2024-07-16
HomeEkintza SindikalaEHUko ordezko irakasleentzako baldintza duinak bermatzea premiazkoa eta ezinbestekoa da

EHUko ordezko irakasleentzako baldintza duinak bermatzea premiazkoa eta ezinbestekoa da

Duela urtebete inguru abiatu genuen Unibertsitate Sistemaren Lege Organikoaren aurrean (USLO edo LOSU bezala ezagunagoa egin
dena) Euskal Herriko Unibertsitateak izandako jarrera murriztaileak sortutako ondorio prekaritzaileen aurkako borroka. Bada, errektoretzari nahiz Eusko Jaurlaritza berriari exijitu diegu behingoz har ditzatela egoera konpontzeko beharrezko neurriak.

Honez gero, aski ezaguna egin da, lege horretaz UPV/EHUko Errektoretzak egindako interpretazio murriztailearen ondorioz, bertako irakasle eta ikertzaile askok ordezkapenak gehienezko 800 eurotako soldata baten truke egiten ditugula; kasu gehienetan, eman beharreko irakaskuntza-orduak lanaldi osoko irakasle batek dituen orduen pareko direnean. Aski ezaguna da ere, unibertsitateko irakasle karrera bat egiteko guztiz beharrezkoa dela ikertzea eta, kasu askotan, inolako aitorpen eta laguntzarik gabe egitera behartzen gaituztela. Gainera, gogoratu behar dugu USLOk berak ikerketa ESKUBIDE eta BETEBEHAR gisa ezartzen duela irakasle-
ikertzaile guztientzat.

Akaso ez dira horren ezagunak egoera horrek urte luze honetan Euskal Herriko unibertsitate publiko nagusian sortutako ondorioak. Baldintza ekonomiko prekarioak direla eta, ordezkapenak ez dira betetzen. Hainbat kasutan ikasleak denbora luzez egon dira klaseak behar bezala jaso gabe ordezkoen faltagatik. Beste hainbatetan, gainerako irakasleek ordezkatu behar izan dituzte sortutako hutsuneak, beraien lan zama biderkatuz. Denbora tarte honetan ere, hainbat lankide beraien lanpostua uzten ikusi ditugu, egoera honek sortutako etorkizun faltaren ondorioz. Gelditu diren ordezko kide gehienen egoera benetan tamalgarria da, gehienez 800 eurotako ordainsaria osatzeko bestelako lanak bilatuz baina apenas denbora librerik gabe karrera akademikoaren exijentzia mailaren ondorioz. Aspektu material horiez gain, lan baldintza prekarioek arrisku psikosozialak areagotzen dituzte eta langileen osasunean duten eragina ikusi dugu gure lankideen artean. Zergatik eta, doktore tesiak, nazioarteko egonaldi luzeak, inpaktuzko aldizkari zientifikoetan argitalpen ugariak eta bestelakoak jasotzen dituen urteetako esfortzu guztiak kasu askotan ez duela ezertarako balio ikusi dutelako, errektoretza talde honek USLOz egindako interpretazio murriztailearen ondorioz. Unibertsitate honetako arduradunei bikaintasunaz hitz eginez bete izan zaie ahoa, baina bertako irakasle eta ikertzaileen eskubideak etengabe zapaltzen ikusi ditugu, ordezkoen kolektiboaren existentzia bera ukatzeraino.

Baina urtebete honetan guztiak ez dira atsekabeak izan. Ordezkoekin hartutako erabaki murriztaile hau pizgarria izan da unibertsitatean dinamika mobilizatzaile bati ekiteko; ikasturte honetan bost greba egun egin ditugu orotara, bi irakasle-ikertzaileen kolektiboko aldarrikapenak erdigunean jartzeko eta beste hiru unibertsitate osoan, sektore publiko guztian bezalaxe, ematen ari diren atzerapausoak salatu eta negoziazioari ekiteko. Urte asko egin behar dira atzera unibertsitatean horrelako gatazka maila batekin topo egiteko. Arestian aipatu bezala, egoera ez da gutxiagorako izan. Dinamika honen ondorioz, errektoretza taldea arazoa bera ukatzetik inora eraman ez duten promesak egitera pasa da. Duela hilabete batzuk gatazka konpontzeko ate bat irekitzen zela aipatu zuen Estatuko Unibertsitate Idazkariarekin bildu eta gero, baina ez dugu emaitza aipagarririk ikusi. Ehundaka plaza berrien sorrera iragarri zuen, esan gabe horietako gehienak hurrengo urteetan eman beharreko jubilazioen aurrerapena baino ez zirela. Sortzen eta sortuko diren laguntzaile doktore plazekin ez da arazoa konponduko.

