2025-03-28
HomeEkintza Sindikala"Egonkortasuna denontzat BAI, segurtasun juridiko falta EZ"

“Egonkortasuna denontzat BAI, segurtasun juridiko falta EZ”

Hezkuntza kontseilariak Nafarroako Parlamentuan agerraldia egin du azaltzeko Ingelesez Ikasteko Programako irakasleak egonkortzeko proposamena. Horren karietara, Irakaskuntzako sindikatuok (LAB, Steilas, ELA eta UGT) elkarretaratzea egin dugu, lelo honekin: “Egonkortasuna denontzat BAI, segurtasun juridiko falta EZ”. 

Sindikatuon oharra:

Nafarroako irakasle funtzionarioen lanpostuak hautatzeari eta betetzeari buruzko foru legearen zirriborroak xede hau du: irakasleen talde bat sortzea (foru funtzionarioak), atzerriko hizkuntzaren eskakizuna dutenak, eta Nafarroako Administrazio Publikoaren mendean baizik ez daudenak; gainerako irakasle funtzionarioak estatuaren mendekoak dira. Beraz, eginkizun berdinak eta lan-eskubide desberdinak dituzten bi irakasle mota sortuko dituzte.

Hori da Nafarroako administrazioak eta, bereziki, Hezkuntza Departamentuak hogei urtez egindako plangintza negargarriaren ondorioa. Horrenbestez, saiatu dira egiten LEP berezi eta berariazko bat, irakasleen kidegoetara sartzeko eta espezialitate berriak eskuratzeko erregelamendua onesten duen otsailaren 23ko 276/2007 Errege Dekretuarekin talka egiten duena.

Arras kezkatzen gaitu erabat baztertzailea den foru lege berri honen bidez egonkortze plazetara iristen diren funtzionarioek izan dezaketen ziurgabetasun juridikoak; izan ere, baldintza gisa, Nafarroako eta Estatuko hizkuntza ofizialen gainetik egonen den atzerriko hizkuntzaren titulazioa eskatuko du, eta hori, noski, Konstituzioaren aurkakoa izan daiteke.

Sindikatu garen aldetik, urte asko daramatzagu Hezkuntza Departamentuari eskatzen egiturazko lanpostu guztiak egonkortzeko eta Europako Zuzentaraua betetzeko, bitartekotasuna % 8tik beherakoa izan dadin, hori baita Nafarroako irakaskuntza publikoari benetako kalitatea emateko modua. Hala ere, uste dugu egonkortze hori ezin dela nolanahi gauzatu, gainerako irakasle funtzionarioen araudiak kontuan hartu gabe eta, orobat, gehituz langileen egonkortzea zailtzen duten baldintzak.

Horregatik, sindikatu sinatzaileok eskatzen diogu Hezkuntza Departamentuari egiazko negoziazio bat bideratzea hezkuntza publikoko irakasle guztiak egonkortzeko, eta aipatutako lege proiektua Parlamentuko izapidetik kentzea.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Euskararen arloan indarraldira pasatzeko unea iritsi da

Justizia injustuaren aurrean, borroka da bidea.

Euskal instituzioek armagintza sektorearen aldeko industria politikei ematen dieten babesa salatu du LABek

Sindikatuak protesta ekintza egin du Bilbon, SPRIren egoitzaren aurrean, Palestinarekin elkartasunez eta industria genozidioaren kontura egiten ari den negozioa salatzeko. Era berean, kezka erakutsi du armagintzan inbertitzea, ustez, merkatu aukera bikaina dela dioen argudioaren aurrean. Europar Batasuna eta elite ekonomiko eta politikoak Europa berrarmatzeaz ari direnean, argi izan behar dugu ez dela aberastasuna berbanatzeko politika fiskala bultzatzen; aldiz, mugak militarizatzen jarraitzea eta armagintza industriako enpresei diru gehiago bideratzea nahi dute, politika sozialak murriztuz, zerbitzu publikoak ahulduz eta mundu mailako langile-klasearen prekarizazioan sakonduz. Berrarmatze-politika hauek bake- eta elkarrizketa-kulturaren aurrean lehenesteak, ustezko defentsa eta segurtasunaren izenean, gerrak eta gatazkak areagotzea dakar, Palestina gordintasun osoz jasaten ari den moduan. Espoliazio, genozidio eta suntsiketa politika kolonialista hauek Gazan 50.000 pertsona hiltzea ekarri dute, 1,9 milioi pertsona indarrez lekualdatzea eta Gazako lurraldea guztiz suntsitzea. Guzti horrengatik, LAB sindikatutik euskal eta europar politikek Gazako genozidioarekin eta Palestinako biztanleria bere lurraldetik kanporatzeko dauden asmoekin duten konplizitatea salatu nahi dugu. Premiazkoa da Israel behartzea su-eten bat aldarrikatzera eta horretarako sionismo genozidarekin dauden akordio eta lotura guztiak apurtu behar dira. Era berean nazioarteko komunitateari exijitu behar zaio konponbide integralerako beharrezko mekanismoak martxan jar ditzala, Palestinaren autodeterminazioa eta preso eta errefuxiatuen etxera bueltatzea bermatzeko. Beharrezkoa eta premiazkoa da paradigma aldaketa integrala, baita euskal industria politikan ere, Europan indarrean dagoen belizismoaren aurrean. Funtsezkoa da ReArm Europe programa baztertzea eta Euskal Herritik, bake- eta elkarrizketa-kulturak bultzatzea gatazka politikoen konponbiderako mekanismo moduan.

EAEko hezkuntza publikoko irakasleek gaur Donostia hartu dute

Greba zikloaren 7. grebak jarraipen zabala izaten jarraitzen du