2024-12-22
HomeOharrakEnplegu PolitikaEgoera sozioekonomiko ezegonkorraren adierazle dira langabezia datuak

Egoera sozioekonomiko ezegonkorraren adierazle dira langabezia datuak

Hego Euskal Herrian langabeziak jaitsiera apala izan du, aurreko hilabetean baino 357 langabe gutxiago baitaude, %0,25 murriztu da langabezia. Herrialdeka, Gipuzkoa eta Araban behera egin badu ere, Bizkaian 25 langabe gehiago daude eta Nafarroan 91 gehiago. 25 urtetik gorakoen kasuan ere, langabeziak gora egin du %0,30 eta adin tarte honetako emakumezkoen kasuan %0,58.

Arretaz aztertzeko beste datua sektorekako azterketan kokatzen dugu. Izan ere, zerbitzuetan langabeziak gora egin du eta Hego Euskal Herrian 968 langabetu gehiago daude sektore honetan. Aurreikuspenak bi norabidetan hautsi dira kasu honetan: batetik, turismoaren eraginez uda garaian zerbitzu zein ostalaritzan landunek gora egiten dutelako eta, bestetik, azken hilabeteetako joera apurtu delako; izan ere, azken hilabeteetan zerbitzu sektoreko landunek gorakada izan dute. Pasa den astean publikaturiko Biztanleria Aktiboaren Inkestaren arabera, 2022ko bigarren hiruhilabetekoan, komertzioan zein ostalaritzan, pasa den urteko datuen aldean %20,9 igo ziren landunak. Datuok egoera estruktural bilakatzen ote duten ikusteko, datozen hilabeteetako joerak gertutik jarraituko ditugu.

Hego Euskal Herriko langabezia tasa %8,87an kokatzen da, oraindik orain, Europar Batasuneko ekaineko bataz bestekotik (%6,6) gora.

Lan kontratuei dagokionean, uztailean sinatu ziren 98.090 kontratuetatik, %74,56a aldi baterakoak izan ziren eta mugagabeak, aldiz, %25,44.

Azken hilabeteetan errepikatzen ari gara, enpleguaren kalitatea bilakatu zaigula kezka iturri nagusia, prekarizazio eta ezegonkortasuna ahalbideratzen duten adierazle nagusienek gora egin baitute, estruktural bilakatuz: emakume eta gizonen arteko arrakala, langile migratuen langabezia tasa altua zein jatorriaren araberako diskriminazioa, lan baldintza kaxkarrak dituzten sektoreetan okupazioak gora egitea, epe luzerako langabezia… Bada, gaur gaurkoz Hego Euskal Herruian langabeziak modu apalean behera egin badu ere, hainbat joera hausten ari dira, langabeziaren goraka zenbait lurralde, sektore zein jendarte-eremuetan kokatuz (25 urtetik gorako emakumeak, etorkinak, zerbitzuak sektoreak…). Honi guztiari gehitu behar zaio oinarrizko elikagaien garestitzeak, KPI-aren etengabeko igoerak, soldata zein pentsioak neurri berean ez igotzeak, interes tasen igoerak (…) gure erosahalmenean sortzen duen galera.

Testuinguru ekonomiko, politiko eta sozial ezegonkor baten aurrean gaude eta epe motz-ertainean ez du hobera egingo langile klasearentzat. Horren adierazle ere bada lan zentroetako konfliktibitatea, irailetik aurrera areagotuko dena aurreikuspen guztien arabera. LAB sindikatuak langile guztien lan eta bizi baldintzak hobetzeko borrokan jarraituko du, inork sostengatu ezin duen sistema errotik aldatzeko.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...