Leunduko du, neurri batean, ordezkapen gutxiago egingo direlako, baina ordezkapenak egiten jarraituko da, ezinbestekoak direlako eta ordezko irakasle horiek miseriazko soldatak jasotzen jarraituko dute, egiten dituzten aktibitate guztiak ordaintzen ez zaizkielako. Beraz, arduraldi partzialeko irakasleen soldatak duintzeko ezinbestez Eusko Jaurlaritzak 41/2008 dekretua aldatu behar du.

Hitz bitan, iruzur egin nahi izan digu egungo errektoretza taldeak, etengabe errepikatuz USLOk ez zuela beste ezertarako aukerarik ematen. Iruzurraren tamaina horrenbestekoa izan da, berriki jakin izan dugula, Granadako Unibertsitatean, esaterako, jardunaldi osoko kontratazioak egiten jarraitu dutela denbora honetan. Eskaera bera egin zion Eusko Legebiltzarrak duela hilabete batzuk EHUko zuzendaritzari, baina entzungor egin zioten. Egoskorkeria baten kontakizuna izan da urte honetan bizitakoa eta orain, agerian gelditu denean ordezkoentzat lan baldintza duinak jaso ditzakeen bestelako kontratazio politika egin daitekeela, ez dute atzera egin nahi, beraien itsukeria agerian geldituko litzatekeelako.

Edozein kasutan, berriro ere errepikatu nahi dugu lan baldintza prekarioen eta egindako murrizketen kontakizuna ez dela azken urte honetan hasi. Oso aspalditik datoz, baina egungo arduradunek horretan sakontzeko erabakia hartu dute. Lan-zama handitu digute azken urteotan eta hurrengo ikasturtean martxan jarriko duten JARDUN sistemarekin gehiago handituko dela aurreikusten dugu.

Horrez gain, plantillaren ezegonkortasuna oso handia da eta, gainera, kolektibo ezegonkorrenak sistematikoki diskriminatzen dituzte, egoera are gehiago okertuz (behin-behineko irakasle-ikertzaile kolektibo batzuei ikerkuntza-seiurtekoak ukatuz eta lanaldi partzialekoei irakaskuntza-bosturtekoak ukatuz). Bestalde, ikertzaileen prekarietatea nabarmena da hasierako etapetan eta karrera egitea oztopoz beteta dago.

Egoera honen aurrean errektoretza taldeak mutu nahi gaitu; miseriazko egoera honetara ohitzea nahi du, irakasle eta ikertzaile otzan eta apalak bezala. Baina berriro ere adierazi nahi dugu egoera hauei aterabiderik aurkitu ezean, hurrengo ikasturtean berriro ere kalera aterako garela egoera hau salatzera. Unibertsitatearen eta gobernuaren erantzukizuna da ordezkoen inguruan eurek beraiek sortu duten arazoari konponbidea ematea eta ez dugula etsiko hori lortu arte. Hartara, dei egiten diogu errektoretzari baita Eusko
Jaurlaritza berriari ere, eman beharreko pausu guztiak eman ditzaten egoera zentzugabe eta diskriminatzaile honekin amaitu eta ordezkapenak zentzuzko baldintzetan (soldata eta lan baldintza duin eta ez prekarizatzaileak) egin daitezen.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Etxeko langileentzako hitzarmen duinaren premia azpimarratu dugu Madrilen

LAB sindikatutik, joan den uztailaren 10ean, Oxfam Intermonek antolatutako etxeko langileen lan-baldintzei buruzko jardunaldietan parte hartu genuen, estatu mailako 18 erakunderekin batera.

Greba hasi dute Arabako Foru Aldundiko suhiltzaileek

Lehenengo deialdiak 3 aste iraungo du, abuztuaren 4ra arte, eta aurreikuspenen arabera, uda osoa iraungo du Arabako Foru Aldundia ez bada negoziatzera esertzen suhiltzaileen egiturazko arazoak konpontzeko.

Hedatzen patronalari eta Gipuzkoako Foru Aldundiari Gipuzkoako Esku-hartze Sozialeko hitzarmenean jasotakoa betetzeko exijitzen diegu

Gaurko egunerako ordainduta beharko lukete soldata igoerak eta atzerapenak, baina ez da hala gertatu.