2024-12-22
HomeIrakaskuntzaHezkuntzaEHUko langileen prekarizazioa eta diskriminazioa salatu dugu ikasturte hasiera ekitaldian

EHUko langileen prekarizazioa eta diskriminazioa salatu dugu ikasturte hasiera ekitaldian

EHUk 2021-2022 ikasturteari hasiera emateko ekitaldia egin du Donostian. Bada, honen aurrean, mobilizazioa egin dugu EHUrako finantzazio nahikoa eskatu eta unibertsitate publikoko langileen prekarizazio eta diskriminazioa salatzeko: “Irakasle askok lanaldi partzialeko kontratuekin jarraitzen dute EHUn, kanpoan beste lan bat izan gabe, 400-700 euro hileko soldatekin bizitzen”.

Hauxe da LABek igorritako oharra, mobilizazioaren harira:

Berriro ere, EHUko ikasturte hasierako ekitaldian erronkak eta erresilientzia, bikaintasuna eta beste hainbat hitz polit entzungo ditugu ordezkari instituzional batzuen ahotan. Hala ere, eta pandemiak sortutako zailtasun berriez gain, badaude egoera batzuk pandemia aurrekoak zirenak, pandemian mantendu direnak eta pandemia garaitzean mantenduko direnak, haiekin bukatzeko neurriak ez badira hartzen.

EHU barruko errealitate gordin horiek ez dira berriak, eta ez dira egunkari eta albistegien berriak ere. Hedabideetan ez zaio zabaltzen euskal gizarteari EHUn dagoen prekaritate eta diskriminazioaren berri.

Irakasle askok lanaldi partzialeko kontratuekin jarraitzen dute EHUn, kanpoan beste lan bat izan gabe, 400-700 euro hileko soldatekin bizitzen. Irakasle partzialek era sistematikoan ordaindutako baina lan zama handiagoa dute. Irakaskuntza eta tutoretza baino ez zaie ordaintzen, nahiz eta kasu gehienetan beste ezinbesteko jardunak ere burutu (formazio-ikastaroak jaso, klaseen prestakuntza, kudeaketa, ikerketa…). Praktika oker batzuk aldatzeaz gain ezinbestekoa da soldata hain baxuak ezartzen dituen 41/2008 dekretua aldatzea, eta horretan Eusko Jaurlaritzak ardura nagusia dauka.

Doktoretza aurreko ikertzaile askoren kasuan oraindikez zaizkie ordaindu EHUk zor dizkien atzerapenak, Ikertzaileen Estatutu berriak ezarritako baldintza berriak direla eta. Ikertzaile berrien soldatak murritzak dira. Unibertsitatearen bikaintasuna behin eta berriro aipatzen digute, neurri handi batean ikerketan oinarrituta, baina ikerketa egiten hasten direnentzat lan-baldintzak prekarioak dira.

Salbuespen batzuk kenduta (hutsik dagoen lanpostu iraunkor bat okupatzen duten aldi baterako irakasleak), iraunkorrak ez diren irakasle eta ikertzaileei ukatu egiten zaie ikerketa seiurtekoak eskatzea, osagarri hauek jasotzeko meritu nahikoa izan arren. Kasu askotan beren lankide iraunkorrek haiekin batera eginiko ikerketa-jardunen lanak aurkezten dituzte ebaluatua izateko, baina aldi baterakoei ukatzen zaie aukera hori. Langileen arteko diskriminazio argia da, konpon daitekeena (beste unibertsitate batzuetan, egin den bezala,) baina EHUko Zuzendaritza taldeak ez du arazorik langileen arteko diskriminazio hau mantentzeko.

Administrazio eta Zerbitzuetako Pertsonalaren (AZP) kasuan,urte luzez lanean ari diren ehun langileren lanpostuek kontsolidatu gabe jarraitzen dute. Aurrekontu ez nahikoaren arrazoi nagusia den arren, Zuzendaritzak nekez presionatzen du Eusko Jaurlaritza beharrezko finantziazioa lortzeko.

Bestalde, EHUren zerbitzu baten baino gehiagotan, langile kopuru ez nahikoekin ari da lanean, eta kontratuak urtero berriztatzen dira, langile publikoen etorkizuneko lan-harremana eta bizitza nahierara moldatuz, ezinegonean.

Hala ere, urte luzetan, lanpostuen Zerrendako plaza gehienak ez dira LEPetan eskaini, eta aldi baterako langileek bete dituzte, lege iruzurrean. Eta orain Zuzendaritza iragartzen eta negoziatzen ari den enplegu eskaintzetan ez du inolako borondaterik erakutsi eskainiko diren lanpostu horietako langileei inolako egonkortasun akordiorik eskaintzeko, ezta are gutxiago, kontsolidazio proposamenik mahai gainean jarri eta negoziatzeko. 

Hauxe da EHUko Zuzendaritza erakusten ari den arduragabekeria AZPko plantillarekiko. Hauxe ere, EHUko sindikatu gehienak, antza, onartzeko prest daudena. 

Aurrekoa gutxi ez balitz, UPV/EHUko Zuzendaritza 2020ko aurrekontuan izandako 3 miloiko defizita 2021ekoan “orekatzeko” prest dago, gastuak txikituz zehazteke dauden murrizketak eraginez. Noiz eta Urkullu buru duen Eusko Jaurlaritza Euneiz unibertsitate pribatu elitistari bide emateaz gain, 12,5 miloiko dirulaguntza zuzena luzatzeko prest dagoen une berean. Lotsarik ez dute EAJ/PNVk eta PSEk!!

Horregatik beharrezkoa da, ikasturte hasiera honetan, EHU barruan mantentzen diren prekarietate eta diskriminazio egoera hauek eta beste batzuk salatzea eta haiekin bukatzeko exijitzea,  horixe baita unibertsitate publiko bikaina erdiesteko ezinbesteko baldintza. LAB sindikatua tinko mantenduko da aldarrikapen hauetan, orain arte egin duen bezala.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...