2024-12-22
HomeEkintza SindikalaEHUko Gobernu Kontseiluaren aurrean jubilazio akordioak ez deseustatzeko eta plantillak gaztetu eta...

EHUko Gobernu Kontseiluaren aurrean jubilazio akordioak ez deseustatzeko eta plantillak gaztetu eta egonkortzeko exijitu dugu

UPV/EHUko Gobernu Kontseiluaren gaurko bilerako 5. puntuan, “Giza Baliabideak Arrazionalizatzeko I. Plana. Erretiro egoerara igaroteko neurriak” izenburuan, langileen jubilazioa sustatzeko indarrean dauden akordioak deseustatzeko proposamena baino ez dagoela salatu dugu goizean Bizkaia Aretoaren aurrean egin dugun elkarretaratzean. Horretaz gainera, gobernu kontseilukideei gutun irekia igorri diegu, unibertsitateko zuzendaritzak langileen eskubideen aurka hartu duen neurria azalduz, eta puntua kentzeko eskaerarekin bat egin dezaten, benetako negoziazio bati bidea emanez. 

Iragarri bezala LABek mobilizazioak burutu zituen pasa den ostiralean Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan enplegu publiko duina aldarrikatuz, langile publikoen eros-ahalmena bermatzeko exijituz eta akordio arrotzak salatuz. UPV/EHUko langileok ere parte hartu genuen mobilizazio horietan, azkenaldian EHUko zuzendaritzak langilegoari inposatu nahi dizkion murrizketak salatzeko.  Urriaren 14koa murrizketa hauen inguruan LABek abiatuko duen mobilizazio kanpainaren abiapuntua baino ez da izan.

Murrizketa horien artean, EHUko zuzendaritzak ikasturte berriarekin batera aurkeztu digun erretiroen pizgarriak murrizteko proposamena da egun hauetan garrantzia berezia hartu duena. Iraila eta urrian zehar erretiroen inguruko batzorde teknikoak egindako bileretan aurkeztu zaizkigun akordio proposamenetan argi geratu da zuzendaritzak alde sozialarekin ezer adosteko inolako asmorik ez duela. 

Asmo onik gabeko “negoziazioak”

Hasieratik lan eskubideen aurkako erasoa baino izan ez dena, asmo onik gabe burututako negoziazio bilera hauen bidez mozorrotu nahi izan du administrazioak, hauek “porrot” eginda, urriaren 20ko Gobernu Kontseiluan “Giza Baliabideak Arrazionalizatzeko I. Plana. Erretiro egoerara igaroteko neurriak” delakoa aldebakarrez onartzeko. Itxurakeria hutsa izan da burututako prozesua, EHUk, Eusko Jaurlaritzaren eskutik, Madrildik ezarritako bere langilegoaren aurkako inposizioa, bere egin eta lotsagabe aurrera eramateko. 

LABetik gogor salatzen dugu unibertsitateko agintariek eta Eusko Jaurlaritzak espainiar aginduekiko erakutsitako morrontza. Harritzekoa da, halaber, estatu mailako zenbait sindikatuk gai honen aurrean erakutsi duten zinismoaren zenbaterainokoa. Inongo lotsarik gabe, egun batean Madrilen, lau haizetara zabaldu duten Gizarte Itunaren baitan, Espainiako Gobernuarekin erretiroen atzerapena saritzen eta sustatzen duen akordioa sinatu ostean, hurrengo egunean, gurean, beraiek Madrilen sinatutako akordioaren inplementazioa bilatzen duten neurrien aurka, negoziazio mahaietatik altxatu eta aldarrikapenik, ustez, sutsuenak egiteko, UPV/EHUko langileen aurrean egin dutena ezkutatu nahirik. Hori dela eta,LABek ez du sindikatu hoien deialdiekin bat egin.

Benetako negoziazio bat exijitzeko eta planteatzen zaizkigun murrizketei aurre egiteko LABek mobilizazio dinamika bati ekin dio. Urriaren 14ko mobilizazioetan abiatu genuen dinamika hau eta gaur, urriaren 20ko Gobernu Kontseiluaren aurrean, kontzentratuz eman diogu jarraipena. Eta gaurtik aurrera ere, unibertsitate publikoak dituen arazo larriak —prekarietatea eta plantillen zahartzea— salatzen jarraituko dugu, baita irtenbideak bilatzeko benetako negoziazioetan parte hartzen ere.

Amaitzeko Euskal Herrian eta, bereziki, UPV/EHUn bestelako gehiengo sindikalak badirela gogoratu nahiko genuke. Eta oraingoz, premiak eta aipatutako baldintzek hala eskatuta mobilizazioei geure kabuz ekitea erabaki dugun arren, ez dugu baztertzen, aurrerago, elkarbanatutako irakurketa baten inguruan beste indar sindikal batzuekin bat egitea. 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...