2024-12-22
HomeEkintza SindikalaEAJk atea itxi dio EAEko hezkuntza sistemak behar dituen aldaketak egiteko legeari

EAJk atea itxi dio EAEko hezkuntza sistemak behar dituen aldaketak egiteko legeari

Elkarretaratzea egin dugu Gasteizko Legebiltzarraren aurrean, EAJk eta PSEk adostutako Hezkuntza Lege berriari ezetz esateko, ez baitio erantzuten egungo ereduak behar duen eraldaketari. “Euskal Herriaren zati honetan, Hezkuntza Sistemak behar dituen sakoneko aldaketarik ez da izango. Horretarako aukera emango lukeen legeari ateak itxi dizkio EAJk”, adierazi du Garbiñe Aranburu koordinatzaile orokorrak.

“EAJ eta PSEk onartu asmo duten hezkuntza legearen kontrako jarrera azaltzen dugu”, gaineratu du LABeko ordezkariak, “kontrako jarrera daukagu, hezkuntza eredua aldatzeko LABek eginiko ekarpenak ez direlako jasoak izan”.

Jarraian, LABek ortzimugan duen Euskal Eskola Publiko komunitario burujaberako trantsizioari ateak irekiko dizkion legea izateko egindako ekarpenak zerrendatu ditu:

  • Trantsizioa egin behar da, hezkuntza eskumen mugatuetatik, hezkuntza sistema burujabera. Euskal Herria badela aintzat hartuko duena eta Euskal Curriculuma egiturazko bilakatuko duena.
  • Trantsizioa, bi saretan oinarritutako hezkuntza sistema dualetik, sare publiko bakar, burujabe eta deszentralizatu berrira, eskola publikoa erdigunean jarriko duena.
  • Trantsizioa, euskalduntzen ez duten hizkuntza ereduetatik euskaldunduko duen murgiltze eta mantentze eredura.
  • Trantsizioa segregazioa eragiten duen eredutik inklusiboa izango den eredura.

Aranburuk gogoratu du, ekainean, Hezkuntza Sistema Publiko euskaldun eta burujaberantz jotzeko proposamenak egin zituen LABek, bi kontutan azpimarra jarriz. Batetik, euskalduntzean urratsak emateko zehaztasun handiagoak eskatu zituen, B2raino iristeko, EAJren arabera, lege honekin lortu nahi duen mailara. Horretarako gainditu egin behar dira hizkuntza ereduak, eta ez mantendu, Urkullu eta PSEk nahi duten moduan. “Euskara ikasteko eredu orokortu bat ere zehaztu behar da”, zehaztu du LABeko ordezkariak. Bigarrenik, egungo sistema duala gainditzeko proposamenak. Zuzenketak aurkeztu zizkion LABek Euskal Hezkuntza Zerbitzuari, bakarra eta deszentralizatua izango den sare publiko bakarreranzko trantsitzioa ahalbidetzeko.

Horretarako, funts publikoak jasotzen dituztenen eginbeharrak arautu behar dira, eta batez ere, eginbehar hauek ez betetzearen ondorioak zehaztu.

Beste neurri batzuk ere beharrezkoak dira, adibidez, titulartasun pribatuko zentro gehiago ez kontzertatzea plaza publiko nahikoak baldin badaude. Titulartasun partekatua arautzea, udal edo mankomunitateeen partehartzea ahalbidetuz zentroen titulartasunean, sare publiko bakarreranzko trantsiziorako tresna bezala.

“Ematen digu Hezkuntza Legearen inguruan gertatu den guztia ezin dela deslotu momentuko joko politikotik”, gaineratu du Araburuk, “EAJk lehentasuna eman dio PSErekiko duen aliantza eta honen botoak ziurtatzeari”.

Eta hain kaltebera eta garrantzitsua den hezkuntza bezalako gai batean egin du. “Hezkuntza Legea babesteko behar zuen garaikurra eman dio PSEri”, zehaztu du LABeko ordezkariak, “eta hori oso larria iruditzen zaigu, are gehiago egungo testuinguruan, euskararen normalizazioaren kontrako ofentsiba oso bat dagoen garaiotan”.

“EAJk arazo bat dauka. Ez du ulertu nahi patronalaren aldeko politika neoliberalen aldeko apostu bat egitean desgaste bat dakarrela berarekin. Hemen ez dago azpijokorik, hemen dagoena da jendea gogaituta dagoela”, zehaztu du.

