2024-12-23
HomeZerbitzu PublikoakEnplegu PublikoaEgoerak identifikatu eta langile kolektibo anitzak kontutan hartuko dituen Enplegu Egonkortze Eredu...

Egoerak identifikatu eta langile kolektibo anitzak kontutan hartuko dituen Enplegu Egonkortze Eredu propioa arautuko lukeen legea eskatzen diogu Jaurlaritzari

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioetan behin-behinekotasuna eta ziurgabetasuna da nagusi langile publikoen artean. Salbuespen egoera batean aukitzen garela argi dago eta LABek argi dauka egoera horren erantzuleak botere publikoak izan direla. Hala, agerraldi bat egin dugu, Gasteizko Legebiltzarrean beharrezkoak diren neurriak har ditzaten eskatzeko. Prentsaurrekoa eman dute Zerbitzu Publikoen Federazioko idazkari Gorka Berasategik, Irakaskuntzako Aitor Nuñezek, Osakidetzako Bego Aranzastik eta Eusko Jaurlaritzako Ainhoa Guemesek.

Salbuespen egoera larrian gaude euskal administrazioetan. Enplegu publikoaren eremuan egin diren politika publikoen ondorioz, langileen ikuspegitik anabasa eta ezegonkortasuna nagusi da erakunde ezberdinetan. Orokorrean, behin-behinekotasun tasa %40 inguruan kokatzen dela esan dezakegu. Badira 20 urte baino gehiago deialdi publikorik egin gabe dauden eremuak, eta ez nolanahikoak. Eusko Jaurlaritzaren administrazio orokorreko teknikarien kasuan adibidez, 2000. urtean izan zen azken deialdia.

Hau guztiak behin-behinekotasunari beste ezaugarri batzuk gehitzera ekarri du. Hamarkadez behin-behinean dauden langileak biderkatzen dira, beraien plaza egonkortzeko inolako aukerarik izan ez dutelako. Adineko eta aintzinatasun luzeko behin-behineko langileen kolektiboa gero eta handiagoa da. Hezkuntza Saileko sukalde eta garbitzaileen eremuan, kolektibo horrek emakume aurpegia dauka, baita hezkuntzako heziketa berezian ere.

Gobernuak Madriletik etorritako debekuak aitzakia gisa jartzen ditu. Debekuak ordea, ez dira arrazoi bakarra izan. Debekurik ez zegoenean ere euskal administrazioetan ez ziren beharrezkoak ziren lanpostu deialdi publikoak gauzatzen. Gure ustez, zerbitzu publikoak ahuldu eta pribatizazioaren joera indartzeko estrategia garbi baten gatibu egon gara Euskal Herrian ere.

LABek, behin eta berriz, enplegu planen beharra aldarrikatu du. Tamalgarria da Eusko Jaurlaritzak enpleguaren gaian daukan jarrera. Propaganda egin eta iritzi publikoa bereganatu zenbaki potoloetako deialdi publikoak iragarriz. Gure ustez jarrera hori arduragabea da eta ez dio inolaz ere euskal administrazioetan dagoen egoerari erantzuten. Argi eta garbi esan behar dugu urteetan bakante egon diren eta dauden lanpostu guztiak deialdi publikora atera behar direla. Baina oso garbi daukagu ere, deialdi horiek, aurretik azaldu dugun egoera kontutan hartuta egin behar direla. Lanpostua egonkortzeko aukera aitortu behar zaie urteetan lanpostu horietan egon diren pertsonei, beti ere administrazioan sartzeko garaian berdintasun eta gardentasun printzipioak eman baziren.

Estatuan enpleguaren egonkortze prozesuak egiteko aukera zabaldu da 2018ko aurrekontuen onarpenaren ondorioz. Bertan erabaki dena inposizio hutsa da guretzat, ez dio euskal administrazioetan bizi dugun egoerari erantzuten. Horren ondorioz, estatuaren araberako legeria aplikatuta, EAEko administrazio handietan kaleratze masiboak egon daitezkeela ohartarazi nahi dugu. Eusko Jaurlaritzak badaki hori eta muzin egiten dio daukan ardurari. Gobernuak nahiago du propaganda egiten jarraitzea, milaka langile interinoren egoera kontutan hartu gabe.

Horregatik guztiagatik Eusko Jaurlaritzari bere ardura hartu dezan exijitzen diogu, berak sortutako egoera konpondu dezan alegia. EAEn administrazioetan egonkortze prozesuak egiteko tresna legal propioak behar ditugu, egoerak sortzen dituen beharrei aurre egingo dietenak. Horretarako, Legebiltzarrera lege proposamen bat aurkeztu dezala eskatzen diogu Gobernuari, bertan administrazioetan dauden egoerak identifikatu eta langile kolektibo anitzak kontutan hartuko dituen Enplegu Kontsolidazio Eredu propio bat arautzea exijitzen diogu. Motzean hainbat gaiekin egingo duen bezala, enpleguaren egonkortasunerako lege propioa beharrezkoa daukagu.

LABek ez du inolaz ere onartuko politika neoliberalek sortutako egoera bat langileen bizkarrean jartzea. Milaka langile eta pertsonen egoera kolokan dago eta hori botere publikoen ardura da. Tresnak badaude, borondatea da askotan falta dena.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...