2024-12-22
HomeLAB SindikatuaGaurkotasunari begiradaEgoera politiko, sozial eta ekonomikoaren LABen irakurketa 2013ko azaroaren 7an

Egoera politiko, sozial eta ekonomikoaren LABen irakurketa 2013ko azaroaren 7an

Gatazkaren konponbiderako prozesuaz


Gertakari nagusiak

– Herriaren kontrako operazioa.
– Manifestazio jendetsua operazioa salatzeko, presoen aldeko dinamika kriminalizatzea salatzeko eta presoen eskubideen aldeko lanari segida emango zaiola adierazteko. Tantaz Tanta dinamika indarberriz bultzatu eta artikulatzeko balio izan duen manifestazioa.
– Epaiketa politiko berriak martxan jartzen dira Madrilen. Libre dinamika zabaltzen eta indartzen da epaiketa hauei erantzunez. 
– Parot doktrina indargabetzen duen epaia Estrasburgotik eta Ines del Rio eta beste preso politiko batzuen aske uztea hasi da. 
– Biktimak gogor ateratzen dira gobernuaren aldetik edozein urrats eragozteko helburu argiarekin.
– Donostian alketeen konferentzia egiten da konponbide prozesua hauspotzeko.
– Mexikon Aieteko Adierazpena babesteko eta agenda politikoan berriro ere kokatzeko urratsa.
– Gipuzkoan “justizia transizionala” deritzonari buruzko jardunaldia Diputazioaren eskutik.

Presoen auziak zentralidade osoa hartu du azken hilabeteetan. PPk Herrira kolpatzea erabaki zuen Parot doktrinaren epaiaren bezperan; ezker abertzalea ilegalizazioarekin berriro mehatxatuz bide batez. 

Datozen aste eta hilabeteetan biziko ditugun momentuak baldintzatzeko erasoa da gure ustetan, sententziak pitzadurak sortu ditzakeelako Estatuan. Espetxe politika behingoz aldatzeko exijentzia indartu dezake eta indartu behar du. Espetxe politika aldatzea eskatzen du batzuen iritziz, Estrasburgotik etortzen den agindua izateak urratsa behingoz emateko aukerak eskaintzen dizkio PPri beste batzuen ustez. 

Estatuak bere betiko tresnak erabili ditu momentu hau kudeatzeko, bere posizioa finkatzeko eta besteena baldintzatzeko: Herrira kolpatzea, mehatxuak mahai gainean berriro jartzea, mehatxuak sinesgarriak egitea operazioari dimentsio mediatiko handia emanez, biktimak kalera ateratzea, alarma soziala sortzea medioen aldetik…

Konponbide prozesuaren aldeko ekimenak ez dira falta izan hala ere, konponbide prozesuak agenda propio eta sendoa eduki behar duelako prozesua usteltzea bilatzen duten gobernuen gainetik. Aieteko Adierazpena da erreferentzia, bertan finkatzen baitira konponbide prozesuan eman beharreko urratsak eta jorratu beharreko lerroak. Aieten marraztutako prozesua egiteko bidea non dagoen da momentu honetan klabea.

Azken hilabeteek erakutsi dute bidea hemen dagoela, Euskal Herrian. Oso bistakoa da prozesua aurrera aterako bada euskal eragileen ekimenez izango dela. Estaturik gabe (Espainia, Frantzia) ez dago gatazka betirako eta behar bezala konpontzerik, baina Estatua konponbidera ekarri behar dugu eta hori Herri honek egin behar duen borrokaren emaitza izango da. 

Prozesua nabarmen azkartuko litzateke PNV eta instituzioak borroka honen partaide izanez gero, hori da gure ustez erronka momentu honetan.

