2024-11-25
HomeZerbitzu PublikoakAdministrazio ZentralaEAJ-k eta PSOE-k Gasteizen eta Madrilen beste txapuza bat egin dute milaka...

EAJ-k eta PSOE-k Gasteizen eta Madrilen beste txapuza bat egin dute milaka behin-behineko langileen bizi egitasmoekin

Behin-behineko langileen egoerari konponbide serio eta adostu bat bilatu ordez, EAEko agintariek atzo kidego eta eskalen legearen xedapen gehigarria onartzea lortu zuten Gasteizko parlamentuan. Honela, administrazio ezberdinetan ematen diren kasuistika ezberdinei (sarbidea, aukera berdintasuna, titulazioak, sektore feminizatuak, adina…) muzin egin eta lanpostuen kontsolidazioa lortzeko “merezimenduak baloratuz lortu ahal izatea” onartu zuten.

Esku batekin untxi hori ateratzen zuten bitartean, Madrilen beste eskuarekin zartada eman zuten, eta zuzenean bost urtez etengabe beteta izan diren lanpostuak merezimendu lehiaketa bidez finkatzea adostu dute. Berriro ere, behin-behineko langileen egoera alde batera gelditu da Madrileko Kongresuko pasiloetan. Irakurtzen dugunaren arabera, akordio honen bidez ez dira pertsonak kontsolidatuko, lanpostuak baizik. Bada, euskal administrazioetan sor dezakeen anabasa itzela izan daitekeela uste dugu.

Argi gelditzen da Gasteizko eta Madrilgo agintariei bost axola zaizkiela langileak eta euren ordezkariak, eta soilik erantzuten dietela Europatik edo epaitegietatik etor daitezkeen aginduei. Horrela, bi astakeria onartu eta langileen kexuei entzungorrarena egingo diote berriro ere.

Arazoa errepikatu egingo da urte gutxiren buruan, erretiro kopuruak handitzen direlako eta neurririk hartu nahi ez delako. Kontrakoa, bai, ordea, sektore publikoa husten eta pribatizatzen jarraitzen dute administrazioek, PNVrentzat eta PSOErentzat negozioa estrategikoa delako.

LABek behin eta berriro aldarrikatzen eta borrokatzen jarraituko du geure lege propioak Euskal Herrian adosteko, geure zerbitzu publikoak definitzeko eta indartzeko. Bide honetan ezinbestekoa da langileon egonkortasuna, eta horretarako administrazio eta enpresa publiko bakoitzaren errealitatearen arabera langile egiturak adostu eta urteetan behin-behinekotasunean dauden lanpostu guztiak behar bezala kontsolidatzeko.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.