2024-12-25
HomeEkintza SozialaEgungo sindemia eta krisi ekologiko testuinguruan ekosozialismoaren aldeko apustuan berresten gara, aldatzeko...

Egungo sindemia eta krisi ekologiko testuinguruan ekosozialismoaren aldeko apustuan berresten gara, aldatzeko garaiz gaudela iritzita

Irailaren 24an klimaren aldeko ekintza globala dago deituta, eta, bizi dugun sindemia eta krisi ekologiko testuinguruan, trantsizio ekosozialista eta feministaren aldeko apustuan berretsi da LAB, Donostian elkartu den Nazio Biltzarrean. Norabide honetan mobilizazioetan parte hartzera dei egin du sindikatuak.

Klima larrialdiaren alarma guztiak piztuta abiatzen dugu ikasturtea, udan Kanadan egondako muturreko beroa eta Mediterraneoko suteak adierazle argiak dira. IPCCren txostenaren berri izan dugu gainera: Klima aldaketa errealitate bat dela eta jada atzera ezinezko aldaketak eman direla aipatu du. Datorren hamarkadan negutegi efektuko gasen erroko murrizketa bat ematen ez bada berotze globalak 1,5 edo 2 graduak gaindituko ditu. Hori gutxi balitz, planetaren muga biofisikoak gainditzen ari gara: erregai fosilen edota material kritikoen agortzea, ekosistemen degradazioa… larrialdi ekologikoa ertz askotakoa da.

Kapitalismo heteropatriarkal eta ekozidaren bilakaerak ekarri gaitu honaino, eta gainera, desberdintasun sozialak areagotzea ere badakar: migrazio behartuak eta pobrezia energetikoa dira bi adibide. Elite ekonomiko eta politikotik sustatzen ari diren berdez margoturiko proposamenak ez dira inolaz ere alternatiba, europar funtsekin ikusten ari garelarik nola kapitala erreproduzitzeko bide berriak diren helburua eta ez krisi ekologikoari aterabide sozial eta demokratiko bat ematea. Argindarraren prezioaren igoerarekin milaka langileren bizitzak estutzen ari direnei zuzenduriko funtsak ez dira alternatiba bat.

Argi diogu: egungo sistema ez da bateragarria ez planetaren muga biofisikoekin ez eta justizia sozialarekin. Aldaketak gertatu gertatuko dira, horiek zein norabidetan ez zeinen mesedetan emango diren da disputan dagoena. Gure iritziz beharrezkoa da langile klasea erdigunean jarriko duen trantsizio ekosozialista eta feminista bat bultzatzea. Erroko aldaketa bat beharrezkoa da, lan produktibo eta erreproduktibo guztiak berrikusiko dituena eta bizitza bizigarriak erdigunean jarriko dituena: Gutxiago lan egin, denok lan egin; beharrezkoa produzitu eta erreproduzitu energia kontsumo eta hondakin ahalik eta gutxienarekin; dena (lana, zaintza, ondasunak…) birbanatu. Trantsizio horri heltzeko sektore estrategikoen kontrol publikoa eta burujabetza ezinbesteko zutabeak dira. Euskal Herrian beharrezkoak ditugun energia eredua, elikadura sistema, zerbitzu publiko-komunitarioak, lan-harreman eredua, zaintza sistema… erabakitzeko tresnak behar ditugu. LABen Programa Sozioekonomikoan bide hori jorratzeko proposamenak jaso ditugu. 

Era berean, beharrezkoa ikusten dugu aldaketa horiek bultzatzeko agenda sozial bat eraikitzea Euskal Herriko mugimendu soziosindikal guztiarekin batera. Ez dago denborarik, eta Euskal Herritik ere orain ekin behar diogu. LABetik bide horretan jarraitzeko konpromisoan berresten gara. Aldatzeko garaiz gaude, langileok ekosozialismoa!

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek grebara deitu du Linacal iturgintza enpresan, zuzendaritzak langileei entzungor egiten jarraitzen duela uste baitu

LAB sindikatuak Barañaingo (Nafarroa) Linacal iturgintza enpresako zuzendaritzaren jarrera onartezina salatu nahi du, langileek euren lan baldintzak hobetuko dituen enpresa itun bat negoziatzeko eginiko...

Munduko Medikuen zuzendaritzak EEE bat proposatu du langile guztien %25 kaleratzeko

Entitateko Langileen Legezko Ordezkaritzak ez ditu aintzat hartzen zuzendaritzak emandako arrazoiak, eta EEEa justifikaziorik gabea eta prebentiboa dela adierazi du.

EITBko zuzendaritzak euskaraz ez dakien pertsona bat izendatu du helburuen artean euskara sustatzean duen hedabide bateko zuzendari

EITBko zuzendaritza nagusiak eitb.eus eta Social Media atalerako zuzendari berria hautatu berri du, EITBren webgune berrien sorkuntza prozesua amaitzeko. Pertsona horren ardura izango da, eitb.eus zuzentzeaz gain, jaiotzear den atari digital berria abian jarri eta horren zabalkundea gidatzea.