailen irakaskuntza ahalmenean izango du eragina, eta gainera lan-hitzarmena eta lan-poltsen akordioa larriki urratzen ditu, zeintzuetan partzialtasuna murrizteko neurriak adostu ziren.
Ordezkapen politika berriak ondorio larriak izango ditu:
– lanaldi partzialean jardungo duten irakasleen kopurua handituz, arduraldi osoko irakasle baten herena kobratuz, alegia, soldata 800 €tik beherakoa izango da,
– ordeztu eta estali gabeko kreditu kopuruak handituz, irakasle guztion irakaskuntza zama ere gogortuz,
– irakaskuntzaren antolaketa lana zailduz Sailei, irakaskuntzaren beraren kalitatearen kontura zenbait kasutan (handituko dira, besteak beste, ikasgai batean hainbat irakasle edukiko dituzten ikasgaiak, askotan, gaian adituak ere ez direnak izango).
Honen atzean EHUk egiten duen Ordezko irudiaren interpretazio hertsia eta mugatua dago, baina baita Eusko Jaurlaritzaren Unibertsitate Publikoa finantzatzeko politika murritza ere, oso urruti dagoena Estatuko Unibertsitate Sistemaren Lege Organikoak berak agintzen duen ortzimugatik: BPGren %1a, 2030 urterako. Gaur egun, Eusko Jaurlaritzaren ekarpena % 0,4an dago.
Honen aurrean, LAB, STEILAS eta ELA sindikatuok ondorengoa exijitzen dugu:
- Lanaldi osoko Irakasle eta Ikertzaileen lanpostu guztien ordezkapen guztiak (baimenak, bajak, nahitaezko eszedentziak, zaintzarekin lotutako eszedentziak, …) lanaldi osoko kontratuekin betetzea.
- Lanaldi partzialeko kontratu kopurua murriztea, lan-hitzarmenean eta lan-poltsen akordioan kontratu horiek metatzeko lanaldi osokoak sortzeko mekanismoak aplikatuz.
- Lanaldi partzialeko kontratuei soldata duina ezartzea klaseen prestakuntza eta zuzenketa lanak, oinarrizko koordinazioa eta kudeaketa, formakuntza eta irakaskuntzari loturiko ikerketa kontuan hartuz.
- Eusko Jaurlaritzari modu esanguratsuan gehitzea EHUri bideratutako finantziazioa lan baldintza duinak bermatu eta zerbitzu publiko egokia emateko modua izateko eta UPV/EHUko zuzendaritzari finantzazio gehigarri horren beharra adieraztea eta publikoki lan egitea haren alde.
Horregatik guztiagatik eta baita urtez urte jasan dugun eros ahalmenaren galera eta lan baldintzen okertzea salatzeko (erretiroen hitzarmena bertan behera uztea, zentroen itxierak, ….) LAB, STEILAS eta ELA sindikatuok, adierazten dugu gure asmoa mobilizazio dinamikak abiatu eta, negoziatzeko borondate eta planteamendu argirik ezean, Greba deialdia ere egiteko irailetik aurrera, ikasturte berriaren hasierarekin batera.