2025-03-25
HomeEkintza PolitikoaEgoerak sakoneko aldaketak eskatzen ditu: enplegua, zaintza eta ondasunak banatzea

Egoerak sakoneko aldaketak eskatzen ditu: enplegua, zaintza eta ondasunak banatzea

Gaur Biztanleria Aktiboaren Inkestaren datuak egin dira publiko. Hego Euskal Herrian aurreko hiruhilekotik nabarmen egin du gora langabe kopuruak, 4.500 langabe gehiago, 124.400 langabe orotara.

Datu zehatzak aztertuz, emakumeen langabezia izan da igoera handiena jasan duena. Izan ere, igo den langabe kopuruaren % 95,55 emakumeak dira, 4.300 pertsona hain zuzen ere. Datu hori bat dator sektorekako azterketa kontuan hartzen badugu, zerbitzuen sektorea izan baita langabezia igoera handiena jasan duena. Zerbitzuetan daude sektore feminizatu gehienak, sektore horiek dira enplegu ezegonkorrena sortzen dutenak. Koiunturaren arabera inpaktu azkarrena jaso eta gora beherak pairatzen dituzte enplegu horien ezaugarriengatik: behin- behinekoa edo enplegu ezegonkorra eta, oro har, prekarioa. Erabili eta botatzeko enplegua da, merkatuaren arabera sortu eta desagertzen dena: urte garaiaren arabera, edo sortzen diren krisi desberdinen arabera.

Bestetik, langile migratuen langabezia tasa izugarria azpimarratu behar dugu, tasa orokorraren (% 10,44 Nafarroako Foru Erkidegoan eta % 8,69 Euskal Autonomia Erkidegoan) hirukoitzera iritsi baita hiruhileko honetan (% 31,69 eta % 24,24 hurrenez hurren). Langile migratu eta kasu askotan arrazializatuek pairatzen dituzte lan merkatuaren ondorio ankerrenak: esplotazio maila altuenak, lan prekarioak eta langabezia zein pobrezia tasa altuenak ere bai. Maiz lan baldintza horiek legez kanpo egon arren, atzerritarren legearen ondorioz sortzen den errealitatea da, kapitalak esku-lan merkea baliatzen baitu irabaziak handiagoak metatzeko.

Epe-luzeko langabeziari dagokionez, azken urteetan gero eta langile gehiago daude egoera honetan, urte bete edo gehiago lan bila. 2020an langabetuen % 40,30 baziren, 2022an % 53,86ra igo da, langabe guztien erdia baino gehiago epe luzekoak izanik. Lan merkatu dinamiko bat saldu nahi badigute ere, datuok argi erakusten dute egoera estrukturala dela eta behin langabezian egonik, lanpostu bat lortzea oso zaila dela, hainbat baldintza determinanteak izanik: adina, ikasketa maila, sexu-generoa, jatorria…

Egoera larria da. Langabeziak gora egin du, inflazioak gora, erosahalmenak behera, pentsioen errebalorizazio ez- nahikoa… Eta arazoaren muinera jo ordez langileon soldata jarri da jo puntuan patronalaren eta instituzioak kudeatzen dituzten alderdien aldetik.

Gaur, nazioarteko lan osasunaren eguna da. Bada garaia langileon beharrak, langileon osasuna, erdigunean kokatzeko. Igandean mundu osoko langileriak kaleak beteko ditu Maiatzaren Lehenean, langileon eskaera eta aldarrikapenen bozgorailu izango da. Erronka globala da, baina herrialdez herrialde gauzatu beharrekoa. Euskal Herrian egin ahal izateko estatu tresnak behar ditugu: Euskal Lan Kodea eta Euskal Gizarte Segurantza. Burujabetza eskuratu behar dugu, Madrilen eta Parisen posible ez diren aldaketak Euskal Herrian gauzatu ahal izateko. Egin dezagun posible.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LAB sindikatuak Eusko Legebiltzarrera eraman du Enplegu Zentro Berezietako EAEko lehen lan hitzarmenaren beharra

LABeko Enplegu Zentro Berezietako ordezkariek agerraldia egin dute gaur Eusko Legebiltzarrean. Izan ere, abenduaren 3an Enplegu Zentro Berezietako lehen lan hitzarmena negoziatzeko mahaira deitu zuen LABek. Mahai horretarako bi deialdi egin ostean, ordea, patronalak bere ardura hartu gabe jarraitzen du, eta ez da lortu mahaia eratzea.

Euskal Herriak Kapitalari Planto Osakidetzaren pribatizazioaren aurka mobilizatuko da

Martxoaren 31n mobilizatuko da Bilbon, 11:00etan, Areilza Doktorea kaleko anbulategiaren aurrean.

Udalerriko Eguneko Arretarako Landa Zentroko langileen lan-baldintzak sektore publikokoekin parekatzeko eskatzen dio LABek Amurrioko Udalari

Aspaldi bideratu zuen LAB sindikatuak bere ekintza sindikala eta negoziazio kolektiboko estrategia zaintza sistema publikoa lortzera. Hego Euskal Herriko administrazioei pribatizatutako zaintza langileen publifikazioa exijituz eta zaintza zerbitzuen kudeaketa publikoa aldarrikatuz.