Eremu politiko – instituzionalaz


Gertakari nagusiak

– Independentziaren aldarria nabarmen indartu da Diadaren ondorioz.
– Euskal Herrian burujabetzaren bidea jorratzeko iniziatiba berriak hartu dira: Euskal Bidea, Gure Esku dago.
– PNVk aldebikotasuna aldarrikatzen du alderdi egunean Katalunyak nabarmen indartu duen bide propioaren aukera baztertuz (eta euskal herritarrei aukera hori ukatuz).
– PNV, PSE eta PPren paktu politikoa egonkortasun instituzionala ziurtatzeko eta euren politika ekonomiko-sozialak nagusitzeko instituzio guztietan.
– Krisi instituzionala nagusi Nafarroan baina aldaketarik ez kurtso hasieran. UPNk abertzaleen eta abertzaletasunaren kontrako lerroa indartu du mamu zaharrak aztinduz eta berriak asmatuz (Ikurriñaren afera kasu).
– Lebranchu ministroak Euskal Herrira egindako bisitan “Batera”ren protesta izan du eta Lurralde Elkargoaren aldeko sektoreek bizkarra eman diote
– Frantses Estatuak ikastolen kontrako jazarpenari jarraipena eman dio Hendaiako eta Beskoitzeko kasuen haritik. Beskoitzeko auzapezak uko egin die subprefetaren eskakizunei.
– Estatutuaren eguna igaro da EAEn eta soilik PP-k egin du ahalegina gaia lehen planora eramateko, saioa apala edozein kasutan. PNV-PSE-PP paktuak status politikoaren gaia indargabetu duenaren isla garbia.

Instituzioek gaur duten erantzukizun nagusia Euskal Herriak behar dituen aldaketa politiko eta sozialak bideratzea da. Aldaketak behar direla bistakoa da, krisi orokor eta sakon baten erdian gaudelako. Eta aldaketak modu demokratiko batean burutu beharko liratezke bizi dugun krisi politikoa benetan konpontze bidean jarri nahi badugu.

Bertako instituzio nagusiak, inguruko instituzioak bezala, kontrako bidea egiten ari dira. PNVk egin paktua politikak ez aldatzeko paktu politikoa eta UPNk paktu hori Nafarrora eramatea proposatu dio PSNri. Paktuak hiru elementu jasotzen ditu: ez dira gaur arteko politikak auzitan jartzen, politika ekonomiko eta sozialak gaur arte bezala finkatzen dira (parte hartze sozialik gabe) eta politikak instituzioetan aldatzeko bidea itxi egiten da hiruen artean gehiengoa ziurtatzen delako.

Politika fiskala adostu dute eta aurrekontuak aurrera ateratzea ziurtatzen du itunak. Krisi instituzionala errepikatzeko aukerarik ez dago, beraz. Egia da politika instituzionalei begirako Ituna dela, ez da “Estatu itun bat”. Baina horrek ez dio garrantzia eta larritasuna kentzen PNVren hautua eta jokamoldea zein den erakusten duelako.

Aldaketa politiko eta sozialen premia geroz eta handiagoa izanik, aldaketa horiek gaurko instituzioetatik lortzeko aukerak geroz eta urriagoak dira kurtso hasierari begiratuz gero. Aldaketa prozesuari bultzada berria herri ekimenean eta herriaren kemenean dago beraz. EH Bilduk Euskal Bidea egiteko eskaintza luzatu du kurtsoaren hasieran, baina erantzun positiborik ez dago eremu politikoan. Eremu sozial eta sindikalean gure bide propioa egiteko borondatea egon badago, baina marraztear dago oraindik zein den eta zertan datzan bide hori.

Egoera ekonomiko eta sozialaz


Gertakari nagusiak
– Eredu politiko eta sozioekonomikoa aldatzeko erreformek bere bidea egiten jarraitzen dute, LOMCE eta Pentsio Erreforma nagusi. 
– Politika propioak eginez egungo politikak aldatzeko aukera baztertu dute Gasteiz eta Iruñeako Gobernuek. 

o Politika ekonomiko eta sozialak benetan aldatzeko bidea itxi du PNVk PSEren laguntzarekin eta PPren babesarekin.
o UPNk bereari eutsiko diola adierazi du eta berreskuratu du UPN-CEN-CCOO-UGT erregimena. Uztailaren 5ean kontzertazio soziala aldarrikatzen eta berreskuratzen duen akordioa sinatu zuten eta hor itxi da ELA-LABekin batera gehiengo sozial ezkertiarra osatzeko egin ziren keiunak bi sindikatu hauen eskutik.
 
