2024-12-22
HomeIrakaskuntzaHezkuntzaEgin dezagun Hezkuntzako beharrei begirako Lan Eskaintza Publikoa

Egin dezagun Hezkuntzako beharrei begirako Lan Eskaintza Publikoa

LAB, STEILAS eta ELA sindikatuok ikasturte honen hasieran Nafarroako Irakaskuntzako Mahai Sektorialean Administrazioak Bigarren Hezkuntzako oposizioak deitzeko egitasmoaren aurrean gure kezka eta kontrako iritzia adierazi nahi dugu. Hiru sindikatuok garbi adierazi dugu ganoraz aztertu behar dela zein den oraingo irakaskuntzako errealitatearen abiapuntua. 

Lehenik eta behin, egoeraren diagnosi sakon bat egin behar dela uste dugu, etorkizuneko beharrak identifikatzeko, eta, ondoren, ahalik eta oposaketa prozesu aberatsena aurkeztu (ahalik eta plaza gehien behar gehien duten espezialitateetarako…), ikasleek eta ikastetxeek ahalik eta lan talderik egonkorrenak eduki ahal izateko eta ehundaka langile prekarietate egoeratik atera ahal izateko, Hezkuntza publikoaren kalitatea bermatuz.

Ezin dugu ahaztu, alde batetik, murrizketak bertan behera geratuko balira irakasle kopurua handituko litzatekeela; eta bestetik, Europatik etorritako epaiaren aplikazioaren ondorioak plantiletan eraldaketa handia ekar dezakeela, besteak beste. Laburbilduz, lan taldeen osaketarako irizpideek hezkuntzako planifikazio orokorrari lotuak egon behar dutela.

Hezkuntza Departamentuak oraindik ez digu aurkeztu zein espezialitate deituko duen oposaketarako, zenbat plaza espezialitateko, nolakoa izanen den deialdia, gutxieneko berme juridikoak egonen diren aurkezten diren irakasleen eskubideak babestuak izan daitezen.

Iaz bezala azkar eta presaka egindako deialdia ez ote den izanen aurten ere sumatzen dugu, berriro irakasleen artean etsipena sortuko duena denboraz berandu ateratzen delako, behar den prestaketa baldintzatzen baitu.

Honela izanda, garbi esan nahi dugu ez dugula onartuko berriz arduragabekeriaz kudeatutako prozesua berriro eta hau ekiditeko lan egiteko konpromisoa berresten dugu. Gure ustez, jadanik epeak eta baldintzak Lan Eskaintza Publikoa (LEP) era egokian garatzeko ez dira betetzen: ahalik eta zabalena plaza kopuruari dagokionez eta kalitatezko irakaskuntzari erantzunen diona, hizkuntza eta lan eskubideak bermatzen dituena eta kontrako edozein estrategia juridikoa saihesteko modukoa.

LEP honen kudeaketa ezin da denboran gehiago luzatu inolako justifikaziorik gabe; ondorioz, goazen baldintza egokiak sortzera LEPa deialdia egin baino lehen: atera dadila LEPa ikasturte honetan baldintza egokietan eta datorren ikasturtean izan daitezela Bigarren Hezkuntzako oposizioaren azterketak.

Beraz, ez dugu ikusten ikasturte honetan Bigarren Hezkuntzako oposizioaren azterketak egiteko, ez baldintzarik ezta aukerarik ere.

Gobernuari berari gure eskua luzatu nahi diogu elkarrekin lan egiteko eta LEP honen ezaugarriak guztion artean lantzeko. Hau da, hemen dagoen gehiengo sindikalarekin batera legealdi honetarako Hezkuntzan egon daitezkeen erronka nagusien inguruan eztabaidatzeko aldebiko prozesua irekitzea eskatzen diogu. Horretarako gure prestutasun osoa eskaintzen diogu.

Hezkuntza Departamentuak aurreko prozesutik ikasgaia ikasita badu, aldi berean Nafarroako jendartearekin hartutako aldaketarako konpromisoa betetzeko asmorik badu, gure prestutasuna luzatu nahi diogu bidea elkarrekin egiteko.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...