2025-12-17
HomeEkintza SindikalaEgungo zerga sistema patronalaren neurrira egina dago eta zerbitzu publikoak nahiz herritarrak...

Egungo zerga sistema patronalaren neurrira egina dago eta zerbitzu publikoak nahiz herritarrak babesteko sakoneko aldaketa beharrezkoa da

Hego Euskal Herriko zerga sistemaren inguruko txostena publiko egin dugu, eta bertan adabakiak alboratu eta sakoneko erreformaren beharra azpimarratu dugu. Azken hamarkadetan kapital errenten ekarpena mantendu den bitartean langileok jasandako presio fiskala biderkatu da. Garaia da balantza aldatu eta gehien duenak gehiago ordain dezan bermatzeko.

Aipaturiko txostena, Ikusmiranen 15. alea, esteka honetan eskura daiteke: https://www.iparhegoa.eus/wp-content/uploads/2023/12/Ikusmiran15_2023_12_EUS.pdf

Ogasunen bilketan hazkundea iragarri berri dute Gipuzkoa, Bizkaia eta Araban. Baita aldi baterako Fortuna Handien Gaineko Zerga adostu berri ere azken bi hauetan. Nafarroa Garaiko Parlamentuan aldiz, abenduaren 21ean zenbait zerga aldatzeko eta beste zerga neurri batzuk hartzeko Foru Legea onartuko da. Batean zein bestean adabakiak eta aldaketa txikiak baino ez ditugu ikusten, norabide aldaketarik gabe eta benetako eztabaidaren muinera jotzeko aukerarik eman gabe.

Eztabaida konplexu gisa saldu ohi digute zergei dagokiena, baina oinarrian dagoena sinplea da. Patronalaren aldeko politika fiskala egiten da edo langile jendearen interes eta beharrak lehenesten dira. Hamarkadetan zehar lehenari bide eman zaio, eta horrek egun dugun egoera lazgarrira ekarri gaitu.

Arnas luzeko eraldaketak behar ditu gure herriak hurrengo hamarkadetan. Pandemia eta haren ondorioen erdian, gerra testuinguruak biderkatzen ari dira, larrialdi ekologikoaren eraginak handitu eta arrakala sozialak areagotzen ari diren unean gaude. Herritarrak zaindu eta babesteko, kalitatezko zerbitzu publiko indartsuak beharrezkoak ditugu. Ehun sozioproduktiboan eman beharreko aldaketak egiteko, esku hartze publikoa funtsezkoa izango da, eta pentsioetan, osasungintzan, hezkuntzan, etxebizitzan nahiz zaintza krisiari erantzuna emateko sistema publiko komunitarioaren eraikuntzari bide emateko inbertsio publikoa nahitaezkoa zaigu.

Guzti horretarako, gure lurraldean sortzen den aberastasuna modu justuan bildu eta birbanatzeak lehentasun politikoa behar du izan. Europar Batasuneko presio fiskaletik urrun gaude oraindik eta horrek gure eremu publikoa ahultzen du. Baina ez da hori bakarrik, hemen dagoen arazo nagusiena da gehien dutenek egiten duten ekarpena oso murritza dela, eta egindako azterketan argi ikusi daiteke kapital errentei presio fiskala biderkatzeko aukera eta tartea egon badagoela.

Borondate politiko kontua da. Zerga sistemaren erreformari heldu behar zaio, ez dago aitzakiarik. LABen egin dugun azterketan bildu ditugu azken hamarkadetako joera nagusiak, eta baita sindikatuaren proposamenak ere.

AZKEN ALBISTEAK | ĂšLTIMAS NOTICIAS

Langileon Donostia eraikitzera goaz!

Donostiar gehienon lan eta bizi baldintzak etengabe okertzen ari dira eta eraiki hitza da azken aldian gure hirian hitzetik hortzera dabilena. Turismoan oinarritutako postalezko hiria da eraikitzen ari direna, hain zuzen ere, gutxi batzuen interesak hiritarron beharren gainetik jarrita.

Presoen etxeratze bidea ezin da gehiago atzeratu

ELA, LAB, ESK, STEILAS, CGT/LKN, CNT, HIRU, EHNE eta Etxalde sindikatuek elkarretaratzeak egin dituzte gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, “Ezin da gehiago luzatu,...

Zerbitzu publikoetan euskaraz lan egin eta bizi ahal izateko bermeak exijitu ditu LABek Nafarroako Parlamentuaren aurrean

Euskarafoboak diren alderdi eta sindikatuen aurrean, euskaraz lan egitea eta euskaraz artatua izatea eskubide gisa tinko defendatzeko ordua da. Horregatik, Nafarroako administrazio publikoetan euskarak...