Koordinatzaile orokorrak gaineratu du langileak ez datozela bat zerbitzu publikoak ahultzearekin. “Jendeak gero eta barneratuago dauka zaintza sistema publikoa behar dugula, antolatu egin behar garela aberastasunaren banaketa bidezkoagoa lortzeko, borrokan egin behar dugula soldata eta lan-baldintzak hobetzeko”.

EAJ eta PSEk EAEko Hezkuntza Legea urtea baino lehen onartuko dutela ere aipatu du, aldaketarik ez bada behintzat. “Amaiera ez da guk nahiko genukeena izan”, gaineratu du. “Hilabete intentsoak izan dira, mobilizazioak, ekarpenak, barne mailako bilerak, sindikatuen arteko eta hezkuntza komunitatea osatzen dugunon arteko ikuskera desberdinak etab. Hala ere, ez dugu zalantzarik, berriro ere berdina egingo genuke”.

Egindako lan eskergak utzi du emaitzarik. “Legeak ez ditu hezkuntza sistemak behar dituen aldaketak bermatuko. Edozein kasutan, horrek ez du hezkuntzako langileen lan baldintzak hobetzeko erdietsitako akordioaren garapena mugatzen” zehaztu du LABeko ordezkariak.

Eremu laboralean Hezkuntza Sailak, LABek eta Interinok taldeak egindako akordioa ere mintzagai hitz du, “LABek berau negoziazio mahai bakoitzean zehaztu eta garatu dadin Eusko Jaurlaritza interpelatzen jarraituko du. Sukaldari eta garbitzaileen eremuan lehen lorpen garrantzitsuak eskuratu ditugu eta beste mahaietan negoziazioak irekita daude”.

Hori bai, greba eta mobilizazioen aukera beti mahai gainean egongo da. “Guk argi dugulako, edozein akordio betearazteko eta zer esanik ez EAJrekin, praktikatzen dugun ekintza sindikal borrokalariak ematen digula indarra”, ohartarazi du.

Eskola jangeletako egoera ere aipatu du Aranburuk, pribatizazioaren ondorioak zeintzuk diren ikusi dugula zehaztuz. “Pribatizazioaren eraginez, guztiz feminizatua den sektore horretako emakumeen lan baldintzak prekarizatzen dira”.

“Eta onartezina da, gure haurren osasunarekin horrela jolastea, Hezkuntza Sailak, kalitatezko jana eta osasuntsu jaten dutela bermatu behar du. Hau, pribatizatua dagoen zerbitzu publikoa da, ez luke negozio egiteko lekua izan behar. Hezkuntzarekin eginiko akordio laboralean jasotzen zen moduan, jangelen aferari lehen bait lehen heltzeko konpromisoari eutsi behar zaio”, gaineratu du LABeko ordezkariak.

“Prozesu honetan guztian, batzuen berez betetzen den profeziara jolasteko joeraren aurrean, LABek gogor lan egin du ahalik eta legerik onena ateratzen saiatzeko. Mobilizatu egin gara eta eragiteko proposamenak egin ditugu”, adierazi du Aranburuk.

“Oso lan akordio garrantzitsua lortu dugu, negoziazio-mahaietara eramaten ari dena, eta dagoeneko fruituak ematen dituena. Lortu dugu lehen akordio handia sinatzea sukaldarien mahaian. Gainera, ziur gaude, lehenago edo geroago, gainerako sindikatuek bat egingo dutela bide horretan”, gaineratu du.

Amaitzeko, adierazi du “ez dugu lortu nahiko genukeen guztia hezkuntza-lege on bat izateko. Hezkuntza-sistemak behar duen eredu-aldaketari dagokionez, proposamen garrantzitsuenak hautsita geratu dira. Baina ez dugu zalantzarik, ahalegin bera, lan bera eta estrategia bera egingo genuke”.

“Argi daukagu, galtzen diren gudu bakarrak egiten ez direnak dira. Galtzen den borroka bakarra egiten ez dena. Jarraituko dugu, lantokietan, kalean eta instituzioetan borrokatzen, proposamenak egiten eta eragiten, hezkuntzan eta bestelako politika publiko eta soziolaboraletan”, amaitu du bere hitzartzea.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...