– Diskurtsoak kontrakoa esaten badute ere, egoera ekonomikoa geroz eta larriago da:
o Itxierak jarraitzen dute eta zutabe ekonomikoak izan diren enpresak erortzen ari dira bata bestearen atzetik.
o Fagorren krisiak dimentsio berezia du:
• Bere tamainak eta garrantziak kate luzea ekarriko du inguruan eta beretzat lan egin duten guztiengan.
• Hartzen dituzten erabakiak MCCren bilakaera markatuko dute.
• Koperatiben inguruko eztabaidetan halabeharrez eragingo du etorkizuneko eredu ekonomiko eta soziala eraikitzear dagoenean.
– Enplegu suntsiketak jarraitzen du eta guztiz nagusitu da miseriazko enpleguaren hedapena.

– Guzti honek eragin zuzenak ditu negoziazio kolektiboan:

o Auzia irekia dago, abenduaren 31 da hurrengo data.
o Jarrera sindikal guztiak enpresa eremura desorekatzen ari dira akordio intersektoriala ezinezkoa delako eta herrialdeko hitzarmenen desblokeoa ez delako negoziazio mahaietan konponduko.
o Patronalak ofentsiba politiko eta mediatiko indartsua eginez hasi du kurtso berria.
o Jaurlaritzak negoziazio kolektiboa bien (patronal eta sindikatu) arteko kontua dela argi adierazi du, duen erantzukizuna bereganatu gabe.
– Pobrezia zabaltzen ari da neurririk gabe: Euskal Herrian 10 langiletik 4 pobreak dira jada, eta hauetatik 2 lan munduan daude.

– Eskubide Sozialen Kartaren eztabaida herrietara eramateko batzarra burutu da. Eztabaida prozesua gorpuzten hasi da eskualdez eskualde egiten ari garen lanari esker. 
– Mobilizazio soziala handia izan da urrian. Izaera guztietako manifestazioak egon dira, eraso guztiei izan dute bere erantzuna eragileen ekimenez (LOMCE, prentsio erreforma, negoziazio kolektiboan, bazterketa soziala salatzeko ekimenak…)
– Alternatiba eguna ospatu zen Baionan Bizi mungimenduak antolatuta, klima aldaketaren gaiaren harira alternatiba orokrrak lantzeko. Ipar Euskal Herriko eta frantses estatuko milaka lagunekin eta Hego Euskal Herriko mugimendu sozial alternatiboen presentzia kualitatiboarekin

Egoera ekonomikoa ez da hobetzen eta soziala nabarmen okertzen ari da. Datu guztiak erakusten dute alarma egoeran gaudela herritarren bizi baldintzei begiratuz gero. Erantzuna soziala eta borrokarako prestutasuna dagoela ikusi dugu berriro kurtso hasiera honetan, baina kalera ateratzea erabaki duen indar hori guztia bide artikulatu batean kokatzea derrigorrezkoa da aldaketak behartu nahi baditugu.

Eskubide Sozialen Karta izan behar da aldaketa sozialak bultzatzeko eta behartzeko egitasmo nagusia. Aliantza sozial zabal eta sendoa eraikitzeko bitartekoa izan behar du hor dagoelako eraldaketa prozesu bat bultzatuko duen kontrabotere bat artikulatzeko gaitasuna.

Sektore ekonomiko ezberdinak eredu sozioekonomiko berri baten eraikuntzara ekartzeko premia bistan geratu da ere azken hilabeteetan. Fagorren itxierak herri gogoeta eskatzen du; negoziazio kolektiboaren egoera eta egoera ekonomikoan izango dituen ondorioak herri premien ikuspegitik aztertu behar dira ere; egoera ekonomikoaren kontrola eskuratzeko bitarteko faltak sakoneko erabaki politikoak hartzea eskatzen du… Herri estrategia baten premia bistakoa da eta norabide horretan urratsak ematea derrigorrezkoa dugu egoerari buelta emateko. Kurtso hasierak erakutsi du hau dela gaur dugun erronkarik garrantzitsuena bestela ezinezkoa izango dugulako plan oso batekin jardun gure etorkizunerako erabakigarriak izaten ari diren urte hauetan.

Testuinguru sindikalaz


Gertakari nagusiak

– Negoziazio kolektiboaren aurrean sindikatu bakoitzak bere jarrera eta estrategia finkatu du. Ez dago aliantzarik, ezta benetako eztabaidarik ere.
– ELA eta LABen artean desberdintasunak agerikoak dira negoziazio kolektiboan, baina agenda soziala mantendu dugu. Bi sindikatuak batera agertu gara urriko mobilizazio guztietan.
– CCOO eta UGTren krisia erabatekoa da Estatuan: EREak egitura murrizteko leku gehienean, korrupzioa Andaluzian… Hemen egoera ez da guztiz berdina baina:

o Espaziorik gabe geratu daitezke Karta Sozialak zentralidadea hartzen badu alternatibaren eztabaidan-artikulazioan.
o Herrialdeko Hitzarmenen defentsan gaurko lerroa mantendu eta iniziatiba berriak hartzen ez badituzte.

– Nafarroan CCOO eta UGTk bere betiko jarrera eta paktuetara itzuli dira. Ez dira ezkerreko alternatiba eta gehiengo bat eraikitzeko bidailagunak izango.

Eskubide Sozialen Kartaren iniziatiba estrategikoa da, eskubide laboralak eta enplegua defendatzeko negoziazio kolektiborako lerroa berritzea estrategikoa da sindikatuontzat, politika instituzionalak salatzea eta aldaketak exijitzea derrigorrezko lerroa da jendartearen interesak defendatuko baditugu. Euskal sindikalgintzaren agendak funtsezkoa diren borrokak jasotzen ditu eta hori ezinbestekoa da langileei alternatiba bat eskaini nahi badiegu.

Egiten ari garena ezinbestekoa da, baina bistakoa denez, ez da nahikoa egoerari buelta emateko. Gaurko egoera aldatzeko eredu sozial berrira eramango gaituen bidea marraztu behar dugu, aldaketa soziala ekarriko duen bidearen inguruko eztabaida estrategikoa burutu behar dugu. Eredu berria eraikitzeko agenda oso bat behar dugu, ibilbide orri bat behar dugu politikak aldatzeko, gehiengo soziala antolatzeko eta artikulatzeko. Iniziatiba estrategikoak behar ditugu eredu berriaren zutoinak eraikitzeko. Sindikalgintzaren paperaz gogoeta sakona egin behar dugu. Borrokatzea derrigorrezkoa da, egoera ez delako aldatuko borrokarik egin gabe, baina egiten dugun borrokak aldaketa prozesua behartuko du borrokak ongi kudeatzen asmatzen badugu.

Gure eskubideak defendatzeko eta egoera aldatzeko baliatzen ari garen bitartekoak bi dira: negoziazio kolektiboa eta mobilizazio soziala. Biak ezinbestekoak baina biak emankorrak izango dira eraldaketa soziala helburu izango duen estrategia definitu baten zerbitzura jartzen baditugu. Eztabaida hori egitear dago oraindik sindikalgintza abertzalean.
 

Egoera politiko, sozial eta ekonomikoaren LABen irakurketa 2013ko azaroaren 7an

• Gatazkaren konponbiderako prozesuaz

• Eremu politiko – instituzionalaz

• 
Egoera ekonomiko eta sozialaz

• Testuinguru sindikalaz

       

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...